Gazako gerra Libanora zabaltzeko mehatxua egin du Israelek

Hezbollahren komandante bat hil du Libanon Israelgo armadak, eta, zerrenda iparraldean, desegintzat jo ditu Al-Qassam Brigadak, Hamasen adar militarra.

(ID_13474289) ISRAEL GOVERNMENT
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa —eskuinean—, Bezalel Smotrich Finantza ministroa alboan duela, atzo, gobernuaren bilkura batean. RONEN ZVULUN / EFE
ander perez zala
2024ko urtarrilaren 8a
16:25
Entzun

Gazako gerra Ekialde Hurbilera hedatzeko kezka are gehiago handitu den honetan, Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek ohartarazpena egin dio Libanori, Hezbollah talde xiitarekin duen gatazka militarrarengatik: «Ikusten dute zer gertatzen ari den Gazan; badakite gauza bera egin dezakegula Beiruten». Gallanten tesia hori baita, borrokak ez direla Palestinara mugatzen, eta eskualdean «ardatz bat» dutela aurkari, Iran buru duena; Israelgo Defentsa ministroaren ustetan, islamiar errepublika «botere militarra garatzen» ari da bere herrialdearen kontra erabiltzeko, eta testuinguru horretan kokatzen du Hezbollahren aurkako talka ere, The Wall Street Journal egunkariari emandako eta atzo argitaraturiko elkarrizketa batean adierazi duenez. Saleh al-Aruri adar politikoko buruzagiordearen hilketaren ostean, bi aldeen arteko erretorika militarra gogortu egin da nabarmen, baina oraindik ere ikusteko dago zer gertatuko den gudu zelaian. Mehatxuak, behintzat, eginak daude.

Israelgo armada Libanoko mugan ari da borrokan Hezbollahren aurka, eta joan den urriaren 7az geroztik, hiru hilabeteko epean, talde xiitako 130 bat kide hil ditu. Azken bi hilketak gaur bertan izan dira, bi herrialdeen arteko mugatik gertu, bonbardaketa batean: horietako bat Wissam al-Tawil da, Redwan eliteko indarreko komandantea, Hezbollahk baieztatu duenez. Azken hilabeteetako kolperik gogorrena hartu du, hortaz, talde xiitak.

Fronte militar horri dagokionez, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarentzat, lehentasuna Libanorekiko mugan segurtasuna «bermatzea» da, eta, gaur hara egindako bidaia batean adierazi duenez, «behar den guztia» egingo dute hori lortzeko. «Guk, noski, nahiago dugu hori eraso zabal baten bidez ez egin, baina horrek ez gaitu geldituko», esan du Netanyahuk, armadako soldadu batzuk alboan zituela. Eta hark ere ohartarazpen bat egin dio Hezbollahri, talde xiita aipatu gabe: «Hobe dute gure kontra ez egin».

Adierazpen horien aurretik, iragan asteburuan, Hezbollahk 62 misil jaurti zituen Israelera, Al-Aruriren hilketaren erantzun gisa, eta talde xiitako idazkari nagusi Hassan Nasrallahk esan zuen bonbardaketa hori erasoen «atarikoa» baino ez zela izan. Hori guztia aintzat harturik, eta Xeikh Ali Damux talde horretako kontseilu exekutiboaren buruzagiordeak gaur esan duela ez dutela negoziaziorik abiatuko Israelekin «Gazaren kontrako erasoa gelditzen» duen arte, badirudi ez Hezbollahk eta ez Israelgo armadak ez dutela asmorik erasoaldiak gelditzeko.

Gazaren kasuan, Israelgo armadak desegintzat jo du Al-Qassam Brigaden «egitura militarra» zerrenda iparraldean —Hamasen adar militarra da—, eta, beraz, jakinarazi du hemendik aurrera eremu horren erdialdean eta hegoaldean arituko dela borrokan organizazio islamista horren kontra.

Blinkenen kezka

Joan den urriaren 7az geroztik laugarren aldiz, Antony Blinken AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkaria Ekialde Hurbilean da Gazako gerraz aritzeko. Atzo, besteak beste, Qatarren izan zen, eta handik kezka agertu zuen gatazka eskualdera zabaldu daitekeelako.

Israelgo armadaren eta Hezbollahren arteko borrokez gain, Itsaso Gorriko kostaldea kontrolatzen duten Yemengo milizia huthiak hainbat zamaontziri eraso egiten ari zaizkie azken asteetan, eta AEBen base militarren kontra aritu dira zenbait milizia, Iraken. «Tentsio handiko momentua da. Bat gatoz gatazka ez zabaltzeko konpromisoarekin», esan zuen Blinkenek bisitatu zituen herrialdeetako gobernuez, Grezian, Turkian eta Jordanian izan ondoren.

Gaur, berriz, Arabiar Emirerri Batuetara eta Saudi Arabiara joatekoa da, hango agintariekin batzartzeko, eta bihar zuzenean gatazkan dauden aldeekin elkartuko da: Israelgo Gobernuarekin, Egiptokoarekin —bitartekari lanak egin ditu— eta PAN Palestinako Aginte Nazionalarekin.

Gazako Osasun Ministerioak gaur eguerdian emandako datu eguneratuen arabera, Israelgo armadak 23.000 lagunetik gora hil eta 58.900 bat zauritu ditu zerrendan iragan urriaren 7tik. Horietako 249, egun bakarrean, igandetik gaur arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.