Joan den asteartean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bigarren aldiz itxi zion atea azaroaren 9ko galdeketari. Debekua ikusita, Kataluniako Gobernuak bilerara deitu zuen Erabakitzeko Eskubidearen Itun Nazionala, eta gaur egin dute bilkura hori. Bertan eztabaidatu dute nola bermatu igandeko galdeketa.
Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak ituneko gainerako eragileei bermatu die gobernuak jarraituko duela galdeketaren antolaketaren buruan. Joan Rigol ituneko koordinatzailearen esanetan, "prozesuaren ardura amaierara arte" bere gain hartu du CiUren gobernuak: "Gobernuak ez dio bere zereginari muzin egin".
Hala ere, galdeketa gauzatzea boluntarioen esku utziko dutela argitu du Rigolek. Hala ere, gobernuak babes legala emango die boluntarioei, eta hautetsontziak bozkalekuetan izango direla bermatuko du gobernuak. Rigolek azaldu du bileran nabarmena izan dela "batasun giroa".
Galdeketa eragile sozialen esku uzteko aukerak oihartzun handia izan du astean zehar. Gobernuak galdeketaren ardurari eustearen alde agertu dira, esaterako, ANC Kataluniako Biltzar Nazionala eta ERC. Atzo, ordea, Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak azaldu zuen PPren gobernuak ez duela esku hartuko kontsultaren antolaketa eragile sozialek egiten badute. Zehazki, adierazi zuen Estatuaren abokatua Kataluniako Gobernuaren urratsak aztertzen ari dela, Auzitegi Konstituzionalaren agindua betetzen duela bermatzeko. CiUren gobernuak kontsulta sustatzen ez badu, PPrenak "ez du adierazpen askatasuna galaraziko", Catalaren esanetan.
Ziurgabetasun egoera horretan, mossoen egitekoa ere eztabaidagai izan da azken orduetan. 7.000 mosso inguru mobilizatu dituzte iganderako. Kataluniako Gobernuko Barne kontseilari Ramon Espadalerrek ohartarazi zuen mossoek ez dutela Espainiako Barne Ministerioaren nahiz Kataluniako Gobernuaren agindurik betearazi behar, baina bai, ordea, epaitegiek hala eskatzen badute.
BERRIAren mahai ingurua, Bartzelonatik: "Neurtu behar da noiz egin desobedientzia eta noiz ez"