Gazako gerrak desorekatu egin du Magrebeko barne politika

Zerrendako gerraren ondorioz, egoera zailean daude Abrahamen Hitzarmenak sinatu zituzten estatuak. Erabat aldatu da jokalekua, eta handitu egin da mundu arabiarreko erregimenen eta hango herritarren arteko arrakala.

(ID_13416900) MARRUECOS ISRAEL PALESTINA
Gizon bat Israelen bandera erretzen, Rabaten, Gazari elkartasuna adierazteko joan den abenduaren 10ean egindako manifestazio batean. MOHAMED SIALI / EFE
Ricard Gonzalez.
2024ko urtarrilaren 20a
05:05
Entzun

Gazako milizia palestinarrek joan den urriaren 7an egindako erasoak ezustean harrapatu zituen, Israelgo armada eta zerbitzu sekretuak ez ezik, mundu arabiarreko buruzagi guztiak ere. Hainbat hamarkadatan, arabiarrak mindu egin dira ikusita beren gobernuek diskurtso hutsalak eman besterik ez dutela egin palestinarren alde. Udaberri Arabiarrak eragindako eztandaren ondoren, bazirudien Palestinako gatazka bigarren mailara pasatuko zela, baina Gazako gerra basatiak erabat aldatu du jokalekua, eta handitu egin du mundu arabiarreko erregimenen eta hango herritarren arteko arrakala.

Zalantzarik gabe, 2020ko irailaren eta 2021eko urtarrilaren artean Abrahamen Hitzarmenak deiturikoak sinatu zituzten estatuak daude egoerarik zailenean, haien helburua baitzen Israelekin zuten harremana normalizatzea. Hona hemen zer estatu diren: Maroko, Bahrain, Arabiar Emirerri Batuak eta Sudan —azken hori gerra zibil betean dago—. Gainera, Saudi Arabia Tel Avivekin eta Washingtonekin negoziatzen ari zen, egitasmoarekin bat egin nahian. Izan ere, AEBekin harreman estuagoa edukitzeko asmoa da Israelengana hurbiltzeko arrazoietako bat.

Afrika iparraldean, barne politika batzuk desorekatu egin dira gerraren eraginez, batez ere Marokon, zeinak Israelekin harremanak normalizatu baitzituen AEBek onartzearen truke Marokok Mendebaldeko Sahararen gainean zuen subiranotasuna. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasle Alfonso Casanik azaldu duenez, «normalizazioaren ondoren, jauregiaren gertuko alderdi guztiek bat egin zuten berriz ere, eta Palestinarekiko jarrera aldatu zuten, Marokon oso onartuta baitago monarkak bakarrik duela eskumena kanpo politikan». Akordioa sinatu zutenetik, bi herrialdeen arteko harremanak zabaldu egin dira hainbat esparrutara, batez ere segurtasunera, eta horrek interes handia du Rabatentzat. Baina merkataritza trukeak ere nabarmen ugaritu dira —bikoiztu egin dira azken urtean—, eta turista israeldar gehiago joan dira Marokora.

Afrika iparraldean, barne politika batzuk desorekatu egin dira gerraren eraginez.

Eragile sozial batzuk, parlamentuz kanpoko zenbait alderdi eta Justiziaren eta Garapenaren Alderdiko islamistak bakarrik agertu dira horren kontra. «Erregimenak orain ez ditu eragotzi Palestinaren aldeko protestak, bidea ematen baitute haserrea baretzeko. Aurreko urteetan, debekatu egin zituen, COVIDa argudio edo aitzakia gisa erabilita», gehitu du Casanik. Irakasleak ez du uste harreman diplomatikoak hautsiko direnik Gazako gerraren ondorioz. Hala ere, Marokoko Gobernuak diskurtsoa gogortu du Gazako zerrendan biktimak ugaritu ahala.

Egiptoren kasuan, Israelekin bakeak egindako lehen estatu arabiarra izan zen, orain dela lau hamarkada baino gehiago, eta herritar batzuek uste dute Abdel Fatah Al-Sisi presidentearen erregimenak gehiago egin zezakeela Gazako zerrendako egoera lazgarria arintzeko. Baina atxiloketen egiazko arrazoia barnekoa da: erregimena beldur da kalearen kontrola galduko ote duen, eta gobernuaren aurkako protestak eragingo ote dituzten Tahrir plazako elkarretaratzeek, aintzat hartuta Al-Sisik gero eta babes txikiagoa duela, milioika herritar pobre bihurtu dituzten egiturazko neurri gogorrak ezarri eta gero batez ere.

Aljerian, Hiraken beldur

Aljeriako buruzagiak ere beldurrez daude, nahiz eta hango erregimenak beti egin duen palestinarren alde. Iragan urriaren 12an, ordea, agintariek atxilotu egin zituzten Palestinaren alde modu espontaneoan protesta egin zuten hainbat alderditako militanteak. Adelmajid Tebun presidentearen kezka zera da, protesta horiek onartzen baditu, Hirak mugimendua protestak egiten hasiko dela berriz, mugimendu horrek berak kolokan jarri baitzuen erregimena 2019an.

«Kalea borborka zegoenez, gobernuak protestak babestea erabaki zuen azkenean, baina baldintza gisa jarri zuen ostiraletan ez egitea, badakielako ezin duela kontrolatu meskitetara joaten den jendetza», azaldu du kazetari aljeriar batek.

Tunisian, bestelakoa da egoera. Palestinarren aldeko edozein manifestazio bultzatzen du Kais Saieden erregimenak; presidente horrek estatu kolpe eman zuen bere kabuz 2021ean. Baina, ezustean, gatazka bat sortu zen presidentearen eta parlamentuaren artean, hainbat diputatuk aurkeztutako lege proposamen baten ondorioz: legegai hartan, delitutzat jotzen ziren Israelekin egindako elkarlan mota guztiak. Bitxia bada ere, Saieden hauteskunde programaren parte zen hori, baina orain, Gazako gerra betean, presidenteak atzera egin du, eta botere legegilea behartu du testua erretiratzera.

Iturri fidagarri batzuen arabera, Etxe Zuriko ordezkari batzuek Saiedi azaldu zioten lege horrek zer ondorio praktiko ekarriko zituen eta nolako kaltea egingo zion Tunisiari, eta horregatik erabaki zuen atzera egitea. Eztabaida deserosoa izan zen Saiedentzat, haren akolitoek kontrolatzen baitute parlamentua. Oposizioak boikota egin zien legebiltzarrerako hauteskundeei, berme nahikorik ez zutela iritzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.