Mundua

Gazan gaur argindarrarentzat erregaiak jasoko dituzte

Israelek blokeoa leundu egin du pixka bat, baina presioa egiten segituko du, "gero eta handiagoa, gainera", Ehud Barak Defentsa ministroak esan duenez.

2008ko urtarrilaren 22a
11:35
Entzun
Gazari (Palestina) ezarritako blokeoa pixka bat leundu egin du gaur Israelek, argindarrarentzat erregaiak jasotzeko debekua kendu egingo diolako. Ez, ordea, ibilgailuek gasolina jasotzeko debekua. Hala jakinarazi du gaur Israel Irratiak. Igandean areagotu egin zuen blokeoa, eta harrezkero 800.000 palestinar argindarrik gabe egon dira.

Argia ez izateaz gain, edateko uran ere eragin die horrek, araztegiak ez zebiltzalako erregai ezagatik. Ospitaleetan gero eta arazo handiagoak izan dituzte, erreserbak urritzen ari zirelako.

Gaur, erregaia ez ezik, botikak, jakiak eta poltsetarako nylona sartzen utzi ditu Israelek.



"Nik dakidala, Gazako herritar guztiak oinez ibil daitezke, eta beren autoetarako erregairik ez dute, erregimen hiltzaile terrorista dutelako, Israelgo hegoaldeko jendeari bakean bizitzen uzten ez diona", esan zuen atzo Ehud Olmertek Israelgo lehen ministroak, Hamasen kabineteari eta Gazatik jomuga israeldarren kontra etxean eginiko koheteak jaurtitzen dituzten taldeei erreferentzia eginez. "Krisia eragozteko, herritarrei beharrezkoa den guztia emango diegu, baina beren bizitza erosoago egiten duten luxuzko gairik ez diegu emango".

Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak adierazi du presioak segitu egingo duelako. "Gazarekiko presioa egin behar dugu, gero eta handiagoa, gainera".

2006an ezarri zion blokeoa Israelek Gazari, Hamas bozetan nagusitzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.