Erabakia hartuta dago: NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideei, oro har, ondo iruditzen zaie beren gastu militarra norbere BPG barne produktu gordinaren %5 izatea, eta hori izatea helburua 2035erako; hau da, 2014an ezarritako helburuarekin alderatuta, hiru puntu igotzea. Eta, hain zuzen, Mendebaldeko aliantza militarreko 32 estatuburu eta gobernuburuek gaur eta bihar Hagan (Herbehereak) egingo duten urteroko goi bileran konpromiso hori hartzeko prest daudela erakutsiko dute. Errusiaren balizko eraso baten mamua da horretarako argudio nagusia.
Mark Rutte aliantzako idazkari nagusiak, hain zuzen, mamu hori haizatu du gaur, goi bilera hasi aurretik egindako agerraldian. Hasteko, aliatuen Defentsa ministroak bildu dira, eta iluntzean afari ofiziala edukiko dute estatuburuek eta gobernuburuek; bihar egitekoak dira laneko bilera, eta horretan parte hartzekoa da Donald Trump AEBetako presidentea ere.
Etxe Zuriko maizterrak behin baino gehiagotan egin die mehatxu gainerako aliatuei: ez badituzte beren konpromisoak betetzen, AEBak aliantzatik aterako direla. Izan ere, 2024ko datuak eskuan, zortzi estatuk ez zuten beren BPGaren gutxienez %2 erabiltzen gastu militarrerako. Trump areago joan zen urtarrilaren 23an Munduko Ekonomia Foroan, eta ehuneko hori %5era igotzeko eskatu zuen. Ikusita NATOko kideek ez diotela trabarik jarri hark proposatutakoari, AEBen ordezkari Matthew Whittakerrek Hagan esan du garai hau «historikoa» dela, aliantzaren inoizko «garairik erabakigarrienetako bat ziurrenik». Aliatuen Defentsa ministroei adierazi die ondorengo belaunaldiei «bakea» ekarriko diela «erakutsitako indarrak».
Aliatuek ez diote ezetzik esan, eta Ruttek ere planteamendu hori bera egin du azkeneko asteetan. Haren esanetan, %3,5 gastu militar hutserako litzateke, eta gainerako %1,5a azpiegituretarako, zibernetikarako, inteligentziarako eta beste. Eta Europako potentziek, esaterako, baietz esan dute; hala mintzatu dira Alemania, Erresuma Batua eta Frantzia. Hortaz, jarrera horrek bat egiten du Europar Kontseiluak, batzordearen eskariz, orain pare bat hilabete onartutako berrarmatze planarekin.
Espainiak esan du NATOrekin akordio bat egin duela, bere gastu militarra ez dadin %5era igo; hori iragarri zuen Pedro Sanchez presidenteak igandean. Haren hitzetan, aliantzaren eskakizunak beteko ditu, ez du goi bileran proposatutako helburua blokeatuko, baina Espainiaren ekarpenak ez du BPGaren %2,1 gainditu: «Ez gehiago, ez gutxiago». Ruttek atzo azpimarratu zuen, baina, %2,1 hori ez dela nahikoa, eta %3,5era igo beharko duela.
Zelenskirentzat, ez da nahikoa
Rutteri egindako elkarrizketa bat argitaratu du gaur The Guardian Erresuma Batuko egunkariak, eta aliantzako idazkari nagusiak esan du ez dela zaila izan NATOko liderrak limurtzea %5eko helburua onar dezaten. Izan ere, aurrez aurre dute «Errusiaren mehatxua», eta Ruttek berak zera ohartarazi du elkarrizketa horretan, Moskuk «NATOren aurkako eraso arrakastatsu bat» egin dezakeela 2028 eta 2030 artean.
Frantziak eta Alemaniak ere Errusia izan dute hizpide. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen eta Friedrich Merz Alemaniako kantzilerraren gutun bateratu bat argitaratu du Financial Times Erresuma Batuko egunkariak, eta biek ala biek nabarmendu dute «Europaren segurtasuna zulatzea» dela Vladimir Putin Errusiako presidentearen asmoa. «Jarrera hertsatzailea du Errusiak bere bizilagunekin; Europa ezegonkortu nahi du, eta ordena globala desafiatu».
Eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ere mezu hori indartu du. Sky News Erresuma Batuko telebista katean elkarrizketatu dute, eta esan du NATOko kide bati eraso egiten ahaleginduko dela Errusia, bost urteko epean; gainera, %5eko helburua 2035 baino lehenago lortu beharko litzatekeela adierazi du. Zelenski bera ere gonbidatu dute gaurko afari ofizialera, baina bihar ez du lan bileran parte hartuko. Ukraina aliantza militarreko kide izatea da, hain justu, Putinen marra gorrietako bat edozein negoziaziori ekin aurretik.