Protestak herrialde arabiarretan. Sukant Chandan. Bake ekintzailea

«Gaddafiri leporatutako bonbardaketen arrastorik ez dugu antzeman Tripolin»

British Citizens for Peace ekimenaren barruan, Tripolin izan da Chandan, NATOren bonbardaketen ondorioak eta Gaddafiri egotzi dizkioten erasoak ikertzen. «Sarraskiak» leporatu dizkie matxinoei.

BERRIA.
2011ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Libiatik itzuli berria da Sukant Chandan (Londres, 1978) komentarista politikoa eta gizarte ekintzailea —irudian eskuinekoa da, Giovanni Martinelli Tripoliko gotzain katolikoa alboan duela—. Bengazitik zabaltzen diren berrien oso bestelako ikuspegia ematen du Chandanek. Ikusi dituen «egoera lazgarriek» bultzatuta, inperialismoaren azkenak ikusten ari garela uste du, eta hortaz, «une erabakigarria» dela nabarmendu. Egunotan nazioarteko bake misio berriak prestatzen ari da datozen asteetarako.

Nondik atera zen taldea antolatu eta Libiara joateko ideia?

NATOren bonbardaketak hasi zirenetik; eta pasa den bi hilabeteetan Libian egondako krisiaren eta hondamendiaren ondoren ez da oraindik egon ezta bake talde bakar bat ere han, egoera bertatik bertara ikertzeko. Ikaragarria da; ez gaude batere pozik zibilez osaturiko lehen bake taldea izateaz.

Zer eskatzen duzue?

Lehenik eta behin, alde guztiei berehalako su-etena eskatu diegu, eta bereziki NATOren erasoa gelditzea exijitzen dugu. Kanpoko esku sartze guztiek —Frantzia, Erresuma Batua, Egipto, AEB...— gelditu behar dute. Latinoamerikako estatuek, Errusiak, Txinak, Indiak eskatu dute. Ez dago inongo oinarririk Libiari eraso egiteko. Iraken egin bezala, gezurrak erabiltzen ari dira Libiari eraso egiteko. Bizi maila handia dute. Hezkuntza eta osasun zerbitzuak dohain dira. Emakumeek inguruko beste herrietan baino askeagoak dira.

Bestalde, inork oraindik ez duelako egin, NATOren eraso eta biktimen ikerketa egin behar izan dugu guk geuk, era ez-profesional batean noski.

Nortzuk osatzen duzue ordezkaritza?

Denok britainiarrak gara. Denbora gutxian eta helburu honetarako propio antolatu dugu taldea. Kazetariak, film zuzendari independenteak, sendagileak, unibertsitateko irakasleak, ekintzaile politiko eta sozialak... bildu gara. Denetariko jendea dugu. Batzuk Gaddafiren aldekoak dira, beste batzuek ez dute ezagutza handirik Libiari buruz, beste batzuek Gaddafiren aurkako jarrera oldarkorra dute... baina denok bakearen eta adiskidetzearen aldekoak gara, eta NATOren erasoa gelditzea nahi dugu.

Zer aurkitu duzue Libian?

Oso kritiko naizela pentsatu nahi dut. Mendebaldekoen gerra propaganda eta egiaren artean ezberdindu ahal dudan arren, ni bezalako batek ere hara iritsitazenbat aurreiritzi izan ditzakeen konturatu nintzen. Tripoli oso hiri baketsua eta lasaia da. Jendeak esaten zigunez, ez dute poliziaren jazarpenik jasotzen. Nahi dutena egiteko askatasuna dute. Horrelako gerra egoera baten erdian, hirian bertan ez dago etxeratzeko agindurik, ezta militarren kontrolik ere. Hiritik kanpo dauden kontroletan zibilak dira nagusi.

Ospitaletara joan ginen. Hildakoen heriotz agiriak ikusi genituen. NATOren erasoen biktimen etxeetara joan ginen. Oso egoera gogorrak bizi genituen, gure ikerketak egiteko erasoak pairatu zuen jendea galdekatu behar izan genuelako. Jende xumearekin egon ginen. Oso bizimodu duina bizi dute. Kolorezko telebista, hozkailua, kotxea, etxea... dituzte. Ez dago delinkuentziarik, droga trafikanterik edota Erresuma Batuan hain zabalduta dagoen jarrera antisozialeko gazte taldeen arazorik ez dago. Gaddafik sostengu handia duela ikusi genuen.

Libia erasotzeko arrazoia Nazio Batuen 1973. erabakian oinarritzen da, eta horrek dio Gaddafiren aire indarrek Tripoliko hiru auzo bonbardatu zituztela. Auzo horietako leinuetako buruzagiekin bildu ginen eta kaleak bisitatu genituen. Herritarrak era askean eta irekian, sutsuan esanen nuke, guregana etorri eta haien bizipenak kontatu zizkiguten. Inoiz ez genuen ustezko bonbardaketa horien zantzurik edo testigantzarik antzeman. Gutaz aparte, inork ez du horren inguruan ikerketarik egin.

Tripoliren kanpoaldean barne errefuxiatuekin bildu ginen. Misratakoak ziren. Sendi osoak zeuden han. Testigantza izugarriak eta argigarriak jaso genituen.

Zuen iritziz, nortzuk dira matxinoak?

Jaso genuen informazioaren arabera, matxino indarren barruan lau multzo daude. Jihadistak daude hasteko eta behin. Beste lekuetatik etorritako Al Kaedako kideak dira. Sekulakoak eta bi egiten ari dira Misratan eta Bengazin. Jendea mutilatu eta lepoa moztu egiten diete era publiko batean, benetako sarraskiak egiten ari dira. Indar inperialistek badakite, baina ez dute inongo arazorik horrekin. Bigarren multzoa elite aberatsek osatzen dute. Dirua eta armak banatzen ari dira Misratan. Hirugarren taldea sionistak dira. Aspalditik komunitate sionista egon da Libian, eta historikoki harreman gatazkatsua izan dute Gaddafirekin, hark beti uko egin ziolako Israelekin harreman normalizatuak izateari. Azkenik, indar guzti horiek trinkotzen dituzten indar inperialistak daude. Zerbitzu sekretu britainiar, estatubatuar eta frantziarrak hilabeteak daramatzate lanean han. Libiar beltzen aurkako sarraskiak eta lintxatzeak egiten ari dira, eta inork ez du horretaz hitz egiten. Horrelakoak dira matxinoen artean dauden indarrak.

Zer arrazoi daude Libiaren aurkako erasoaren atzean?

Azken hamarkadan oso argi agertzen da inperialismoak, [Jasser] Arafatekin egin bezala, Gaddafiren gobernua Mendebaldearen alde erabat saltzea bilatzen zuela, edo, gutxienez, haren polizia izatea nahi zuten. Horixe lortu ez zutenez, elite batzuk erosi egin zituzten.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.