Ezusteko galanta hartu du gaur goizean Emmanuel Macron Frantziako presidenteak: gazte batek arrautza bat bota dio, eta bete-betean eman dio sorbaldan. Zortea izan du, ordea, eta ez da lehertu. Bizkartzainek berehala babestu dute presidentea, eta Poliziak atxilotu egin du gaztea. Hark, arrautza bota bitartean, «gora iraultza!» oihukatu du.
Jarraian, Macronek gaztearekin hitz egitea eskatu du: «Esateko zerbait badu, etor dadila», galdegin du presidenteak. Oraindik ez dute argitu zein zen arrautza jaurti duenaren asmoa edo aldarrikapena.
Ez da Macroni arrautza bat botatzen dioten lehen aldia, 2017an ere bota baitzioten bat nekazaritza azoka batean. Aurtengo ekainean belarrondoko bat ere hartu zuen Tain-l'-Hermitage (Frantzia) herrian. Ordukoan lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten erasotzaileari. Belarrondokoa eman aurretik bi oihu egin zituen: lehenik «Montjoie Saint-Denis» esan zuen; erregezaleen oihu bat da hori, gaur egun Frantziako ultraeskuindarrek erabiltzen dutena. Jarraian, «utikan macronismoa!», egin zuen oihu.
Euskal Herrian ere badira antzeko esperientziak bizi izan dituzten politikariak. Arrautzakada ospetsuena, ziurrenik, Alfonso Alonso Gasteizko alkate izandakoak 2006ko Andre Maria Zuriaren jaien txupinazoan jaso zuena da.