Gaza Berreraikitzeko Ministerioarteko Goi Batzordeak egindako planak 4.000 milioi dolarren balioa du. "Gobernuak ez du gehiago onartuko gure herriarekiko errepresioa eta bakartzea. Gaza Palestinako Estatuaren parte da, eta Mediterraneorako bere atea", azaldu du Mohamad Mustafak, batzordeko zuzendariak.
Mustafak adierazi duenez, Gazaren garapena "erabakigarria" da Palestinarentzat: "Ez dago zalantzarik: gobernuaren arrakasta Gazaren berreraikitzean egonkortasuna bermatzeko giltza da".
Plan hori aurretik egindako ikerketa baten emaitza da. Azterketa horretan, aintzat hartu dituzte Israelen erasoaldiak hasi aurreko egoera eta Gazan ezarritako "blokeoa".
414 milioi dolar herritarrei berehalako laguntza emateko erabili nahi dituzte, beste 1.200 milioi suspertzea bizkortzea eta 2.400 milioi garapen iraunkorrerako.