«Ekidistantzia» baztertu eta Israelekiko harreman oro eteteko eskatu dute milaka lagunek Iruñean

Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta egin dute manifestazioa, Nakba hasi zenetik 77 urte bete diren honetan. Israel desegitea jo dute Palestina askatzeko «aukera bakartzat», eta borrokan segitu beharra nabarmendu.

3.000 lagun inguruk egin dute bat Palestinarekin Elkartasuna plataformak deitutako protestarekin, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
3.000 lagun inguruk egin dute bat Palestinarekin Elkartasuna plataformak deitutako protestarekin, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko maiatzaren 17a
17:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Palestinarren Nakba hasi zenetik 77 urte bete dira asteon: 1948ko maiatzaren 15ean abiatu zuen Israelek palestinarren kontrako jazarpen eta suntsitze kanpaina, bere burua estatu izendatzearekin batera. Sarraski gordinak izan ziren. Eta, hain zuzen, hura gogoratzearekin aski ez dela nabarmendu dute milaka lagunek gaur, Iruñeko kaleetan barrena. Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, martxa jendetsu batean ohartarazi dute palestinarrek «Nakba pairatzen» segitzen dutela, eta «determinazio osoz palestinar erresistentzia babesteko» deia egin dute. Israel ez ezik, «konplizeak» ere jarri dituzte jopuntuan. Are, azpimarratu dute haiei kontra egitea dela gizartearen zeregin nagusietako bat, Palestinaren askapena erdietsi nahiko bada. Askapena lortzeko «berme bakarra» zein den ere argitu dute: «Israel desagertzea».

3.000 herritar inguruk egin dute bat manifestazioarekin. Golem zinema aretoetatik hasita, Sarasate pasealekurainoko martxa egin dute eguerdi partean. Martxaren buruan hainbat palestinar izan dira, eta, beste dozenaka pertsonaren laguntzarekin, hedatuta eraman dituzte Palestinako bandera handi bat, ikurrin bat —txikixeagoa—, eta manifestazioaren leloa idatzirik zeukan pankarta: Palestina askatu, Israel desegin. Gainera, haiek guztiak baino are eta aurrerago, bi kidek —haietako bat palestinarra zen— giltza moduko bat eraman dute eskuetan, eta, hala, herritarren babesa gatazkaren giltza dela irudikatu —giltza da, halaber, Nakbaren sinboloa: kanporatu zituzten palestinarrek haiekin eraman zituzten etxeko giltzak, jabetza oroitarazi eta itzultzeko nahia adierazteko—.

«Israel hornitzen, finantzatzen eta hari zilegitasuna ematen dioten hainbat instituzio eta enpresa ditugu hemen, baita Israeli esker aberasten direnak ere. Harreman horiek etetea lortu arte presioa egitea dagokigu»

IDOIA SAEZPalestinarekin Elkartasuna plataformako kidea

Protestan, Euskal Herriko instituzio, alderdi eta enpresei zuzendu dizkiete mezuak batik bat. «Israel hemen ere hasten baita», ohartarazi du Idoia Saez Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideak manifestazioa hasi atarian. «Israel hornitzen, finantzatzen eta hari zilegitasuna ematen dioten hainbat instituzio eta enpresa ditugu hemen, baita Israeli esker aberasten direnak ere. Harreman horiek etetea lortu arte presioa egitea dagokigu», erantsi du.

Israelek Euskal Herrian dituen «konplizeei» buruz hitz egiteko garaian, aldarri lausoei iskin egin nahian, hainbatek propio seinalatu dituzte enpresa batzuk; CAF, esaterako. Hari eskainitako pankarta handi bat bistaratu dute martxan, eta, haren bidez, deialdi hau iragarri: ekainaren 14an manifestazio nazionala eginen dute Donostian. CAF, jaitsi zaitez Israelen apartheidaren trenetik izanen dute leloa.

Martxa abiatu eta Sarasate pasealekura ailegatu bitarte, askotariko protesta oihuak ozendu dituzte herritarrek. Haien bidez, besteak beste, Europaren ardura seinalatu dute, baita Palestinan gertatzen ari dena «gerra bat ez baizik eta genozidio bat» dela nabarmendu ere, indarrez. Bestalde, Israelen zuriketa arrosaren kontrako mezuak ere zabaldu dituzte, eta Eurovision jaialdiaren kontrako kartelak ere bistaratu dituzte zenbaitek —gaur eginen da festibaleko finala, Basilean (Suitza), eta lehian izanen da Israel—. Funtsean, Israeli boikot egiteko deia egin dute, batera edo bestera, kasik etengabe; askotan, txaloka ere bizitu dute protestaren doinua. Banderak airean astinduta ere bai.

Entzungor eta kontra

Haurrak, gazteak, helduak zein zaharrak; adin guztietako jendea batu da protestara. Are, ardurak hartu dituztenen artean ere soslai askotarikoak izan dira. Aritz Gonzalez gaztea, adibidez, protestaren mezu nagusia jasotzen zuen afixa banatzen aritu da han-hemenka, eta manifestazioan parte hartzen ari ez zirenei ere saiatu da hura helarazten. 

Gonzalezek BERRIAri aitortu dionez, Palestinaren aldeko mugimenduaren kontrako jarrera ugarirekin egin du topo jardun horretan aritu delarik. «Askok ez dute afixa hartu nahi izan. 'Gora Israel' bota digun baten batekin ere egin dugu topo, edo besteren batek zera esan digu: ez duela nahi komunismoarekin ikustekorik daukan deus», kontatu du.

Jendetzak egin du bidea Golem zinema aretoetatik Sarasate pasealekuraino. I. U. / FOKU
Jendetzak egin du bidea Golem zinema aretoetatik Sarasate pasealekuraino. I. U. / FOKU

Ordubete inguruko bidea egin ondoan ailegatu da jende andana helmugara, eta, txalo zaparrada luze baten ondotik, Nora Birawi igo da oholtza gainera —palestinarra da—, komunikatua irakurtzera. Besteak beste, «ekidistantzia» bazter uztera deitu du, «ekidistantzia salatzera» ere bai, eta, horregatik, nabarmendu du «Palestinaren aldeko lubakian» dauden herritarren egitekoetako bat dela «zapaltzailea eta zapaldua argi bereiztea». Birawik euskaraz egin du hitzaldia, eta, segidan, Mona Abbas palestinarra arabieraz mintzatu da, eta Gladys Giraldo, gaztelaniaz.

Tinko borrokan jarraitu beharra ere nabarmendu dute hirurek. «Antolakuntza da dugun bide bakarra», zehaztu dute. «Inork ez du palestinarren alde egingo, ez badu herri guztietako langileon antolakuntza internazionalista indartsu batek egiten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.