Gazan atxilotutakoen laurdenak soilik dira matxinoak, ikerketa baten arabera

Zibilak dira Israelgo espetxeetan preso dauden palestinar gehienak, hala nola osasun langileak, irakasleak, kazetariak eta adingabeak. 'The Guardian' egunkariak eta Israelgo eta Palestinako hedabide batzuek egin dute ikerketa.

Emakume bat alaba hil berriaren gorpua besarkatzen, atzo, Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE
Emakume bat alaba hil berriaren gorpua besarkatzen, atzo, Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE
maddi iztueta olano
2025eko irailaren 4a
13:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur egun 10.800 palestinar inguru daude preso Israelgo kartzeletan, eta horietatik 450 adingabeak dira, Palestinako Addameer elkartearen arabera. Gutxi gorabeherako kopuruaren berri izanda ere, zaila da jakiten atxilotutakoak nortzuk diren. Hori argitzeko asmoz, ikerketa bat egin dute Palestinako +972 aldizkariak, Erresuma Batuko The Guardian egunkariak eta Israelgo Local Call kazetak, Israelgo armadaren datu basea eta iturri ofizialen lekukotzak erabilita, eta ondorioztatu dute ezen Israelek Gazan atxilotutakoen laurdenak soilik direla Hamaseko edo Palestinako Jihad Islamikoko matxinoak; gainontzekoak, hau da, gehien-gehienak zibilak dira. 

The Guardian egunkariak gaur kaleratu du ikerketa, eta, haren arabera, urte asko preso daramatzaten palestinar gehienak osasun langileak, irakasleak, kazetariak, idazleak, adingabeak eta desgaitasun fisiko edo psikikoren bat duten herritarrak dira. Adibide bat ere jarri dute: alzheimerra duen 82 urteko emakume bat dago presoen artean, duela sei aste atxilotua. Israelgo soldadu bat aipatuz ikerketan jakinarazi dutenez, Israelgo Sde Teiman espetxe militarrean solairu geriatrikoa izeneko eremu bat sortu behar izan dute, preso hartutako desgaitu eta adineko guztiak hara eramateko. 

Gainera, Palestinako hainbat GKE gobernuz kanpoko erakundek eta ikerketaren egileek salatu dute Israelek aurretik epaiketarik egin eta ebidentziarik erakutsi gabe espetxeratzen dituela palestinarrak. Are, atxiloaldi administratiboa baliatuta, Israelgo soldaduek denbora luzez izaten dituzte atxilo; kasurako, maiatzeko datuen arabera, egoera horretan zeuden 6.000 pertsona baino gehiago. Hain justu, Israelgo Gobernuak 2023ko urriaren 7aren ondoren lege bat onartu zuen baimena ematen duena jendea 180 egunez atxilo izateko inolako epaiketarik egin gabe. 

The Guardian egunkariak zehaztu duenez, ikerketa zabaldu aurretik Israelgo armadak aukera izan du hura irakurtzeko. Hala, 2.000 zibil baino gehiago askatu dituzte egiaztatu ondoren ez dutela inolako loturarik Hamasekin; halere, adierazi dute atxilotutako gehienek parte hartzen dutela «ekintza terroristetan».

Menia ezartzea xede

Hamasek duela bi aste pasa eman zion oniritzia bitartekariek —Egiptok, AEBek eta Qatarrek— ondutako azken menia proposamenari. Israelek oraingoz ez du esan onartzeko prest dagoen edo ez, eta AEBetako presidente Donald Trumpek, Tel Avivi presio egin ordez, Hamasi egin dio presio. Atzo gauean, sare sozialen bidez, Etxe Zuriko maizterrak Palestinako erakunde islamistari exijitu zion aske utz zitzala bizirik dauden gatibu guztiak; hots, hogei inguru. Haren arabera, hori da Israelen erasoaldia amaitzeko «modu bakarra». 

Hain justu, tregoa abiarazteko negoziazioetan parte hartu duen enpresari estatubatuar-palestinar Bixara Bahbahk AEBen azken menia proposamena helarazi dio Hamasi, atzo Bahbahk berak esan zuenez Al-Arabiyah hedabideari emandako elkarrizketa batean. Proposamen horretan jasota dago, hain zuzen, Hamasek gatibu guztiak askatzea.

Ikusteko dago menia akordio bat erdiestea posible izango ote den; izan ere, Palestinako erakunde islamistak gogorarazi du dagoeneko onartu duela tregoa proposamen bat, eta Israelgo Gobernuari dagokiola orain aurrerapausoak ematea. Tel Avivek esan du, ordea, Hamasen adierazpenek ez dutela «ekarpenik» egiten. Eta menia ezartzeko aukera ez aurrera ez atzera dagoen honetan, Bahituen eta Desagertuen Familien Foroak Israelgo Gobernuari, AEBetakoari eta bitartekariei eskatu die «ahalegin handiagoa» egin dezatela. 

Erasoak eta ebakuazio aginduak

Meniarik ezean, alabaina, Israelek Gazari eraso egiten jarraitzen du, baita Zisjordaniaren aurka egiten ere. Hain justu, Israelgo armadak Tulkarem ekialdeko auzo bat husteko agindu bat zabaldu du gaur goizean, baina ez du iragarri zer egin asmo duen han. Zerrendari dagokionez, gaur goizaldetik Gaza hiria bonbardatzen aritu da Tel Aviv, eta, Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 39 pertsona hil dira eraso horien ondorioz. Gainera, Israelgo armadako bozeramaile batek jakinarazi du Gaza hiriaren %40 kontrolpean dutela. Abuztuaren hasieran eman zion oniritzia Gaza hiria okupatzeko planari Tel Avivek.

Bestalde, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak salatu du ezin izan duela laguntza humanitariorik banatu Gazan azken sei hilabeteetan, eta Israelgo Gobernuari eskatu dio eman diezaiola horretarako baimena. Sare sozialen bidez egin du eskaera: «Gazako familiek ez dute oinarrizko baliabiderik». Israelgo Gobernuak urtarrilean onartutako lege baten ondorioz, UNRWAk debekatuta dauka Israelen edo haren kontrolpeko lurraldeetan sartzea.

HRW-ek eskatu du «gerra krimen» gisa ikertzeko iranek israelgo eremu zibilen aurka egindako erasoak

HRW Human Rights Watch GKE gobernuz kanpoko erakundeak eskatu du «gerra krimen» gisa ikertzeko Iranek ekainean Israelgo eremu zibilen aurka egindako eraso batzuk; zehazki, horietako bost. «Hamabi egun iraun zuen erasoaldi hartan, Iranek jaurtitako misil balistiko batzuek soilik lortu zuten Israelera sartzea, baina hori lortu zutenetako batzuek zibilen aurka egin zuten», adierazi du erakundeko zuzendari Ida Sawyerrek, gaur kaleratutako ohar batean. Gainera, Teherani leporatu dio eraso horiek egin aurretik abisurik ez eman izana. Israelgo Gobernuak emandako datuen arabera, erasoaldi horretan 31 israeldar hil ziren; horietatik 30 zibilak ziren. Iranen, berriz, bederatziehun pertsonatik gora hil ziren Israelen erasoen ondorioz; horietatik 38 adingabeak ziren, datu ofizialen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.