Berez tregoarik ez zuten arren, joan den asteburuan elkarren arteko erasoak eten dituzte Ameriketako Estatu Batuek eta Iranek, nahiz eta Ekialde Hurbilean eztandak egon diren: Saudi Arabiak salatu du Iranen aldeko Irakeko talde armatu batek hainbat dronerekin eraso egin diola azken egunotan, eta Arabiar penintsulako monarkia horrek haren azpiegituren kontra egin du gaur, AEBekin batera; miliziak komunikatu batean jakinarazi du gutxienez hogei lagun hil direla eraso horietan, eta hainbat zauritu.
Lehenbiziko aldia da Riadek otsailaren amaieran gogortu zen gatazkan parte hartu duena, betiere Saudi Arabiaren eta Yemengo huthien artean izan diren erasoak aintzat hartu gabe. Herrialdeko Defentsa Ministerioak ohar batean adierazi du azken hilabeteotan energia azpiegituren kontra egindako bonbardaketei erantzun nahi izan diela: «Erresumak bere burua eta baliabideak defendatzeko eskubidea du, baita dagokion garaian eta tokian erantzutekoa ere».
Erasoen harira, Irakeko lehen ministro Ali al-Zaidik larrialdi bilera batera deitu du gobernuaren segurtasun kontseilua. Bileraren ostean, kontseiluak iragarri du «plan integral» bat prestatuko dutela Iraken burujabetasuna babesteko eta herrialdetik egiten diren erasoak eragozteko. Oharrean, kontseiluak berretsi du Irak ez dela izango «herrialde adiskideei» eraso egiteko tokia.
Aurretik, Irakeko presidentetzak ere egin ditu adierazpenak AEBen eta Saudi Arabiaren erasoen inguruan. Komunikatu bidez, «onartezintzat» jo ditu erasoak, eta gaineratu «herrialdeko segurtasun erakunde ofizialen aurkako erasoa» izan dela. Hala, azpimarratu du aurre egingo dietela herrialdearen aurkako edozein erasori; aldi berean, azpimarratu du Irak ezin dela erabili «aldameneko herrialdeen aurka erasoak egiteko», ezta «eskualdeko eta nazioarteko kontuak konpontzeko» ere.
Atzo agindu zuen Al-Zaidik milizien erasoak ikertzeko. Hain zuzen, Mobilizazio Popularreko Indarrak deritzon milizien sorta Estatu Islamikoaren kontra egiteko sortu zuten, dekretuz, 2014an, eta Irakeko estatu indarren parte da —Al-Jazeera hedabideak kaleratu duenez, milizia xiita horiek eraso egin izan die AEBek Iraken dituzten baseei—.
Bestalde, Yemengo huthien bozeramaile Yahya Sareak ohar bidez jakinarazi du Saudi Arabiaren drone bat eraitsi duela herrialdearen iparraldean. Huthien eta Saudi Arabiaren arteko tentsioak gora egin du azken bi asteetan, elkarren arteko erasoak direla eta. Are, huthiek joan den astean iragarri zuten itsas blokeoa ezarria ziotela Riadi, argudiatuta nazioarteko aitortza duen Yemengo Gobernua babesten duela, eta «blokeoa» ezarria dutela Yemen mendebaldean, matxino xiitek kontrolatzen duten gunean, hain zuzen ere. AEBen eta Saudi Arabiaren gaurko erasoen harira, huthien Atzerri Ministerioak adierazi du Irakek erantzuteko «eskubide legitimoa» duela.
Erasoen etena, kolokan
Irango hedabideek kaleratu dutenez, Irango Guardia Iraultzaileak jakinarazi du misil balistikoekin eraso diola Washingtonek Jordanian duen base militar bati. Centcom AEBetako armadaren Komandantzia Nagusiak sare sozialetan idatzitako mezu batean adierazi du «misil guztiak» atzeman dituztela, eta tropak «adi» egongo direla zer gertatuko ere. Are, Jordaniako armadak ohar batean esan du Irandik jaurtitako bost misil eraitsi dituela gaur goizaldean. Eraso horren harira, Donald Trump AEBetako presidenteak gogor egin du Iranen aurka. «Gogor joko diegu; jipoia jasoko dute», esan du Fox telebista kanalean egin dioten elkarrizketa batean.Â
Washingtonek eta Teheranek memorandum bat sinatu zuten ekainaren erdialdean, eta, hortaz, aldi baterako su etena ere ezarri. Hiru bat aste iraun zuen meniak, harik eta Donald Trump AEBetako presidenteak amaitutzat jo zuen arte; bi aldeek erasoei ekin zieten berriro, eta, hamahiru egunez jarraian elkarri eraso egin eta gero, erasoak eten egin zituzten joan den asteburuaren bueltan, gaur arte.
400Txina zenbat misil jaurtigailu bidaltzekoa den Irani. Reuters albiste agentziak kaleratutako informazio baten arabera, Iran laurehun misil jaurtigailu eramangarri jasotzekoa da datozen asteetan, eta Txinari erosi dizkio 70 milioi dolarren truke, gutxi gorabehera —61 milioi euro pasatxo—. Hori esan diote salerosketarekin harremana duten zenbait iturrik. Agentziak Irango eta Txinako Atzerri ministerioei galdetu die horren inguruan: batak ez dio erantzun, eta besteak esan dio «oinarririk gabeko» informazioa dela.
Nazioartea diplomaziari begira dago, arlo horrek zer ekarriko. Trump eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa atzo bildu ziren Etxe Zurian, eta bi aliatuetako bakoitzak tonu batean deskribatu zuen bilera: AEBetako presidenteak sare sozialetan idatzitako mezu batean esan zuen «oso ondo» joan zela bilera, eta «gai garrantzitsu asko» izan zituztela hizpide; Israelgo lehen ministroak, berriz, Fox News kateari emandako elkarrizketa batean adierazi zuen bi agintarien arteko harremana «granitozko harresi bat» dela: «Gurekin kritikoak direnak dezepzionatzea gustatzen zait beti, gure aliantzan arrakalak aurkitzen saiatzen diren horiek». Netanyahuren iritziz, orain arte izan duten bilerarik «onenetakoa» izan zen atzokoa —elkarrekin egon gabeak ziren otsailean gatazka areagotu zenetik—, eta berretsi zuen «konpromiso bat» dutela bi herrialdeek: «Ez dugu nahi Teherango erregimen fanatikoak arma nuklearrik izatea».