Muammar Gaddafi Libiako agintariaren erregimenaren Barne Ministerioak larunbat honetan eten egingo ditu "terroristen" aurkako eraso militarrak, Jana herrialdeko berri agentzia ofizialak eguerdian esan duenez.
Erabaki horrekin Gaddafik "armak entregatzeko aukera" eman nahi die bere erregimenaren aurkako taldeei, eta prest dago amnistia osoa emateko, betiere agentzia haren arabera.
Gaur Libiako agintariaren armadak Bengazi ingurua bonbardatu du, Beninako aireportua. Bengazitik hamar kilometro mendebaldera dago Benina. Oposizioko koronel batek esan du erasoan ez dela inor hil eta kalte materialak ez direla handiak izan.
Libiako oposizioaren hiriburua da Bengazi, eta atzo hara bonbak bota zituzten Gaddafiren militarrek.
NBEko segurtasun batzordeak gaur erabakiko du Libian aire eremua itxi edo ez
Atzo gauean akordiorik gabe amaitu zuten Nazio Batuen Erakundeko segurtasun batzordea osatzen duten herrialdeek bilera, eta gaur erabakiko dute Libian aire eremua itxiko duten edo ez. Orain arte Frantziak erakutsi du aire eremua ixteko ziurtasun handiena: "Gure asmoa bihar [gaur] bozkatzea da", esan du Gerard Araud Frantziako enbaxadoreak.
AEBak, berriz, erabaki horretaz harago doan beste bat hartzea aztertzen ari dira, eta "aukera guztiak mahai gainean" daudela esan dute. Errusiak su-eten bat eskatzea proposatu du.
Erabakia, dena delarik ere, ziurrenik berandu iritsiko da. Izan ere, Gaddafi Bengazira iritsi da eta atzo hasi zuen oposizioaren hiruburuaren aurkako erasoa, eta hiria 48 ordu baino lehen hartuko duela esan du. Misratan eta Ajdabijan ere borrokan dabiltza.
Frantziak gaur gezurtatu egin du atzo Gaddafiren seme Saif al Islamek esandakoa; hau da, Frantziak ukatu egin du Libiako liderrak Nicolas Sarkozyren hauteskunde kanpaina finantzatu zuela. Gaddafiren semeak frogak dituela esan zuen atzo, eta etsita daudela Frantziak Libiako protestetan hartu duen jarrerarekin. Claude Gueant Frantziako Barne ministroak froga horiek erakusteko eskatu dio.