Garazi Hach Embarek, Alderdi Laboristaren batzarrean

Saharako auziari buruz hitz egin du, eta harrera "oso ona" izan du hitzaldiak. Garazi Hach Embarek pozik itzuli da Euskal Herrira.

Garazi Hach Embarek, atzo, Jeremy Corbynekin. @GHEMBAREK
Oihana Elduaien Uranga.
2019ko irailaren 25a
14:48
Entzun

Ormaiztegin (Gipuzkoa) bizi da Garazi Hach Embarek, baina Saharako errefuxiatu gune batean jaio zen. Hangoa zuen aita, eta Euskal Herrikoa du ama. Gipuzkoan bizi delarik, Mendebaldeko Sahararen aldeko lanean ari da etengabe, eta eskatzen dioten toki guztietara joaten da, ahal badu behintzat. Egona da Bruselan Europako Legebiltzarrean, eta baita Nazio Batuen Erakundean ere, giza eskubideen saioetan-eta. Sahararen egoera salatzea eta konponbiderako laguntza eskatzea izaten du helburu beti. Atzo, asteartea, Londresen izan zen, Alderdi Laboristaren batzarrean. "Hitzaldiaren asmoa zen alderdiko kideei ulertaraztea Erresuma Batuaren barruan arazoak izan arren izan behar dutela indarra eta aukera internazionalismoari ere lekua egiteko".

Hach Embareken arabera, Saharako gaia nahiko ezezaguna da Erresuma Batuan, baina badaude gaia lantzen duten gobernuz kanpoko elkarte batzuk. Haiek egin zioten gonbidapena Hach Embareki Alderdi Laboristaren batzarrean hitza hartzeko. Proposamena onartu, hegazkina hartu, eta Londresen zen atzo, Alderdi Laboristaren batzarrean hizketan. Nazioarteari buruzko atalean hitz egin zuen, Linderation delakoan.

Saharako egoera azaldu zuen, eta Alderdi Laboristari espero zaion izaera "liberalista, independentista horri dei egin", eta eskatu zien herri moduan Segurtasun Nazionaleko Kontseiluan egin dezatela Mendebaldeko Saharako autodeterminazioaren alde. "Zuek internazionalistak zarete, ezta?" galdetu zien; eta publikoak baiezkoa erantzun zion, aho batez. "Bada, zuen laguntza behar dugu".

[youtube]https://youtu.be/IV5spQUY3Jg[/youtube]

Harrera "oso ona" egin zioten. Eta bereziki azpimarratu du Jeremy Corbynen jarrera: "Beti egon da Fronte Polisarioaren alde, eta 2014an Saharrako lurralde okupatuetara ere egin zuen bisita, delegazio batekin". Hitzaldia amaitu zuenean, jende asko gerturatu zitzaion, "babesa erakustera, eta gurekin daudela esatera".

Ez zuen Euskal Herriaren gaia ahotan izan, baina guztiek jakin zuten Garazi Hach Embarek sahararra ez ezik euskalduna ere badela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.