ASKATASUNAREN FLOTILLAN EGINDAKO BIDAIAREN KRONIKA (III)

Gaza dute jomuga, kosta ahala kosta

Behin eta berriz saiatuagatik, ez dute lortu, Gazara gerturatzen diren ontziak atzeman egiten baititu Israelek; azken aldietan, gainera, flotillako hainbat kide atxilotu eta torturatu dituzte. Beldurrak beldur, berriro ere itsasoratu dira haietako batzuk.

Askatasunaren Flotillako 'Kate' ontzia, portu batera gerturatzen. BERRIA
Askatasunaren Flotillako 'Kate' ontzia, portu batera gerturatzen. BERRIA
maddi iztueta olano
KATE-TENACITY
2026ko irailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Serieko artikulu guztiak

«Beldur naiz, noski, baina handiagoa da Gazako haurren izua». Bizkarra egongelako atzeko paretari itsatsita daukala, Colm Byrne Askatasunaren Flotillako kideak aitortu du ez duela gogoko egingo duena egin behar izatea, baina, bi besoak tolestuta eta esku ahurrak gorantz begira jarrita, irri txikiz, nabarmendu du edozer egiten duela ere «bukaeraraino» egiten duela; ez pixka bat, ez zatika, oso-osorik baizik, hasi eta buka. Gazara ailegatzea helburu, hirugarrenez itsasoratu da iazko udazkenetik hona, baita Frank Romano eta Cormak O'Doly ontziko kideak ere. Zerrendara iristeko zorian egon ziren aurreko bi aldietan; Israelgo armadak, ordea, beren ontziak atzeman zituen, eta haiek, berriz, atxilotu eta «torturatu». 

Global Sumud Flotillak iazko irailean eta aurtengo maiatzean —azken hori Askatasunaren Flotillaren Koalizioarekin elkarlanean— antolatutako misioetan parte hartu zuten Byrnek, O'Dolyk eta Romanok. Bartzelonatik  abiatu zen 2025eko iraileko misioa, eta 42 ontzik eta berrogei herrialdetik gorako 462 herritarrek hartu zuten parte. Byrne ez da akordatzen Israelgo armadak zein egunetan atzeman zituen zehazki, baina badaki ostegun goiz bat zela, eta Gazatik 40 itsas milia ingurura zeudela —elkarteak emandako informazio ofizialaren arabera, 70 itsas milia ingurura—. Ontzira igo, eskifaiako kideak atxilotu, eta Israelgo kostaldeko Axdod herrira eraman zituzten; handik, Ktzi'ot espetxera. Bost egun egin zituen preso, baina harro dio ez zuela sinatu hura deportatzea baimenduko zukeen dokumenturik.

Ia astebete egon ziren preso Romano eta O'Doly ere; eta, halere, handik zortzi hilabetera, berriro itsasoratu ziren. Global Sumud Flotillak eta Askatasunaren Flotillak elkarlanean antolatu zuten joan den maiatzeko misioa; Turkia hego-mendebaldetik irten ziren 54 ontzi eta laurehun pertsonatik gora, Gazara iritsi eta blokeoa hausteko asmoz. Israelgo armadak ontzi horien ia erdiak atzeman zituen, ordea, eta hiru ekintzaileak bat datoz: aurreko aldian baino nabarmen bortitzago jokatu zuen. Byrnek aitortu du oraindik ere «kosta» egiten zaiola gertatu zena sinistea; O'Dolyk, berriz, uste zuen inork ez zuela egin zizkieten torturen berri izango. 

«Israelek txiki-txiki eginda uzten ditu ontziak, suntsitu egiten ditu, eta gehienetan zaila izaten da horiek errekuperatu eta konpontzea»

COLM BYRNE Ekintzailea

Byrneren parean eseri da O'Doly, eta tarteka, haiei galderak egiten ari diren kazetariei begiratu arren, elkarri mintzo dira; hitzez hitz eta esaldiz esaldi, bata bestearen oroitzapenak osatuz. Azaldu dutenez, Israelgo armadak ontzi militarretara eraman zituen lehorrera eraman beharrean, hots, «kartzela ontzietara». Haien arabera, hainbat orduz izan zituzten han, itsas zabalaren erdi-erdian, nazioarteko uretan, «jipoitu eta arrastaka alde batetik bestera» astintzen zituzten bitartean. Byrnek salatu du haien kide bati zortzi saihets hezur hautsi zizkiotela, eta, jasandako kolpeen ondorioz, gibeleko arazoak dituela. «Zerri baten pare tratatu gintuzten, eta umiliatu egin gintuzten», gaineratu du. Misio honetan Gazara iristeko aukerarik balute, eta Israelek hirugarrenez atzemango balitu, Byrnek, Romanok eta O'Dolyk hiru urteko espetxe zigorrari egin beharko liokete aurre, hiru aldiz Israelgo Estatura «legez kanpo» sartzen saiatzea leporatuta.

Laguntzeko «pribilegioa»

Hamaikagarrenez aireratu da halako ekintza arriskutsu batean parte hartzera zerk bultzatzen dituen argitu asmo duen galdera, eta beste galdera bat eginez erantzun du Byrnek: «Egiteko kapaz banaiz, zergatik ez dut egingo? Misioetan parte hartzeko pribilegioa dut; nire bizitzan izandako pribilegio handienetako bat da». Eta Gazako egoera zein den gogorarazi du: «Haurrak eta jende errugabea deshumanizatzen ari dira». Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik Israelgo armadak 72.000 palestinar inguru hil ditu zerrendan, eta ehunka mila zauritu. 

O'Dylanek ongi daki nola bizi diren Gazan eta Zisjordanian, bi lurraldeetan izana baita. Bigarren intifadan (2000-2005) hasi zen Palestinaren inguruan irakurtzen, artean 20 urte zituelarik, eta esan du 2007an ezarritako setioak eta hurrengo urteetako indarkeriak «biziki harritu eta izutu» zituela. Eta gehitu du: «Palestinaren inguruan zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago egin nahi dut laguntzeko». Laguntzeko grina horrek bultzatuta, 2010ean Afrika iparraldetik abiatutako lehorreko konboian hartu zuen parte; bi urte geroago, 2012an, Libanoko palestinar errefuxiatuentzako kanpalekuetara joan asmo zuen konboian; eta, 2013an, Zisjordanian bizi izan zen denboraldi batez. Maiz bisitatu du Zisjordania, eta azaldu du hara joaten den bakoitzean Israelgo soldaduek «umiliatu» egiten dutela kontrolguneetan.

«Palestinaren inguruan zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago egin nahi dut laguntzeko»

CORMAK O'DOLY Ekintzailea

Kate-ko kapitainak —segurtasun arrazoiak tarteko ez da komeni kapitaina nor den zehaztea— telefono deiak egiten eman du goiza: ontzia lehorrera eraman behar da, baina ezin da edozein portutan gelditu. Ziurrenik, atzera egin beharko da Galizira iritsi baino lehen. Erretiroa hartzeko adinean dago Kate, 1960ko ontzi bat baita. Flotillaren misioetan matxurak izatea ohikoa dela dio kapitainak, ontzi zaharrak izan ohi baitira. Zer-nolako ibilaldi luzeak egin ohi dituzten jakinda zergatik ez dituzten ontzi berriagoak erosten galdetuta, Byrnek zera azaldu du: «Israelek txiki-txiki eginda uzten ditu ontziak, suntsitu egiten ditu, eta gehienetan zaila izaten da horiek errekuperatu eta konpontzea». Gainera, esan du ez liratekeela fidatuko: «Ni ez nintzateke ontzi horietara itzuliko, badaezpada».

Gobernuen «konplizitatea»

Irlandarrak dira Byrne eta O'Doly. Espainiako eta Norvegiako gobernuekin batera, Irlandako Gobernuak Palestinako Estatua aitortu zuen 2024ko maiatzaren 28an; eta, beste biak bezalaxe, Palestinaren alde gehien lerratu diren Mendebaldeko herrialdeetako batentzat jo izan da 2023ko urriaz geroztik. Beren gobernuaren jarrera «hipokrita eta kontraesankorra» dela uste dute Byrnek eta O'Dolyk, ordea. O'Dolyren arabera, Irlandako Gobernuak oraindik ere harreman komertzialak ditu Israelekin, eta uste du Irlanda Ameriketako Estatu Batuen «politika eta sistema kapitalistaren menpeko» dela. Horren adibide gisa aipatu du munduko teknologia konpainia handienek Irlandan dituztela beren Europako egoitza nagusiak, hala nola Googlek, Applek, Amazonek eta Metak.

Europako Batzordeak emandako datuen arabera, Europako Batasunetik iristen dira Israelgo inportazioen %33; eta Israeldik EBra doaz bere esportazioen %29

«Hipokrita eta kontraesankorra» iruditu zaie, halaber, joan den astean EB Europako Batasuneko zenbait herrialdek kolono israeldarrek okupatutako lurretan ekoitzitako produktuen esportazioei jarritako debekua. Erabaki hori hartu zuten, besteak beste, Erresuma Batuak, Frantziak, Irlandak eta Espainiak. Bada, produktu horiei debekua ezarri arren, aipatutako lau herrialde horiek harreman ekonomiko estua dute Israelekin; hots, NBE Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera, Israeldik produktu gehien inportatzen dituen bigarren herrialdea da Irlanda, AEBen atzetik. Talde komunitario osoari erreparatuz gero, harremana are estuagoa da: Europako Batzordeak emandako datuen arabera, Europako Batasunetik iristen dira Israelgo inportazioen %33; eta Israeldik EBra doaz bere esportazioen %29.

O'Dolyk salatu duenez, Israelgo armadak flotillako ontziak atzeman eta eskifaiako kideak torturatu zituenean ere, Irlandako Gobernuak «ez ikusiarena» egin zuen. Kontatu duenez, egun horretan bertan, joan den maiatzaren 20an, Israelekin harreman ekonomiko oro eteteari buruzko lege erreforma bat bozkatu zuten Irlandako Parlamentuan; hamabost botoren aldearekin, ordea, ezezkoa gailendu zen. Besteak beste, Irlandako Gobernua osatzen duten Fianna Fail eta Fine Gael alderdietako ordezkariek egin zuten ezezkoaren alde. «Une horretan bertan hainbat irlandar torturatuak izaten ari ginen», errepikatu du O'Dolyk. Jorgen Pedeksen eskifaiako kidea bosgarrenez itsasoratu da. Norvegiarra da, eta hark ere argi du: «Gobernuek asko hitz egiten dute, baina ez dute nahikoa egiten; ezinbestekoa da Israeli armak saltzeari eta erosteari uztea».

Flotillako kide batzuk, ontzigainan.
Flotillako kide batzuk, ontzigainean.

Lehorrera ailegatu ahala gero eta bareago dago itsasoa. Ontzia ez da ia mugitzen, eta azken orduak zorabiatuta igaro dituzten kideak beren onera itzultzen ari dira apurka-apurka. Pedeksen kostaldean hazitakoa eta itsasoan ibilitakoa da, baina algaraka aitortu du oraindik ez duela zorabioaren eta tripako minaren aurkako errezetarik asmatu. Eguzkia ezkutatzen hasi da, eta, Kate gelditu denerako, piztu dituzte kaleko argiak. Espainia iparraldeko portu batean —segurtasun arrazoiak tarteko, ezin da zehaztu non dauden— itzuli dira lehorrera hamaika jatorritako hamabost lagun; matxura konpontzea da helburua, eta, aurreikusitako egutegia zertxobait atzeratu arren, ahalik eta lasterren Gazara iristea. Oraingoan ez bada, hurrengoan; Palestinarekiko elkartasunak ez baitu iraungitze datarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA