Israelek EB Europako Batasunarekin adostu du Gazara laguntza humanitarioa sartzeko bidea erraztea, Kaja Kallas Europako Batasuneko diplomaziaburuak gaur sare sozialetan jakinarazi duenez. Kallasek iragarri du Israelek, besteak beste, pasabide gehiago irekiko dituela mugan, eta kamioi gehiagori utziko diela sartzen.
Martxotik bi hilabetez blokeatuta egon zen giza laguntza Gazan, eta maiatz amaieratik GHF Gaza Humanitarian Fundation da zerrendan giza laguntza sartu eta banatu dezakeen bakarra. GHF, gehienbat, AEB Ameriketako Estatu Batuetako militar ohiek eta mertzenarioek osatzen dute, eta Israelen onespena du Gazan sartzeko. GHFk zerrendako laguntza humanitarioa kontrolatzen duenetik, Israelek 700 palestinar baino gehiago hil ditu baneketa lekuetan, Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera.
Gaur iragarritako akordioaren ondorioz, posible izango da egunero janari eta bestelako laguntza gehiago iristea, zerrendako iparraldean zein hegoaldean pasabide berriak irekitzea, eta Jordaniako eta Egiptoko laguntza sartzeko bideak berriro irekitzea. Bestalde, okindegien eta sukalde publikoen bidez banatu ahal izango zaizkie elikagaiak gazatarrei, eta «maila operatibo bateraino» berrezarriko dituzte instalazio humanitarioak erabiltzeko erregai hornidurak. Langile humanitarioen babesa eta funtsezko azpiegituren konponketa ere ziurtatuko dute, EBk erabakiaren berri emateko kaleratu duen oharraren arabera.
Israelekin adostutako neurriak zerrendako «egoera humanitarioa hobetzeko garrantzitsuak» direla adierazi du Kallasek. Hainbat neurri jada martxan daude, eta beste batzuk hurrengo egunetan jarriko dituzte abian. Gainera, adostutako laguntza «herritarrei zuzenean iristen zaiela eta Hamasek ez duela kontrolatuko ziurtatzeko neurriak» hartu dituztela azpimarratu du EBko diplomaziaburuak. Bestalde, azpimarratu du su etena adostea «guztiz garrantzitsua» dela, eta Egipto, Qatar eta AEBek bitartekari gisa egiten ari diren lana nabarmendu du.
Horren harira, atzo Washingtonen, Israelgo lehen ministro Benjamin Netayahuk adierazi zuen ez berak eta ez AEBetako presidente Donald Trumpek, ez dutela «edozein baldintzatan» onartuko Gazarako su etena. Trumpek eta berak «helburu komunak» dituztela esan zuen Nethanyahuk, eta, horiek lortzeko, «estrategia eta taktika bateratuak» dituztela.
Israelgo lehen ministroa astelehenetik dago AEBetako hiriburuan —gaur Israelera bueltatzekoa da—. Ordutik, Trumpekin biltzeaz gain, senatari errepublikano eta demokratekin elkartu da, baita AEBetako Defentsa Departamentuarekin ere. Washingtonen aste honetan egindako adierazpenetan, Netanyahuk azpimarratu du zenbait baldintza dituela su etena onartzeko. Haien artean daude: Gaza Israelentzat «mehatxu» izateari uztea, Hamasek bahitutakoak askatzea eta erakunde islamistak armak uztea. Netanyahuk adierazi du «segurtasuna bermatzeko betebeharrak» direla baldintza horiek.
Reuters berri agentziak, Israelgo iturri ofizial baten esanetan oinarrituta, jakinarazi du Israelek eta Hamasek su etena adostu dezaketeela aste bateko edo biko epean. Akordioa Netanyahu AEBetatik joan aurretik ixtekoa zen, baina hori «gertagaitza» dela azaldu du Israelgo iturriak. Trumpek iragarrita zeukan aste honetan akordioa lor zitekeela, baina atzo epea luzatu zuen. Kazetariei akordioa «oso gertu» dagoela adierazi zien, eta «segur aski» aste honetan edo hurrengoan lortuko dela.
Hamasek, atzo kaleratutako ohar batean, esan zuen prest dagoela hamar bahitu askatzeko, «malgutasuna» eta «nahimena» adierazteko. AEBetako, Qatarko eta Egiptoko bitartekarien bitartez, duela lau egunetik ari dira Dohan Hamas eta Israelgo Gobernua negoziatzen AEBek proposatutako menia, baina orain arte ez dute adostea lortu. Hamasek bere azken komunikatuan adierazi zuenez, beren puntu nagusiak oraindik «negoziatzen» ari dira, hala nola laguntza humanitarioa sartzea edo Israelgo armada zerrendan izango duen presentzia.
Gazan bertan, 47 palestinar hil ditu Israelek gaur goizaldean, Al-Jazeera hedabideak zerrendako osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez.
AEB-ek Albanese zigortu dute
AEBetako administrazioak zigorrak ezarri dizkio Palestinari buruzko NBE Nazio Batuen Erakundearen kontalari berezi Francesca Albaneseri. AEBetako Estatu idazkari Marco Rubiok asteazkenean iragarri zuen Albaneseri zigor ekonomikoak ezarriko zizkiola, eta «Ameriketako Estatu Batuen eta Israelen aurkako gerra politiko eta ekonomikoko kanpaina» egitea leporatu zion. Mezu baten bidez, NBEko kontalari bereziak «mafiaren estiloko intimidaziotzat» definitu ditu zigorrak, eta azpimarratu berak bere lana egiten jarraituko duela. BERRIAk iazko maiatzean elkarrizketatu zuen Albanese.