Israelgo Segurtasun Kabineteak gibeleratu egin du gaurko bilera, zeinetan Benjamin Netanyahu herrialdeko lehen ministroaren azken erabakia eztabaidatu behar zuten. Helburu bakarra du Netanyahuk: Gazako eremu osoa okupatzea, herrialdeko hedabideek iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez. Hala, Segurtasun Kabinetearen bilera batera deitua zuen gaurko, zerrenda osorik okupatu edo ez erabakitzeko, Yedioth Ahronoth Israelgo egunkariak zehaztu duenez.
Ministerio nagusietako kargudunek osatzen dute Israelgo Segurtasun Kabinetea, eta haien esku dago Gazaren etorkizuna, haiek erabakiko baitute Netanyahuren proposamena onartu edo ez. Baiezkoak irabazten badu, bahituak egon daitezkeen lekuetan ere eginen dituzte erasoak, bertzeak bertze. Erabaki hori, baina, gibeleratu eginen dute, eta oraindik ez dute jakinarazi noiz eginen duten bilera.
Bart eman du Netanyahuk bere erabakiaren berri, eta haren ordezkariak jakinarazi du «borrokekin jarraitzeko asmoa» dutela, «baita bahituak egon daitezkeen lekuetan ere», egunkariak bildu duenez. «Estatu Nagusiko burua [Eyal Zamir, Israelgo armadaren burua] ados ez badago, dimisioa eman dezala». Hain zuzen ere, armada agindu berri horien kontra agertu da gaur, eta, «bahituei kalte egiteko beldurrez», erasorik ez egitea erabaki du. Segurtasun Kabineteko hainbat kargudunek, berriz, Netanyahuren alde egin dute.
Armadaren jarrera ikusita, Netanyahu, Zamir eta Katz, besteak beste, hiru orduz bilduta egon dira gaur arratsaldean. Bileraren ostean, lehen ministroaren bulegoak nabarmendu du, kaleratutako ohar batean, armada «prest» dagoela segurtasun kabineteak hartutako «edozein erabaki» jarraitzeko. Israelgo hedabideen arabera, erasoaldiak gogortzeko plana aurkeztu dio armadako buruak Netanyahuri, zerrenda osoa okupatu behar gabe.
Lehen ministroaren ordezkariak baieztatu duenez, «erabakia hartuta dago», baina gainerako kargudunen oniritzia behar du. «Hamasek ez du bahitu gehiago askatuko gu erabat errenditu gabe, eta guk ez dugu amore emango», adierazi du. «Jarduteko presa» dutela ere erran du, batik bat bahituak gosez hilko direlako «oraintxe» erantzuten ez badute. «Gazak, bertzela, Hamasen kontrolpean jarraituko du».
Palestinako Kanpo Arazoetarako Ministerioa plan horren kontra agertu da, eta nazioarteko komunitateari eskatu dio «lehenbailehen» esku hartzeko. Maniobra berriak eragozteko eskatu dio, izan presioa eginez, izan nazioarteko erreakzioak bilatuta: «Baina har dezala benetako arazo serio gisa». Netanyahuk, oraingoz, entzungor egin die adierazpen horiei.
Segurtasun Kabineteak ohiko beste bilera bat egin zuen atzo, eta «etsaiaren porrotaren bila» doazela azpimarratu zuen lehen ministroak. «Gure bahituak askatuko ditugu, eta Gaza jada ez da mehatxu bat izanen israeldarrentzat», Yedioth Ahronoth egunkariak kontatu duenez.
Netanyahuri presioa handitzen ari zaio bi aldeetan: barnean eta kanpoan. Nazioartean geroz eta ozenago ari dira eskatzen Gazan laguntza humanitarioa sartzeko modua eman dezala eta gerrari amaiera eman diezaiola. Zerrendako osasun iturriek emandako datuen arabera, gaur 54 palestinar hil ditu Israelek zerrendaren erdigunean, eta, atzo, 74. Kanpo presio horri ez ezik, barne presioari ere egin behar dio aurre, Hamasek gatibu dituen bahituen askapena eta segurtasuna bermatzeko. Israelgo agintarien arabera, 49 gatibu daude Hamasen esku; horietatik 27, ustez, hilik.
Merkatarientzako laguntza
Cogat Israelgo erakunde militarrak zerrendara merkantziak sartzen utziko du hemendik aitzinera, «laguntza handitzeko» asmoz, eta erakundeak hautatutako merkatariek saldu ahal izango dituzte horiek. Erakundeak ohar bat atera du gaur, eta hor eman du berria. Zehaztu duenez, neurri horrekin murriztu egin nahi du gazatarrek laguntza jasotzeko NBE Nazio Batuen Erakundearekiko eta nazioarteko zenbait erakundeekiko duten «menpekotasuna». Israelgo armadak joan den martxoan su etena hautsi zuenetik, lehendabiziko aldia da Israelek Gazako merkatariei Gazan ondasunak sartzen uzten diena.
Onartutako produktuen artean daude, erraterako, oinarrizko elikagaiak, haurrentzako jakiak, fruta, barazkiak, eta osasun eta higiene produktuak. Erakunde militarrak aitzineratu duenez, banku transferentzia baten bidez soilik ordaindu ahal izanen dira, baina «gainbegiratze eta kontrol mekanismo» bat pasatu behar izanen dute guztiek. Laguntza humanitarioa murriztu ondotik, prezioak anitz igo dira zerrendan, eta ia ezinezkoa da eskudirutan ordaintzea, banketxe eta kutxazain gehienak Israelen erasoetan eraitsi baitituzte.
Horren ondorioz, merkatari batzuek eskudirua saldu egiten dute tasa baten truke; %55 ingurukoa da, azken datuen arabera.