Baliteke Galesko Alderdi Laboristaren aroa amaitzear egotea. 1999an Galesko Parlamentua sortu zutenetik hauteskunde guztiak irabazi dituzte laboristek. Bada, aurten, nagusitasun hori galduko dutela estimatzen dute inkesta gehienek. Bihar egingo dituzte parlamenturako bozak; Plaid Cymru ezkerreko alderdi independentista eta Reform UK eskuin muturreko alderdi unionista dira irabazteko hautagai nagusiak. «Jendea alderdi tradizionaletatik urruntzen ari da, aldaketa bat nahi dute», jakinarazi du Carrie Harperrek, Plaid Cymru alderdiko hautagaietako batek.
Fflint Wrecsam hautesbarrutiko hautagaia da Harper. Aurten, lehen aldiz, hamasei hautesbarruti izango dituzte parlamenturako bozetan, eta bakoitzean sei diputatu hautatuko dituzte. Guztira 96 ordezkarik osatuko dute Galesko Parlamentua, eta lau urte iraungo ditu legegintzaldi bakoitzak. Orain arte bost urtekoak izaten ziren, eta hirurogei ordezkari zituen ganberak. 2024an azken erreforma indarrean sartu arte, boto sistema mistoa eduki dute. Bi boto eman behar zituzten: batean hautesbarruti bakoitzeko ordezkari bat hautatu behar zuten —berrogei hautesbarruti zeuden—; eta, bestean, alderdi baten alde egin behar zuten —bigarren botoarekin eskualde bakoitzean lau ordezkari hautatzen zituzten; bost eskualde zeuden—. Orain, alderdiek hautesbarruti bakoitzean aurkeztutako zerrenden artean hautatu beharko dute galesek.
Galesko Parlamentuan, baina, ordezkari kopuruarena baino aldaketa sakonagoak gertatuko dira datozen asteetan. Azken inkesten arabera, Plaid Cymru edo Reform UK nagusituko da bozetan; biak pare-parean ageri dira. YouGov etxeak apirileko lehen bi asteetan egindako inkestaren arabera, 37 eserleku lortuko lituzke eskuin muturreko alderdiak, eta Plaid Cymruk 36. Haien atzetik, urrun geratuko lirateke laboristak (12), berdeak (7), kontserbadoreak (3) eta liberal-demokratak (1). Hortaz, Eluned Morgan lehen ministro laboristak ezingo dio, ziurrenik, bere karguari eutsi. 2021eko bozetan laboristek 30 ordezkari lortu zituzten, kontserbadoreek 16 eta Plaid Cymruk 13.
«Gazteen artean independentziaren aldeko jarrera gero eta sendoagoa da. Hortaz, datozen urteetan are eta babes handiagoa lortuko dugu»
CARRIE HARPERÂ Plaid Cymru alderdiko hautagaia Galesko Parlamenturako
Zundaketei erreparatuta, alderdi independentista dago gobernua osatzeko posizio onenean. Gehiengo osoa lortzetik —49 ordezkari— urrun daude bai Reform UK eta bai Plaid Cymru. Hortaz, posible da koalizioak osatu behar izatea gobernura iristeko. Harperren arabera, behar izatekotan, Plaid Cymru prest legoke «ezkerreko alderdiekin» —hau da, Berdeekin edo Alderdi Laboristarekin— adostasuna lortzeko edo kasuan kasuko akordioak egiteko. Halere, independentistak gutxiengoan gobernatzeko prest daude bozen emaitzek horretarako aukera ematen badiete.
Plaid Cymruko hautagaiak uste du Galesko politika «polarizatu» egin dela: haren iritziz, tradizioz laboristei botoa eman izan dieten asko Plaid Cymrura hurbildu dira, eta kontserbadoreen alde egiten zutenak, Reform UKra. Nigel Faragek brexit-aren harira sortutako alderdia da Reform UK, eta migranteen kontrako mezuak zabaldu ditu hauteskunde kanpainan zehar. Bozen karietara egin duten manifestuko lehen puntuak honela dio: «Galesei lehentasuna emango dien Galesko lehen gobernua osatuko du Reformek». Harperrek, ordea, oroitarazi du immigrazioaren eskumena Londresek duela, ez Galesko Gobernuak.
1990eko hamarkadaren amaieran botereen itzulpenaren hitzarmena (devolution) onartu zutenetik, Londresek hainbat eskumen transferitu dizkio Galesi, baina immigrazioarena ez da horietako bat. Osasuna eta hezkuntza, aldiz, bai; eta, Harperrek azaldu duenez, herritar askok uste dute laboristek ez dutela «lan ona» egin arlo horietan.

Baina badaude, Plaid Cymrukoaren ustez, beste hainbat arrazoi alderdi independentistaren gorakada eragin dutenak: «Identitateari dagokionez aldaketa handia egon da, eta gazte askok —gazteak diodanean 45 urtez azpikoez ari naiz— galestzat du bere burua, ez britainiartzat. Gainera, gazteen artean independentziaren aldeko jarrera gero eta sendoagoa da. Hortaz, datozen urteetan are eta babes handiagoa lortuko dugu».
YouGov etxeak urte hasieran egindako inkesta baten arabera, 16 eta 24 urte arteko galesen %47k independentziaren alde bozkatuko lukete erreferendum bat eginez gero, eta %29k kontra. Gainerako adin tarteetan gehiago dira independentziaren kontrakoak aldekoak baino: orotara, galesen %26k bozkatuko lukete alde, eta %54k kontra. Gainontzekoek ez dakite zer bozkatu, edo ez lukete botorik emango.
Erreferenduma, oraindik ez
«Independentziarako bidean zuekin lan egiteko gogoz nago». Plaid Cymruko buruak, Rhun ap Iorwerthek, mezu horrekin amaitu du alderdiaren webgunean idatzitako aurkezpen testua. Kontua da bide hori pixkanaka ibili nahi duela alderdi independentistak: «Independentziaren proiektuarekin engaiatuta gaude, noski, baina esana dugu datorren agintaldian ez dugula erreferendumik egingo. Hori bai, gobernua osatzen badugu, bide horretan urratsak egingo ditugu».
Londresek eskumen gehiago transferitzea nahi du Plaid Cymruk, eta horretarako batzorde nazional bat sortzeko asmoa du. Besteak beste koroaren ondasunak, trenbidea, justizia eta Polizia Galesko Gobernuaren esku geratzea exijituko dutela jakinarazi du Harperrek. Baina baita independentziaren inguruko erreferenduma egiteko egutegia, galderak eta, oro har, prozesu osoa kontrolatzeko eskumena ere. «Izan ere, gaur-gaurkoz hori guztia Westminsterren esku dago». Gaur egun laboristak daude agintean Erresuma Batuan.
Datozen urteetan Plaid Cymruren lehentasuna osasun sisteman, hezkuntzan eta ekonomian dauden «arazoak konpontzea» izango bada ere, Harperrek ziurtatu du oinarriak jarri nahi dituztela Galesen etorkizuna nolakoa izango den eztabaidatzen hasteko.
eskozian snp da faborito, eta eskuin muturrak gora egingo du
Eskoziako Parlamenturako bozak ere bihar egingo dituzte, eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionala da hautagai nagusia. Inkesta gehienen arabera, 2021eko hauteskundeetako emaitzak hobetuko ditu, eta gehiengo osoa lortzeko aukera izango du. Inkesta horien arabera, alderdi tradizionalek —laboristek eta kontserbadoreek— behera egingo dute Eskozian ere. Reform UK eskuin muturrekoak indarra hartuko du, eta laboristekin bigarren indarra izateko lehian egongo da. Zundaketen arabera, SNPk 56 eta 67 eserleku artean lortuko ditu —65 behar ditu gehiengo osoa edukitzeko—; Reform UK-k eta laboristek 15 eta 20 ordezkari artean lortuko dituztela estimatzen dute. Ingalaterran, bestalde, tokiko bozak egingo dituzte, eta espero da horietan ere alderdi tradizionalek behera egitea, Reform UKren eta Berdeen mesedetan.