Korsika

Garai berri baten erronkak

Urtebete baino gehiago da Korsikako nazionalistak boterean daudela, eta, oztopoak oztopo, lortu dute egonkortasunera heltzea. Gazte independentisten aurkako jazarpena, ordea, areagotu egin da

Garai berri baten erronkak.
ander perez zala
2017ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Garai politiko berri batean murgilduta dago Korsika. 2015eko abenduaren 13an garaipen historikoa lortu zuten nazionalistek, eta lehen aldiz boterera iritsi ziren: «XVIII. mendeaz geroztik, lehen aldia da abertzaleek osatutako gobernu bat dugula Korsikan», gogorarazi zuen Gilles Simeoni presidente hautatu berriak —Edmond Simeoni mugimendu nazionalistaren sortzailearen semea da—. Gainera, FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Frontea armagabetu egin zen 2014an, eta aro berri bat hasi zen mugimendu independentistaren barnean.Erakundeetan berritasun ziren hasieran nazionalistak, baina orain egonkortu egin dira, bidean izandako oztopoei aurre eginda. Ardura «zaila» zutela eman zuten iritzi kargu hartu zutenean, 2015eko abenduaren 17an, inoiz izandako botere handiena baitzuten eskuetan. Eta inoizko erronkarik handiena: 52.839 boto emaileen konfiantzari eustea (%35,34): «Ideien borroka irabazi dugu», azaldu zuen Josepha Giacometti hautagai nazionalistak. Ia urte eta erdiren ostean, hainbat borroka eta talkaren ostean, bizirik jarraitzea lortu dute, sei hilabete barru egingo diren bozak helburu.

Barrura eta kanpora begira, ez du lan erraza izan egungo gobernuak. Boterea hartu eta lau hilabetera izan zuen krisi handiena, 2016ko apirilaren 14an. Aurrekontuen onarpenak kolokan jarri zuen gobernu nazionalista, eta dimisio zurrumurruak izan ziren Simeoniren inguruan. Izan ere, gobernuburuak hilabete lehenago jakinarazi zuen 100 milioi euroko zorra utzi zuela aurreko gobernuak —hortik sei hilabetera arrazoia eman zion ganberako kontuen gelak—, eta arazo horri aurre egiteko aurkeztutako aurrekontuek oposizioaren arbuiatzea izan zuten. Asanblean 50 kontseilaritik 24 dituzte nazionalistek, gehiengo osotik hurbil: Pe a Corsica (Korsikaren alde) zerrenda bateratua aurkeztu zuten korsikar nazionalismoko bi joerek, zeinek desadostasun handiak baitituzte tradizioaren inguruan: autonomistek —Simeoni buru— eta independentistek — Asanbleako presidente Jean-Guy Talamoni buru—. Bi egun eta gau baten ostean, oposizioak aurkeztutako helegite baten ondorioz onartu zituzten aurrekontuak.

Kanpora begira, boterera iritsi eta hilabetera izan zuten hitzordu garrantzitsuena —eta mediatikoena—: bi buruzagi abertzaleak garai hartako Frantziako lehen ministro Manuel Vallsekin batzartu ziren Parisen, Matignonen. Hiru lantalde osatzea erabaki zuten, hizkuntzari, finantzaketari eta lurralde antolaketari buruz. Korsikeraren koofizialtasuna «marra gorria» da oraindik Parisentzat—konstituzioa aldatu beharko litzateke—, eta hauteskundeen emaitzei itxaron beharko diete jarrera aldaketarik egon daitekeen ziurtatzeko.

Estatus berria, 2018an

Dena den, agintaldi motza dute nazionalistek, bi urtekoa, abenduan hauteskundeak egitekoak baitira. Aurretik adostutako egoera da, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera Korsikak estatus berria izango baitu: Goi Korsika eta Hego Korsika departamentuak desagertuko dira, eta lurralde kolektibitatearen estatusa izango du irlak, bi probintziak bat eginda. Simeoni: «40 urteko borrokaren emaitza da. Ezin diegu herritarrei huts egin». Eskumenei begira, Korsikako Gobernuak ez du aldaketarik izango, baina Talamonik uste du erreforma horrek gobernatzeko era «eraginkorrago» bat ahalbidetuko duela, uharteko arazoei aurre egiteko, tartean ustelkeria. Korsika Frantziako eskualde pobreenetariko bat da—bostetik bat pobrezian bizi da—.

Borroka nazionalista ez da oraindik amaitu Mediterraneoko irla horretan; 2018ko bozek zehaztuko dute zer botere eta indar duen nazionalismoak eta zer harreman izango duten bi joerek.

Tentsioa ez da baretu

Garai politikoa berria den arren, tentsioa ez da baretu Mediterraneoko irla horretan, bereziki gazteen artean. Hainbat dira atxilotutako gazte independentistak, batez ere azken sei hilabeteotan, eta tentsioa areago handitu da.

Duela hilabete, martxoaren 22an, 25 molotov koktel bota zituzten Corte herriko suprefeturan, eta, martxoaren 10ean, Ajaccioko komisaria baten aurka ere bota zituzten zenbait gazte nazionalistak. Korsikako gazte nazionalistek aktibismo handia dute, eta horren harira iritsi dira atxilotzeak. Esate baterako, GI Ghjuventu Independentista ikasle sindikatu abertzaleko hemeretzi kide atxilotu zituzten martxoaren 7an, eta, bi egun geroago, GIko presidente Paul Salort —70 orduko lan publikoak egin behar ditu, zigor gisa—. Frantziako Justiziaren arabera, 2016an izandako gertakari batzuen ondorioz hartu zituzten atxilo, «lehergailuak» zituztelakoan. GIk «gazteriaren aurkako probokazio larritzat» jo zuen gertatutakoa, Frantziako Estatuak beste behin ere era berean jardun duelakoan. Simeonikere salatu zuen gertatutakoa: «Praktika errepresiboak bateraezinak dira bakea ahalegintzeko saiakerekin».

Zigor larriak ere izan dira korsikar gazteen aurka. 2016ko urriaren 15ean, hainbat gazteren eta Poliziaren arteko talkak izan ziren manifestazio batean, hiru gazte askatzea eskatzeko —molotov koktelak eta negar gasa barne—; boterean dauden alderdi nazionalistek eta Giza Eskubideen Ligak manifestatzera deitu zuten. Hain zuzen ere, hil horren hasieran Nicolas Battini, Stephane Tomasini et Joseph-Marie Verdiri—Charles Pieri buruzagi independentista ohiaren bilobari—, bost eta zortzi urte bitarteko kartzela zigorra ezarri zien Parisko auzitegi batek. 2012an apirilaren 1ean Corteko suprefeturaren aurkako eraso baten egiletzat jo zituen auzitegiak, DNA frogetan eta aurkitutako lehergailuetan oinarrituta. Talamoni izan zen epaiketan, eta epaimahaiari eskatu zion kontuan hartzeko Korsikaren egoera: «Herritarren %95 amnistiaren alde daude. Korsikak gazteria behar du». Atxiloketak salatu zituen: «Korsikak justizia eta bakea lortzeko asmoa berresten du; Frantziako Estatuak, berriz, gazteak beldurtu nahi ditu».

2014ko ekainaren 25ean iragarri zuen FLNCk klandestinitatetik ateratzeko asmoa zuela, armak uztearekin batera —talde disidente bat du—. Korsikaren independentzia lortzeko lanean jarraitzen du, eta EI Estatu Islamikoaren eta «muturreko islamisten» aurkako mezuak zabaldu ditu: «Gure herriaren aurkako edozein erasori erantzungo diogu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.