Emozioa. Beltzez jantzitako emakume talde batek elkar besarkatzen du, hautsitako eraikin baten sarreran. Batzuek negar egiten dute; beste batzuek gure irrintzien antzeko oihuz azaleratzen dute euren poza. «Badakigu erronka itzelak izango ditugula aurten, baina inoiz ez naiz egon hain pozik ikasturte hasieran», dio Ahlam Saadik. Eta Lehen Hezkuntzako irakasle hori bezain kementsu daude gainontzeko lankideak.
Izan ere, Euskal Herriko hainbat tokitan haurrek eskola sartzea izan duten egun berean, Tripolin, Shoala eskolako irakasleek oporren osteko lehen eguna dute; haurrek oraindik bi aste badituzte eskolara itzuli aurretik. Azken sei hilabeteak oso gogorrak gertatu zaizkie denei, baina Libiako hainbat herri eta hiritan ez bezala, joan zen ikasturtea osorik eman zuten hiriburuan.
Munduko irakasle orok legez, ordutegiak, ikasgaien banaketa eta, funtsean, funtzionamendu orokorreko guztiak adostu beharko dituzte egunean zehar. Lehen erabakia, baina, hartu dute dagoeneko. «Eskolaren izena aldatzea erabaki dugu. Hemendik aurrera Aiman Tuman deituko diogu gure eskolari, Tripoliko lehen martiriaren omenez», dio Salwa Talak, kostata. Eta ez da harritzekoa: bezpera gaueko ospakizunek, Martirien plazan hain justu, ahotsik gabe utzi zuten.
Haren alboan Zeinab dago, Aiman Tumanen ama. Eskolako langilea da bera ere. «Katibek [Gadafiren miliziak] akabatu zuten, tiro batez, otsailaren 20an. 22 urte zituen. Eskola honetan ikasitakoa zen», gogoratu du 50 urteko emakumeak. Oroimena ezin mingarriagoa izan arren, Zeinabek negarrez —eta pozarren— hartu du bere taldekideen keinua, eskolari izena aldatzekoa.
Itxuraldaketa
Hamaika besarkada, negar eta irribarreren ostean, hamabost andereñoek eskolara sartzea erabaki dute azkenean. Egia da bakarren bat falta dela, baina, antza, ez dituzte faltan botako. «Jamahiria hezkuntzako irakasleak ez dira etorriko, ez gaur, ezta inoiz ere», azaldu digu eskolako zuzendari Jamal Tabik. Jamahiria hezkuntza —Gaddafiren ideologia jorratzen zuen irakasgaia— ezinbestekoa izan dute libiar umeek azken lau hamarkadotan.
«Gaddafiren jarraitzaile sutsuak izateaz gain, hemen zeuden irakasle bi milizietan sartu ziren gerra hasi zenean», dio Tabik.
Zuzendariak eskola ezagutzeko gonbita egin digu. Dagoeneko esanguratsuak dira oso bere bulegoan egindako aldaketak. «Gaddafiren erretratua gure aurreko paretan jarri behar genuen beti, eta inoiz ez atzean», gogoratu du Tabik, libiar matxinoen bandera erraldoi bat atzean duela. «Kolore alaiak ditu, eta, gainera, leihoetako bala zuloak estaltzeko ere balio du», dio gizonak, irribarretsu.
Bengazitik etorritako ordezkariak hartu berri ditu Tabik bere lantokian: agintari militar bat eta haren bost laguneko eskolta, denak kamuflajez jantzita. «Azken bost egunak ikastetxez ikastetxe eman ditugu Tripolin, segurtasun baldintzak aztertzen», diosku Asur Ali jeneral matxinoak. Paradoxa bada ere, militarrak antzinako insigniak daramatza oraindik sorbaldetan. «Uniforme berriak jaso arte ezin ditugu kendu», argitu du Ali jeneralak.
Garai berriei eutsiz
Aiman Tuman eskolan, baina, betiko desagertzen ari dira Gaddafiren agintea gogorarazten duten oroigarri oro: lider ohiaren erretratuak, paperezkoak nahiz tapizetan egindakoak; bandera berdeak eta, jakina, Jamahiria hezkuntzako liburuak. Azken aleak bisitarioi eskaini dizkigu eskolako zuzendariak, «iraganeko souvenir bat izan dezazuen».
Eraldaketako lehen fasea, errazena, bete da dagoeneko Aiman Tuman eskolan. Hemendik aurrera, zailenari egin beharko diote aurre. Umeak irailaren 17an bueltatuko dira eskolara, baina bi aste besterik ez da errebeldeek Tripoli mendean hartu zutenetik. Ez da nahikoa denbora izan ikasliburu berriak idatzi eta ekoizteko.
«Bengazitik liburu berriak iritsi arte, orain arteko material bera erabili beharko dugu. Matematika eta Natur Zientziak ez dira arazo; historia gaiak, ordea, ahalegin handi bat eskatuko digu», dio Tabik.
Ahaleginak ahalegin, baliteke «antzinako» libururik ere ez izatea ikasle guztientzat. Eskolako hainbat ikasgela eta liburutegia txikituta daude. Gaddafiren miliziek ez zuten salbuespenik egin eskola liburuekin euren miaketa bortitzetan.
«Gure irakasleetako batzuen atzetik zenbiltzan miliziak, matxinoekin harremana zutelakoan. Eta ez zebiltzan oker», gogoratu du Kamila Ashurrek. 45 urteko emakume honek, hain justu, eskolatik eta etxetik alde egin behar izan zuen Polizia Suk al Jumako auzora bere bila joan zenean. Lanerako gogoz itzuli da.
Ashurrek historia irakatsi izan du eskola honetan. Galdera sinplea bezain zorrotza bota diogu, bat-batean:«Gaddafi nor zen? Nola azalduko diedan nire ikasleei? Diktadura krudel hari buruz hitz egingo diet, atxiloketez, torturez… ideologia hura inorentzat ez zela zuzena esango diet», dio Tripoliko irakasleak, eskola sarrerako zabor eta gerra hondakinen artean.
«Historia irakasle xume bat baino ez naiz izan urteetan; egun, ordea, neronek ere historia egin dut», diosku emakumeak, harro, berak egindako hiru koloreko bandera eskuan hartuta. Oihalaren erdiko ilargia eta izar zuriak tipexez margotu zituen. Ezkutuan.
Protestak herrialde arabiarretan. Libia
Gaddafi gabeko eskolak
Liburu berririk oraindik izan ez arren, eta haur askok ikasturtea gerrak eraitsitako eraikinetan hasi beharko duten arren, Gaddafi eskoletatik desagerraraztea dute lehen helburu libiar irakasleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu