Mundua

Gas isurketak murrizteko akordiorik lortu gabe jarraitzen dute Kopenhageko goi bileran

Gauerdian bukatuko da epea. Barack Obamak eta Hugo Chavezek parte hartu dute gaur, bertzeak bertze.

2009ko abenduaren 18a
18:59
Entzun
Atmosferara egindako gas isurketak murrizteko akordiorik ez dute lortu oraindik Kopenhageko klima aldaketari buruzko goi bileran. Eric Hall goi bilerako bozeramaileak erran duenez, negoziazioak ez dira gauerdia baino beranduagora arte luzatuko.

Obama Txinarekin bildu da

Goi bilerako azken egunean bertaratu da Barack Obama AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea. "Egiteko, eta ez solasteko" tenorea dela erran du Obamak. Presidentearen iritziz, balizko akordioak gas isurketak murrizteko "ekonomia nagusi guztien ekintza erabakigarriak" bildu, eta herrialdeek hartutako erabakiak "era gardenean" betetzen dituzten frogatzeko mekanismoak ezarri behar ditu.

Wen Jiabao Txinako lehen ministroarekin bildu da Obama, eta bileran "aurrerapenak" egin dituztela adierazi du AEBetako goi funtzionario batek. AEBek goi bilerako akordioan lortu nahi dituen hiru helburuez mintzatu direla jakinarazi du: gas kutsatzaileak murrizteko epeak herrialde nagusi guztientzat, egiaztatzeko mekanismoen ezarpena eta herrialde txiroenen finantzazioa.

Etxe Zuriak jakinarazi duenez, Obama eta Jiabao bigarren bilera bat egiten ari dira arratsaldean, akordioa erdiesteko asmoz.

Txina eta AEBak dira atmosferara gas kutsakor gehien isurtzen dituzten herrialdeak

Hugo Chavezek goi bilerak "porrot" egin duela dio

Hugo Chavez Venezuelako presidentea eta Evo Morales Boliviakoa ere Kopenhagen izan dira gaur. ALBA Amerikarako Alternatiba Bolivartarraren izenean prentsaurrekoa eman dute. Bertan, Chavezek erran du goi bilerak "porrot" egin duela. Bere iritziz, ABEeak buru dituen herrialde talde txiki baten "arduragabekeria" da horren errudun.

EB Europar Batasunaren ekimenez hogei estatu buruk egin duten akordio zirriborroa gogor kritikatu du Chavezek, eta "baztertzailea" dela erran du. ALBA osatzen duten herrialdeek argi utzi dute ez dutela onartuko goi bileran parte hartzen ari diren 192 herrialdeek adostutakoa ez den bertze akordiorik.

Chavezen ustez, hala ere, Kopenhageko goi bilerak balio dezake "kontzientzia berria" sortzeko, "sozialismoranzko borroka berri bat, kapitalismoaren logika txikitzailearekin bukatzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.