Polizia zuri batek George Floyd afro-amerikarra hiltzeraino ito zuenetik, mugimendu antirrazista indartu egin da AEB Ameriketako Estatu Batuetan, eta arrazakeriari buruzko eztabaidek gero eta leku gehiago dute gizartean. Polemika ez da berria, baina, azken boladako indartze horren eraginez, Washingtongo Redskins futbol amerikarreko taldeak erabaki du izena eta irudia aldatzea, indigenak iraintzen dituztelako.
Daniel Snyder taldearen jabeak behin baino gehiagotan esan izan du ez zutela aldatuko taldeak 1933. urtetik izan duen izena, baina zenbait iragarlek presio egin dute horretarako. Nike, FedEx eta Pepsi marka handiek, besteak beste.
«Dan Snyder eta [Ron] Rivera entrenatzailea izenarentzako eta diseinuarentzako ikuspegi berri bat sortzeko lanean ari dira, gure frankiziaren lekua hobetzeko, eta gure iragarleak, zaleak eta komunitatea inspiratzeko datozen ehun urteetan», adierazi du taldeak astelehenean argitaratutako komunikatu batean. Washingtongoa NFL Futbol Amerikarreko Ligako talderik ospetsuenetako bat da.
Joan den astean, indigenen mugimenduko zenbait elkartek taldeari idatzi zioten izena aldatzeko eskatuz. Eskaera horretan adierazi zieten «adiskidetze sendo eta garrantzitsu» baterako prozesu bat abiatu nahi zutela taldearen eta mugimenduaren artean, taldearen izen «arrazistak» eragindako «biolentzia emozionala eta bestelako minak konpontzeko».
Politikariek ere eman dute euren iritzia gaiari buruz. Muriel Bowser Washintongo alkate demokratak esan du badela garaia «horrenbeste jende iraintzen duen» izena aldatzeko, eta Alexandria Ocasio-Cortez kongresukide latinoamerikarrak idatzi du «arraza justiziaren» alde egin nahi baldin badute izena aldatu behar dutela. Barack Obamak berak ere, AEBetako presidente izan zenean, adierazi izan zuen izena iraingarria zela.