Israelek lehorreko ofentsiba bat hasi du Gaza okupatzeko helburuz

Lurraldearen erdialdera iritsi dira Israelgo tropak. Gutxienez 153 palestinar hil dituzte azken 24 orduetan, zerrendaren aurka egindako bonbardaketetan. Hamasek eta Israelek menia akordiorako negoziazioak abiatu dituzte berriz.

Emakume palestinar bat, Gaza mendebaldeko Al-Raxid errepidean, atzo. MOHAMMED SABER / EFE
Emakume palestinar bat, Gaza mendebaldeko Al-Raxid errepidean, atzo. MOHAMMED SABER / EFE
maddi iztueta olano
2025eko maiatzaren 17a
15:58
Entzun 00:00:0000:00:00

Israelgo Gobernuak bi helburu zehaztu zituen duela hamabi egun: Gazaren erabateko kontrol operatiboa lortzea eta zerrendako lurraldeak okupatzea. Hala iragarri zuen hilaren 5ean Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, eta ohartarazi «laster» abiaraziko zutela bi asmo horiek betetzeko operazio militarra. Bada, Israelgo armadak ohar baten bidez goizean jakinarazi duenez, atzo gauetik abian da plan hori. Israelgo tropek lehorreko beste ofentsiba bat hasi dute; Gaza iparraldetik irten dira tankeak, eta zerrenda erdialdeko Deir al-Balah hiriaren inguruetara iritsi dira.

Nazioartean larritasuna eragin du Israelgo armadaren azken ekintzak. Horren aurka mintzatu da, besteak beste, NBE Nazio Batuen Erakundeko Idazkari nagusi Antonio Guterres, Arabiar Ligak Bagdaden antolatutako goi bileran egindako agerraldian: «Egiaz larritzen nau Israelek abiatutako lehorreko ofentsibak». Guterresek adierazpen horiek egin bitartean, baina, Israelek jaurtitako bonba hotsak entzun dira zerrendan. Gazako Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera, gutxienez 153 pertsona hil dituzte azken 24 orduetan; horietatik gehienak, zerrendako iparraldean. Egoerari erreparatuta, «ahalik eta lasterren» su eten iraunkor bat adostu beharko litzatekeela esan du NBEko idazkari nagusiak.

Arabiar Ligaren goi bileran Gaza da hizpide nagusia. Horren inguruan hitz egin du, kasurako, Irakeko lehen ministro Mohammad Xia al-Sudanik, eta iragarpen bat egin du: «Funts arabiar bat sortuko dugu, gerren eta krisien ondorioz suntsitutako lurraldeak berriro eraikitzen laguntzeko». Funts horren hasierako helburua litzateke 40 milioi dolar jartzea Gaza eta Libano berriro eraikitzeko. Libano iparraldeko eta erdialdeko eremu gehienetan hasiak dituzte berreraikitze lanak, baina Israelek hegoaldeari eraso egiten jarraitzen du.

ESPAINIAK HAGARI ESKATUKO DIO ISRAELEN BLOKEO HUMANITARIOA AZTERTZEKO

 

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Bagdaden izan da gaur, Arabiar Ligaren goi bileran, «ohorezko gonbidatu» gisa. Hitzaldi bat eman du, eta jakinarazi Espainiak eskatu asmo diola Nazioarteko Justizia Auzitegiari ebazpen bat eman dezala Israelek Gazara bidalitako laguntza humanitarioari ezarritako blokeoaren inguruan. Azaldu duenez, horretarako proposamen bat aurkeztuko du Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusian. «Gaza odolusten ari da gure aurrean, eta ez Europa ez nazioartea ezin dira besoak gurutzaturik egon», gehitu du.

Egiptoko presidente Abdel Fatah al-Sisik ere hitz egin du Bagdaden, eta Israeli ohartarazpen bat egiteko baliatu du agerraldia: «Israelek lortzen badu ere herrialde arabiar guztiekin akordioak egitea eta harreman diplomatikoak lotzea, Ekialde Hurbilean ez da inoiz bakerik izango Palestinako Estaturik ez badago». Hain justu, Israelgo Estatua aitortu zuen eta estatu juduarekin harreman diplomatikoak ezarri zituen aurreneko herrialde arabiarra izan zen Egipto, 1979an egin baitzuen hori. Ia berrogei urte geroago, gauza bera egin zuten Arabiar Emirerri Batuek, Bahrainek, Marokok eta Sudanek, Abrahamen Akordioen bidez.

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbas, berriz, Israelen erasoaldia amaitu ondorengo jokalekura begira jarri da: Gazako sarraskia bukatzeko plan bat ondu dezatela eskatu die Arabiar Ligako kideei. Abbasen ustez, gainera, plan horrek barne hartu beharko luke Hamasek zerrendan duen agintea uztea eta armak entregatzea. Horrekin lotuta, argi utzi nahi izan du eurak prest leudekeela etorkizunean presidentetzarako hauteskundeak egiteko, «Gazan, Zisjordanian eta Jerusalemen horretarako baldintza egokiak» daudenean. Azkenik, esker hitzak izan ditu Donald Trump AEBetako presidentearentzat, «bake iraunkor bat» lortzeko egiten ari den «ahaleginarengatik».

Dohan daude berriz

Arabiar Ligako kideak Bagdaden ziren bitartean, Dohan elkartu dira Hamaseko eta Israelgo ordezkaritzak. Hamaseko goi kargudun Taher al-Nonok Reuters berri agentziari esan dionez, Qatarko hiriburuan berriro abiatu dituzte Gazarako menia bat adosteko negoziazioak. Iturri horren arabera, bi aldeak «puntu guztiak» aztertzen ari dira, eta oraingoan ez dute aurrez baldintzarik jarri.

Negoziazioen berri eman du Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek ere, komunikatu baten bidez. Dena den, adierazi du beren tropek atzo Gazan abiatutako «ofentsibaren ondorioz» erabaki duela Palestinako erakunde islamistak berriro ere elkarrizketak abiatzea. Eta gehitu du: «Hau gertatu da Gazan su eten bat ezarri gabe, eta zerrendara laguntza humanitarioa sartu gabe». Haren arabera, «Gazan ez dago laguntza humanitarioaren beharrik».

Zerrendako egoera geroz eta muturrekoagoa da, ordea. Nazioarteko eta Gazako erakunde eta elkarte humanitarioek behin baino gehiagotan salatu dute, azken asteotan, elikagairik, edateko urik eta oinarrizko baliabiderik gabe geratzen ari direla, Israelek hara bidalitako laguntza humanitarioa blokeatzen duelako. NBEren Munduko Elikadura Programak ohartarazi du gaur, hain justu, itxi egin behar izan dutela Gaza erdialdeko Deir al-Balah hiriko egoitza bat; egunean 5.000 pertsonarentzako janaria prestatzen zuten han.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.