Garaipenaren aurpegia

arantxa elizegi egilegor
2010eko ekainaren 11
00:00
Entzun
IMundu Gerratik lehen aldiz, liberal bat izango da Herbehereetako gobernuburu, eta lorpen hori Mark Rutteri (Haga, 1967) zor diote zentro-eskuinekoek. Inkestek lehendik ere iragarria zuten, baina azken ordura arte inor ez zen iragarpen horiez fio. Ruttek berak uko egin zion zerrendaburuek telebista publikoan gauerdian egin ohi duten eztabaidan parte hartzeari, behin betiko emaitzak jakin arte. Baina, azkenean, kristalezko bolak asmatu du, eta liberala izango da Herbehereetako hurrengo lehen ministroa.

Dena den, ez da Ruttek Gobernua zapaltzen duen lehen aldia. Gaztea izan arren, badu nahikoa esperientzia boterean, izan ere, Jan Peter Balkenende demokristauaren bi gobernuetan aritu da; Giza Gaietarako eta Lan ministro gisa lehenengoan, eta Hezkuntza, Kultura eta Zientzia ministro bigarrenean. Hain zuzen ere, urte horretan, 2006an, bere alderdiaren kanpaina zuzentzea egokitu zitzaion udal hauteskundeetan. Eta izan zuen arrakasta ikusita, alderdia zuzentzeko barne bozetara aurkeztu zen. Baita irabazi ere. Botoen %51,5 bereganatu zituen. Sostengua eman ziotenen artean zegoen Defentsa ministro izandako Frank de Grave eta Rotterdamgo alkate Ivo Opstelten.

Urte hartan ez zuen garaipenik lortu. Alderdikide zuen eta taldeko buruzagitzara lehiatu zen Rita Verdonkek aurrea hartu zion, eta berak baino boto gehiago lortu. Rutte, ordea, ez da kritikak erraz ahazten dituen horietakoa. 2007ko irailean, Verdonkek beste behin bere politikak gutxietsi zituenean, alderditik kanporatu zuen. Hiru urte geroago, atzo bertan, erakutsi zuen zuzen zegoela.

Historia lizentziaduna da Rutte, eta politikagintzan hasi aurretik Unilever multinazionaleko kudeatzailea izan zen. Garai bertsuan hasi zen liberalen gazte taldeetan lanean. A. E.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.