Israelek erasoak gogortu ditu, eta 65 lagun hil ditu dagoeneko Gazan

Benny Gantz Israelgo Defentsa ministroak esan du operazio militarrak ez duela «amaiera datarik». NBEren Segurtasun Kontseilua gatazkan posizionatu gabe geratu da berriz, AEBek eragotzita

Eraikin bat sutan, Gazan, Israelek botatako lehergailuek jo ostean. HAITHAM IMAD / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun

Egunetik egunera larriagotzen ari da Gazako egoera, eta 2014an eremu berean 50 egun iraun zuen gatazka militarraren itxura gero eta handiagoa hartzen ari da egunotan han gertatzen ari dena. Israelen erasoaldi militarra fase berri batean sartu zen atzo. Aurreko egunean Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroak iragarri moduan, erasoen intentsitatea eta kantitatea handitu zituen armadak, bonbardaketa masiboak, hegazkinen bidez jaurtitako misilak eta miliziano palestinarren hilketa selektiboa tartekatuta. Orain arteko azken balantzearen arabera, Tel Avivek 65 hil ditu dagoeneko astelehenetik, Gazako Osasun Ministerioaren arabera; besteak beste, hamalau ume.

Ikusi gehiago:argazki bilduma

Goizalderako, aurreko egunean baino zazpi lagun gehiago hilak zirela jakinarazi zuen ministerioak. Israelgo armadak zehaztu zuen, besteak beste, haren misilek Hassan Kaogi Hamasen segurtasun militarreko saileko burua jo zutela, eta baita kontraespioitzako saileko burua ere, Wail Issa. Geroago, Hamasek esan zuen erakunde horren Gazako komandantea, Bassem Isa, ere hil zela atzoko erasoetan, zeina Hamasen kontseilu militarreko buruetako bat baitzen.

Gazako hainbat polizia etxe ere suntsitu zituzten, besteak beste, Hamasen polizia egoitza nagusia. Baina, horiez gain, etxebizitzak ere suntsitu zituzten bonbardaketek: hamahiru solairuko dorre bat bota zuen Israelek, besteak beste.

Egoera baretzetik urrun, Benny Gantz Israelgo Defentsa ministroak ohartarazi zuen eraso horiek beste hainbaten aurrekari izango direla. Adierazi zuen Israel ez dela «su-eten baterako prestatzen» ari, eta operazio militarrak ez duela «amaiera datarik». Kontrara, mehatxua berritu zuen: «Gazan etxe orratzak erortzen ari dira, enpresak suntsitzen, tunelak desagertzen, eta buruzagi militarrak hiltzen. Bonbardatzen jarraituko dugu, eta, gero, isiltasuna helduko da luzerako».

Aurreko egunetako gertaeren hurrenkera antzekoan, Hamasek eta Jihad Islamikoak berehala erantzun zieten Israelen erasoei, Gazako Zerrendaren beste aldera suziriak jaurtiz. Hamasi lotutako Al-Qassam brigadak jakinarazi zuen hamabost lehergai bota zituela Dimona eremura —han dago Israelgo erreaktore nuklear nagusia—, eta beste 50 Ashdod hirira. Denera, milizia palestinarrek 600 suziri inguru bota dituzte astelehenetik, baina Israelgo defentsa unitateek geldiarazi egin dituzte gehienak. Palestinarren erasoek sei lagun hil dituzte, agintari israeldarrek jakinarazi dutenez: bost, suzirien inpaktuen eraginez, eta beste bat, tankeen aurkako misil batekin, Gazako Zerrendako mugan.

Israelen mehatxuek ez dute kikildu Hamas, eta Ismail Haniya buruzagiak adierazi zuen bere erakundea «prest» dagoela erasoen gorakadarako: «Israelek egoera gogortu nahi badu, horretarako prest gaude, eta gelditu nahi badu ere, prest gaude». Halaber, Israelgo eta lurralde okupatuetako palestinarren protestak goratu zituen: «Guztiok batera mugitzen ari gara, modu koherentean, okupazioari aurre egiteko», nabarmendu zuen. Jihad Islamikoaren adarreko Al-Quds brigadak ere eraso militarrari eusteko asmoa berretsi zuen, ohar batean: «Ez dugu atzera egingo gure erresistentzian, horren ordaina edozein dela ere». Tel Avivera eta hiri horren ingurura 100 suziri baino gehiago jaurti zituela ere jakinarazi zuen.

Gorakadarako prestatzen

Palestinarren gaitasun militarrak hutsalak dira israeldarrenekin alderatuta, ordea. Gazaren aurkako 500 bonbardaketa egin ditu armadak dagoeneko, eta lurreko erasoetarako ere hasi da prestatzen. Erreserban zituen ehunka soldadu mugara eraman zituen herenegun Israelek, eta atzo ere jarraitu zuen horretan. Are, artilleria astuna ere jarri zuen erasotzeko gertu.

Izan ere, jarduneko gobernuko ordezkarien adierazpenek pentsarazten dute egoera ez dela berehalakoan lehengoratuko. Turkiako Anatolia berri agentziak zabaldu zuen Tel Avivek uko egin ziola su-etena emateko Egiptok eta NBE Nazio Batuen Erakundeak egindako proposamenari. Presio diplomatikoak arinak zaizkio oraindik Israeli, eta horren erakusle da NBEren Segurtasun Kontseilua. Atzo ere elkartu zen Segurtasun Kontseiluko larrialdi mahaia, Israelen eta Palestinaren arteko gatazkaren gorakada aztertzeko, baina, astelehenean gertatu moduan, ezin izan zuten tentsioa baretzeko eskatzeko adierazpen bateraturik atera, AEBak aurka agertu baitziren.

Irmoago aritu zen Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalburu Fatou Bensouda: Israelen bonbardaketak gaitzetsi, eta esan zuen Gazaren aurkako erasoaldia «gerra krimentzat» jo litekeela.

Edonola ere, orain arte nazioartetik heldutako mezuen artean gutxiengoak izan du jopuntuan Israel, eta gehienek neurri berean jarri dute egoeraren karga bi aldeengan. Israelen operazio militarraren gaitzespen irmoago bat nahi du PAN Palestinako Aginte Nazionalak, eta harreman diplomatikoetan jarria du begia. PAN atzo iluntzean biltzekoa zen PAE Palestina Askatzeko Erakundearekin, Gazako egoeraz hitz egiteko. Hainbat herritarrek bide diplomatikoan tematzea egotzi diote PANi, ordea. Kritika hori agerian geratu zen, besteak beste, atzo iluntzean Zisjordanian egindako protestetan.

Palestinako lurralde horretara ere hedatu dira istiluak. Israelgo militarrek gazte bat hil zuten atzo Tubas herrian, beste palestinar bat atxilotzeko asmoz egindako operazio batean. Polizia operazioaren aurka protestan ari zen beste bat ere hil zuten, tiroz. Atxilotuak ere ugari izan dira azken orduetan: Israelgo Poliziak zabaldutako datuen arabera, 270 pertsona atxilotu dituzte, «istiluetan eta protestetan» parte hartzea egotzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.