Mundua

Gazara zihoan Irlandako ontziarekin harremana berreskuratu dute ekintzaileek

Gaur goizean irrati bidezko kontaktua galdu dutela jakinarazi dute, eta Israeli egotzi diote hori oztopatu izana. Astelehenean Israelgo armadak erasotutako Askatasunaren Flotillako azken itsasontzia da.

2010eko ekainaren 4a
15:22
Entzun
Gazara zihoan Irlandako Rachel Corrie ontziarekin harremana berreskuratu dute ekintzaileek, Greta Berlin Free Gaza erakundeko bozeramaileak Zipretik jakinarazi duenez. Ohar batean, Berlinek azaldu du ontzia Gazako kostatik 150.000 miliatara dagoela, eta ez dela zuzenduko Israelgo Ashdod portura, Israelgo Gobernuak agindu bezala.

Gaur goizean ekintzaileek ez zuten Rachel Corrie ontziaren berririk. "Ez dakigu non dagoen, irrati bidezko harremana galdu baitugu ontziarekin. Israelek sistema oztopatu duela uste dugu", adierazi die Audrey Bomse Free Gaza erakundeko abokatuak berri agentziei.

Bitartean, Israelek zioen ontzia Gazara hurbiltzen ari zela, eta "arazoa negoziazio bidez konpontzeko kudeaketak" egiten ari zela.

Rachel Corrie bihar ailegatuko da Gazara, Berlinen oharraren arabera. Zipretik ontziarekin duten irrati bidezko harremana " ezinezkoa ez denean, zaila" dela azaldu du Berlinek. Free Gazako bozeramaileak jakinarazi du laguntza humanitariorako 1.200 tona daramatzala Rachel Corrie-k, eta ekintzaileekin batera Mairead Maguire Bakearen Nobel sariduna, eta Denis Halliday NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohia doazela, irlandarrak biak.

Joan den astelehenean Israelgo armadak erasotutako Askatasunaren Flotillako azken ontzia da Rachel Corrie. Datu ofizialen arabera, bederatzi ekintzaile hil zituzten soldaduek, baina ekintzaileek diote bederatzi eta hogei artean izan daitezkeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.