Fukushiman egoera «oso larria» dela baieztatu du IAEAk

Japoniako Gobernuak segurtasun neurri zorrotzak ezarri ditu zentral nuklearretan, etorkizunean krisi nuklearrak saihestekoFukushima kontrolatzeko lanak utzi behar izan dituzte, erradiazioak gora egin duelako

Jon Fernandez.
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Lurrikarak eta tsunamiak Japonia astindu zutenetik ia hiru aste igarota, Fukushiman krisi nuklearraren alerta maila larrituz doa egunetik egunera. Egoera «oso larria» da IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren arabera, eta zentraletik 40 kilometrotara dagoen 7.000 biztanleko Iitate herria husteko gomendatu du, «kutsadura onartutakoaren bikoitza baita». Atzo, gainera, zentral nuklearra kontrolatu nahian dabiltzan 400 langileek euren egitekoa utzi behar izan zuten, inguruko itsas uretan eta erreaktoreetako turbinen eraikinetan erradiazioak gora egin duelako.

Bistan da TEPCO enpresa kudeatzaileak zailtasun handiak dituela erradiazio isuriak gerarazi eta kontrola berreskuratzeko. Zentraletik gertuko itsasoko urak duen iodo erradiaktiboa onartutako kopurua baino 3.355 bider handiagoa da. Hau da, 131 isotopoaren kontzentrazioa inoizko handiena da itsasoan. Erradiaktiboa izan arren, itsasoko ekosistemari kalterik ez diola egingo dio Japoniako Segurtasun Nuklearreko Agentziak. «131 iodoak zortzi eguneko biziraupena du, eta pertsonengana iristerako nabarmen hondatuko da».

Horrez gain, «arazo bat dela eta», lehenengo erreaktorearen turbinetan geratutako ur erradiaktiboa drainatzeko lanak eta bigarren erreaktorearen hoztea bertan behera geratu dira aldi baterako, TEPCOk iragarri duenez. Gainera, lau erreaktoreetan geratutako uraren erradiazio altuak hozte sistema martxan jartzea galarazi du.

Froga guztien arabera, lehenengo, bigarren edo hirugarren erreaktoreetako nukleoren batean fusio partziala izan dela uste du Japoniako Segurtasun Nuklearreko Agentziak, eta ez du baztertzen nukleoa eusteko hormetan arrakalak egotea. Hirugarren erreaktoreak, gainera, MOX izenez ezagutzen den plutonio eta uranio nahasketa erabiltzen du. Osasunarentzat uranioa eta zesioa baino askoz ere arriskutsuagoa eta toxikoagoa da plutonioa.

Segurtasun neurri zorrotzak

Erregai nuklearreko barrak hoztu eta egonkortzeko «denbora dezente»igaro beharko dela ohartarazi du Yukio Edano Japoniako Gobernuko eledunak, eta TEPCOk ere aste batzuk beharko direla esan du. Erregai nuklearreko barrak hoztea ezinbestekoa da eraikinak isolatu eta desegiteko.Izan ere, etorkizunean, zentral osoa desegin behar dela esan du gobernuak. Enpresa kudeatzailea, aldiz, ez dago guztiz ados, lehen lau erreaktoreak eraistearen alde badago ere, bosgarren eta seigarren erreaktoreei buruz ez baitu ezer esan.

Fukushimako zentral nuklearra kontrolatzeko «neurri alternatibo oro» ari da aztertzen gobernua. Kiodo informazio agentziaren arabera, zentralaren gainean tela berezi bat jartzea litzateke neurrietako bat, hartara, atmosferara partikula erradiaktiboak igortzea eragotziz. Beste neurri posible bat ur kutsatu guztia aldi baterako itsasontzi batean biltzea litzateke.

Oraingoz, segurtasun neurri zorrotzak ezarri dizkie Japoniako Gobernuak lurraldeko hamabost zentral nuklearrei, antzeko krisi nuklearrak saihesteko. Aurrerantzean, zentral nuklearrek energia sistema alternatibo bat eduki beharko dute, suhiltzaileen kamioiak prest eduki beharko dituzte, eta erreaktoreak zein hondakinen biltegiak hozteko sistemen mantentzea bermatu beharko dute, besteak beste. «Berehala eman beharreko pauso minimoak dira», Banri Kaieda Ekonomia, Merkataritza eta Industria ministroak dioenez.

Argindar kontsumoa murriztea da gobernuaren beste lehentasunetako bat. Udarako aurreikusten duten hornidura falta saihesteko, enpresa handietan argindarraren erabilera mugatzeko aukera aztertzen ari da. Ekonomia, Merkataritza eta Industria Ministerioak eta Lur, Azpiegitura, Garraio eta Turismo Ministerioak euren kabuz argindar kontsumoa murrizteko neurriak hartzeko eskatu diete industria arloko konpainiei.

Arevaren bisita

Japonian Fukushimako zentral nuklearreko egoera hobetzeko egiten ari diren lanetan laguntzera joan ziren atzo Tokiora Areva Frantziako energia nuklear taldeko hiru aditu. Areva izan zen, hain zuzen ere, Fukushimako hirugarren erreaktoreko plutonioa ekoitzi zuena. Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea ere Tokion izango da gaur Naoto Kan lehen ministroarekin bilera egin eta krisi nuklearrean Frantziaren laguntza areagotzea adosteko. Halaber, IAEAk segurtasun nuklearrari buruzko biltzarrera deitu du. Ekainaren 20tik 24ra bitartean egingo dute, Vienan.

Gehituz doaz lurrikarak eta tsunamiak eragindako biktimak. 11.258 lagun hil eta beste 16.344 desagertu dira, Japoniako Poliziaren azken zenbaketen arabera. Errefuxiatu zentroetan daude asko eta asko, eta Akihito eta Michiko Japoniako enperadoreek Tokion dagoen zentro horietako bat bisitatu zuten atzo, lehen aldiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.