Muamar Gaddafirenerregimenaren eta erreboltarien arteko gerra azkenetakotan dela ematen du. Borroka armatuak bete-betean eragin dio Libiaren petrolio ekoizpenari: matxinada hasi aurretik, Libiak 1,55 milioi upel merkaturatzen zituen egunero; orain, berriz, 50.000 upel baino ez ditu egiten. Hau da, sei hilabeteotan ekoizpena %97 murriztu da. Armak berriro isiltzen direnean, Libia ez da egun batetik bestera itzuliko gerra aurreko ekoizpen erritmora.
Azpiegituren kalteen balorazioa oraindik egiteko dago. Dena den, industriako analistek aurreratu dute bi urte inguru beharko dituela berriro 1,6 milioi upel ekoizteko egunean. Ziurrenik, ekialdeko hobiak normalizatukodira lehendabizi. Egun, gerra hasieratik erreboltarien eskuetan den Agoco konpainiak uste du hiruzpalau asteren buruan petrolio hobiak eta urre beltza garraiatzeko 400 kilometroko petroliobidea konponduta egongo direla. Azken hilabeteetan gerra mendebalderantz zuzendu izana baliatu dute konponketa lanak bizkortzeko. Espainiako Repsol YPF konpainia ere oso baikor ageri da, eta urte amaierarako 350.000 upel egunean ustiatu ditzakeela uste du. Bi aurreikuspenok betetzen badira, esan nahiko luke urtarrilerako ekoizpenaren erdia berreskuratuko lukeela herrialdeak.
Ez da gutxi, Libia aktore garrantzitsua baita petrolio merkatuan.Iaz, esaterako, 42.000 milioi dolar lortu zituen petrolio esportazioen bidez. Petrolioaren %75 Europako Batasunera esportatzen du Libiak, eta horrek erakusten du EBk ez duela inongo erreparorik izan aspaldidanik Gaddafirekin merkataritza harremanak izateko. Berez, Gaddafiren Libia Europako Batasuneko 11. inportatzaile nagusia izan da: 2009an, 26.520 milioi eurokoa izan zen EBren eta Libiaren arteko merkataritza trukea, eta 20.207 milioi euro Libiaren petrolio esportazioei dagokie.
Herrialdeei erreparatuta, Italia izan du Libiak bazkide nagusi (esportazioen %40). Ondoren bazkide garrantzitsuenak Alemania (%12), Frantzia (%7,4) eta Espainia ditu (%6,9).
Petrolio bidez lortutako diruari esker, Gaddafik 2006an funts subirano bat sortu zuen, eta, kalkulatzen denez, 65.000 milioi dolarreko ondarea luke munduan zehar. Erdia berehala erabiltzeko moduan egongo litzatekeen diru likidoa litzateke.
Protestak herrialde arabiarretan. Libia
Gatazkak petrolioaren iturria itxi du
Gerrak azpiegituretan egindako kalte handien ondorioz, sei hilabeteotan asko apaldu da Libian petrolio ekoizpena: egunean 1,5 milioi upel ekoizten zituen lehen, eta 50.000 upel eskas orain. Adituek kalkulatu dute bi urte beharko dituela ekoizpena berriro normala izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu