Ekialde Hurbila

Gaza lurrez inbaditzeko prestatzen ari da Israel

Plan bat aurkeztuko dio armadak gobernuari, gaur iluntzean, eta baliteke horren ostean hastea lurreko ofentsiba. Joe Biden AEBetako presidenteak babesa helarazi dio Tel Avivi. Palestinarren eta israeldarren arteko gatazka Israelgo hiri gehiagotara zabaldu da. Eskuin muturreko jende saldoak arabiarrak jipoitzen eta dendetako kristalak hausten ibili dira.

Edu Lartzanguren - Julen Aperribai
2021eko maiatzaren 13a
11:19
Entzun

Sarraskiak ez du etenik Gazan. Bonbardaketak egiten eta mugatik lehergailuak botatzen ari da oraindik ere Israel, eta etengabe ari da handitzen erasoen ondorioz hildakoen kopurua. Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera, 83 lagun hil dituzte jada, eta gutxienez 487 lagun zauritu. Aireko erasoen ondorioz ez ezik, «gas toxikoa» arnastuta ere hil dira horietako zenbait, ministerioaren arabera.

Palestinako milizak ere suziriak jaurtitzen ari dira oraindik, baina misilen aurkako Israelen sistemak atzeman ditu gehienak. Armadak zabaldu duenez, suziri horien %90 geldiarazi ditu. Harrapatu ez dituen lehergailu apurrek sei israeldar hil dituzte orain arte, Israelgo Armadaren arabera. Halaber, Gazatik berriki ehunka suziri bota dituztela adierazi du armadak, eta, horren aurrean, mugako postuak indartu dituela.

Lau egunez Gaza bonbardatzearekin nahikoa ez, eta erasoaldi militarrari beste dimentsio bat eman nahi dio Israelek orain, lurrez ere erasoak eginez. Hidai Zilberman bozeramaileak adierazi du Gazako Zerrenda inbaditzeko plan bat aurkeztuko dutela gaur. Israelgo Gobernuaren Segurtasun Kontseilua 20:00etan elkartuko da gaur Tel Aviveko armadaren egoitza batean, eta baliteke bilera horretan oniritzia ematea planari. Armadaren ordezkari batek Reuters berri agentziari jakinarazi dionez, azken orduetan armada tropa, artilleria eta tanke ugari bidaltzen ari da. Haren esanetan, lurreko operazioen prestaketa «hainbat etapatan» egin nahi du Tel Avivek.

Horretarako, AEBen babesik ez du faltako. Etxe zuriak ohar batean jakinarazi du Joe Biden presidenteak sostengua agertu diola Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroari: «Bidenek hautsi ezinezko babesa helarazi dio Israelgo segurtasunari, eta haren herria defendatzeko duen eskubide legitimoari. AEBen animoak ere helarazi dizkio, lasaitasun jasangarri bat ezartzeko bidean».

Su-etena lortzeko orain arteko ahaleginek porrot egin dute, baina, Al Jazeera hedabideak zabaldu duenez, Hamas prest legoke menia emateko. Aitzitik, Israelek horretarako borondaterik ez duela dio Al Jazeerak; ez, behintzat, milizia palestinarrek suziriak jaurtitzen dituzten artean. Bitartekari lanak egiteko gidaritza Egiptok hartu du orain arte, arrakastarik gabe. Ahalegin horretan ari da oraindik ere; Egiptoko bi funtzionariok anonimoki jakinarazi dute Egiptoren ordezkaritza bat Tel Aviven dagoela, Israelekin su-eten bat negoziatzeko asmoz. Ordezkaritza hori bera aurrez Hamasekin bildu dela ere adierazi dute.

Israelgo Gobernuaren eta armadako ordezkarien orain arteko adierazpenek ez dute aditzera eman baretzeko asmoa dutela. Nadav Argaman Shin Bet Israelgo zerbitzu sekretuetako buruaren hitzak jaso dituzte Israelgo hedabideek: «Orain ez da hitz egiteko momentua». Hamaseko eta Jihad Islamikoko milizianoen hilketa selektiboak gidatzen ditu Argamanek, eta, hedabide horien arabera, jopuntuan dituzten milizianoak akabatu arte ekinean jarraitzeko asmoa du.

Israelen oldarraldiari militarki erantzuteko asmoa duela jakinarazi du Al Qassam brigadak, Hamasen adar armatuak. Abu Obeida bozeramaileak Israeli ohartarazi dio «marra gorririk» ez dagoela «Al-Alqsa bortxatzen baldin bada», azken egunetan Jerusalemgo meskita horretan izandako istiluei erreferentzia eginez. Dimona, Tel Aviv eta beste zenbait hiri bonbardatzea «ura edatea baino errazagoa» zaiela nabarmendu du Obeidak: «Gure herritarrei ziurtatzen diegu suziri gehiago ditugula. Gure erasoek etsaiaren hauskortasuna agerian utzi dute». Israelek tropak Gazara hurbildu dituela eta, Al Qassam brigadaren bozeramaileak esan du "sakonki damutuko" dela Israel, lurrez Gaza inbaditzen badu.

Lintxamendu saioak eta istiluak

Azken egunetako giroa bero zegoen, baina bart urrats bat harago egin du indarkeriak Israelen bertan. Juduen eta Israelgo arabiarren arteko liskarrak areagotu egin dira gauean. Eskuin muturreko israeldar saldo bat palestinarren denden kristalak hausten ibili da hainbat hiritan, eta arabiartzat hartzen zutena jipoitzen kalean.

Israel sortu ondorengo 1948ko gerran euren bizilekuetan geratu ziren palestinarrak dira Israelgo arabiarrak. Gehienak musulmanak dira, baina asko kristauak dira, eta batzuk drusoak. Gehienek Israelgo palestinar gisa definitzen dute euren burua, eta populazioaren %20 inguru dira. Teorian eskubide berak dituzte, baina diskriminazioa salatzen dute. Azken egunotan, eskuin muturreko juduen jomuga bihurtu dira Israelgo hiri mistoetan.

Tel Aviv hiribururaino heldu ziren bart istiluak. Haaretz egunkariak zabaldu duenez, eskuin muturreko jende saldo batek gidari bat autotik atera eta jipoitu egin zuen Bat Yam auzunean, arabiarra zela uste zutelako, oker uste ere. Lintxamendu saioa zuzenean eman zuten Israelgo telebistan. Polizia ez zen agertu 15 minutu pasatu arte.

Gidaria larri dago, baina egonkor, erietxeko iturrien arabera. Horren aurretik, arabiarren denda askotako kristalak apurtu zituzten.

Antzera gertatu zen Haifa hirian.

Iparraldeko Acre hirian, bost arabiarrek 30 urteko judu bati egin zioten eraso. Eta antzekoak gertatu ziren beste hainbat lekutan, Jerusalemen kasu.

Lod hiria izan da istiluen epizentroetako bat azken egunetan, populazio palestinar handia duelako. Asteleheneko istiluetan judu batek hil zuen Moussa Hassuna gaztearen beilatokiaren kontra jo zuen judu talde batek. Hirian etxeratzeko agindua ezarria du Poliziak.

Akiva hirian, 30 urteko palestinar bat larri zuritu zuen judu talde batek autobide batean. Antzeko erasoa egin zuten Tiberias hirian.

Gertaerok alarma piztu dute Israelgo Gobernuan. Atzo arratsaldean, arabiarren aldetik asteartean gertaturiko istiluak «progrom» bat izan zirela esan zuen Reuven Rivlin Israelgo presidenteak, eta buruzagi arabiarren «isiltasuna» salatu zuen. Baina bart gaueko lintxamendu saioak ikusita, Benjamin Netanyahu lehen ministroak hitz egin behar izan du. «Israelgo herritarrei zera esango dizuet: bost axola zait odola sutan baduzue. Ezin duzue legea zuen esku hartu. Ezin duzue herritar arabiar soil bat hartu eta hura lintxatzen saiatu, herritar arabiar batek judu bat hartu eta lintxatu ezin duen bezala».

Atzo Gazaren aurkako eraso militarrak gogortu zituen Israelek, eta 65 lagun hil ditu dagoeneko Gazan. Benny Gantz Israelgo Defentsa ministroak esan zuen operazioak ez duela «amaiera datarik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.