Giza eskubideen aldeko ekintzailea

Ubai Abudi: «Gazako gerra hasi zenetik, Israel esteroideak eman eta eman ari da palestinarrak deshumanizatzeko»

Israelen mendekuaren ondorioz, Zisjordaniako herritarrak ondasunik gabe geratzen ari dira. «Den-dena dago pentsatuta palestinarrak ezin bizirik gera daitezen».

Ubai Abudi. BERRIA
Ubai Abudi. BERRIA
2025eko abenduaren 5a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zisjordanian, izatez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa batera hartuta baino lurralde txikiagoa non hiru bat milioi palestinar bizi diren, Israelek kontrolgune militar gehiago jarri ditu orain, gizartea are gehiago hausten dutenak: 650 kontrolgune zeuden lehen, eta orain, berriz, mila.

Hamasek 2023an eraso zion Israeli, Gazatik, baina, berez, Israel 1967tik ari da palestinarrak ondasunez eta lurraz gabetzen okupatuta dauzkan hiru lurraldeetan —Jerusalem ekialdean, Zisjordanian eta Gazako zerrendan—, zeinek palestinarren estatuaren oinarria izan behar luketen etorkizunean, nazioarteko zuzenbidearen arabera.

Israelen mendekua kalte handia egiten ari zaio Zisjordaniari. Israelgo orain arteko gobernuek, bata bestearen atzetik, 340 kolonia judu sortu dituzte, eta 700.000 israeldar bizi dira orain han, legez kanpo bizi ere. Gainera, israeldarrek bakarrik erabil ditzakete zenbait eraikin, errepide eta zerbitzu, eta horrek bereizi egin ditu tokiko herritarrak.

Gaur egun, izugarri ugaritu dira israeldarrek egindako hilketa bortitzak eta atxiloketa arbitrarioak, eta palestinarren komunitateak ere saldoan ari dira desagertzen. Ubai Abudi (41 urte) palestinarrak eman ditu horri buruzko xehetasunak. Ramallahn bizi da Abudi, Zisjordaniako hiriburuan, eta Ikerketarako eta Garapenerako Bisan Zentroko zuzendaria da. Israelek atxilotu eta zelatatu egin izan du iraganean.

Nolakoa zen Gazako bizimodua 2023ko urriaren 7a baino lehen?

Oso gogorra. 2000. urtean, Israelek setiatu egin zuen zerrenda, eta are setio gogorragoa ezarri zuen 2007an [Hamasek lurraldea kontrolpean hartu zuenean]. Setioak mundutik bakartu zuen Gaza, eta, lotura komertzial asko galdu ez ezik, jendearen joan-etorriak ere asko mugatu ziren. 2023a baino lehen ere, Israelek kalkulatuta zeukan zenbat kaloria sar zitezkeen Gazara, eta arrantzale palestinarrei tiroka ibiltzen zen ordurako. Baruch Kimmerling soziologo israeldarrak, 2004an, esan zuen «kontzentrazio esparru masibo bat» zela Gaza, eta, 2020an, NBEk adierazi zuen Gazan ez zegoela «bizitzerik».

Zer gertatu da Zisjordanian urriaren 7az geroztik?

1967tik, hau da, Gaza, Zisjordania eta Jerusalem ekialdea okupatu zituenetik, Israelek kontrol sistema sofistikatu bat ezarri die palestinarrei; orain, ordea, kontrol hori askoz ere zorrotzagoa da. 2023ra arte, Israelek 650 kontrolgune militarren bidez zatituta zeukan Zisjordania, behin-behineko guneak zenbatu gabe; orain, berriz, mila daude. Eta mila hesi horiek ez dituzte bereizten palestinarrak eta israeldarrak; egiaz, palestinarren komunitateak bakartzen dituzte elkarrengandik, eta bantustan-ak sortu dituzte horrela, Hegoafrikako apartheidean gertatu zen bezala. Palestinarrek debekatuta daukate Zisjordaniaren %60 erabili edota ustiatzea. Urte bukaeran, oliba bildu dute, eta 100.000 nekazarik zailtasun handiak izan dituzte, indarkeria sufritu behar izan baitute beren lurretara iristeko; izan ere, israeldarren kokalekuetatik hurbil edo Israelek legez kanpo jarritako hesiren baten atzean egoten dira lur horietako asko. Den-dena dago pentsatuta palestinarrak ezin bizirik gera daitezen. 

Hesiak jarri bakarrik ez, jendea hil ere egiten dute okupatzaileek.

2023ko irailean [Hamasek Israeli eraso egin baino egun batzuk lehenago], NBEk jakinarazi zuen hura izan zela datuak biltzen hasi zirenetik heriotza gehien erregistratutako urtea Zisjordanian, batez ere haurren artean. Urriaren 7tik, heriotzak izugarri ugaritu dira [NBEren arabera, mila lagun baino gehiago hil dira, tartean 212 haur]. Halaber, gero eta palestinar gehiagori ari zaizkie lurrak kentzen. Soldaduek eta kolono armatuek hogei palestinar komunitate desagerrarazi dituzte jada, gehienak beduinoenak.

Israelgo tropek kanporatu egin dituzte Jeningo, Tulkaremgo eta Nur Xamseko errefuxiatu kanpalekuetan bizi ziren 40.000 zibil baino gehiago. Nola justifikatzen du hori Israelek?

Palestinar askok dute errefuxiatu estatusa 1948tik, Israel sortu zenetik; izan ere, garbiketa etnikoa izan zen garai hartan, eta palestinar populazioko lautik hiru hil zituzten [gutxi gorabehera 75.000 lagun]. NBEk aitortua die etxera eta beren lurretara itzultzeko eskubidea [gaur egun Israelen mugen barruan daude lur horiek]. Israelek ez ditu errespetatu nahi nazioarteko zuzenbideak ezartzen dizkion betebeharrak; beraz, bi modutan egiten dio eraso UNRWAri, Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari. Batetik, erakundearen izen ona zikintzeko kanpainak egiten ditu, baita bortizkeria kanpainak ere: ehunka langile hil ditu Gazan. Bestetik, garbiketa etnikoa gauzatzen ari da, eta Zisjordaniako errefuxiatu esparruak porrokatzen, eremu horiek oroitarazten baitiote errefuxiatuen auziak hor dirauela oraindik.

«Israelek, kartzela sistema baliatu gabe, ez luke modurik izango ez apartheid erregimenari ez menperatze kolonialari eusteko»

Kartzelak zer funtzio du palestinarrak zapaltzeko orduan?

Israelek, kartzela sistema baliatu gabe, ez luke modurik izango ez apartheid erregimenari ez menperatze kolonialari eusteko. Munduko kartzelatze tasarik handienetakoa dugu. Palestinan, gutxi gorabehera bi gizon heldutik bat atxilotua edo kartzelatua izan da noizbait. Auzitegi militar batek epaitzen ditu atxilotuak, eta haietatik %99,9 kartzelatu, israeldarrek berek emandako datuen arabera. Tortura kasuak ere dokumentatu dira, eta, besteak beste, Palestinako gaina eta lorea daukate preso: medikuak, zientzialariak, ekintzaileak... 2023ko urriaren 7az geroztik, 70 bat lagun hil dira presondegietan.


Diozunez, Zisjordanian kolonoen 22 milizia daude.

Kontua ez da oraingoa, baina egungo gobernuak formalizatu egin du. Armadako kide ez diren 90.000 kolono armatu daude Zisjordanian. Haietako zenbaiten armak AEBek Israeli laguntzeko bidalitakoak dira. Eraso egiteko erabiltzen dituzte, palestinarrak izutzeko eta beren lurretatik kanporatzeko. Halere, milizia horiek palestinarrentzat ez ezik, arriskutsuak dira israeldarrentzat ere. Izan ere, Israelgo gizartea oso zatitua dago, eta, noizbait gobernuren batek okupazioa amaiarazi nahiko balu, miliziek presio egingo lukete.

«Armadako kide ez diren 90.000 kolono armatu daude Zisjordanian. Haietako zenbaiten armak AEBek Israeli laguntzeko bidalitakoak dira»

Nola erantzuten diote palestinarrek milizia horien jardunari?

Kolonoek eraso egiten diete palestinar komunitateei, bizi diren lekutik kanporatzeko. Palestinarrek nola edo hala erantzunez gero, armadako kideak etorri eta tiroka hasten zaizkie. Palestinarrok halako kasuak dokumentatzen saiatzen gara, eta ikasten dugu nola eman lehen laguntza, zer egin eraso egiten badigute eta nola defendatu gure familia. Urriaren 7tik, Israel esteroideak eman eta eman ari da sistema koloniala, apartheida eta palestinarren deshumanizazioa bultzatzeko, baina lehen ere egiten zuen hori guztia, nahiz eta maila apalxeagoan izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.