Ukrainak gas hornidura moztea leporatzen dio Errusiari. Errusiak, aldiz, dio Ukrainak erregaia “lapurtzen” duela Europako beste herrialdeetara egiten duen bidean.
Moskuk gasaren salneurri berria ezarri du 2006rako. Hori dela eta Gazprom Errusiako gas korporazioak moztu egin zion gas hornidura Ukrainari prezio berriaren gainean akordioarik lortu ez zelako. Gazprom eta Ukrainako Naftogaz enpresak negoziatzen aritu dira hiru egunez baina Gazpromek dionez, Ukrainak “ofizialki baztertu du” Errusiak egindako azken eskaintza. Horregatik, eguneko 120 milioi metro kubo murriztu dio hornidura. Ukrainara doazen gasbideetan ezezik Europara doazen baste hirutan ere egin ditu murrizketak.
Viktor Justxenko Ukrainako presidenteak berretsi duenez, Errusiak ezarritako salneurri berria “onartezina eta oinarri ekonomikorik gabea” da. Salneurri berriak ia boskoiztu egiten du aurrekoa: mila metro kubo gasen truke 50 dolar ordaintzen zituzten lehen, orain 230 dolar eskatzen ditu Errusiak.
Gazprom enpresako bozeramaile Serguei Kruprijanovek dioenez baina arrazoia bestelako da. “Ditugun datuen arabera, kontsumitzaile europarrentzako zen gasa baimenik gabe ateratzen aritu da” Kiev, azaldu du eledunak. Hori dela eta, Ukrainari salaketa jartzeko mehatxua egin diote.
Egoera honen aurrena kezkatuta agertu da Europako Kontseilua eta asteazkenean, urtarrilak 4, gasaren koordinazioarako taldea bildu egingo da Errusia eta Ukrainaren artean sortu den krisia aztertzeko.
Erregaia