Portugal

Gehiengo osoa lortzeko zorian egon da Costaren Alderdi Sozialista

Gehiengo osoa lortzetik hamar eserlekura geratu dira sozialistak Portugalen. Lehen aldiz, eskuin muturrak ere ordezkari bat izango du Legebiltzarrean, botoen %1,3 eskuratuta. Abstentzioa %45 izan da.

Antonio Costa, jarduneko lehen ministroa, atzo, Lisboan. MANUEL ALMEIDA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko urriaren 7a
09:25
Entzun

Ez dute ezarritako helburua lortu, baina bai beste lau urtez agintzeko aukera. Antonio Costa lehen ministroaren Alderdi Sozialista izan da asteburuko bozetako irabazlea, nahiz eta gehiengo osoa eskuratu ez. Botoen %36,6 lortu dituzte sozialistek, eta, beraz, 106 eserleku izango dituzte —hamar gehiago beharko lituztek gehiengo osoa izateko—.

Bigarren tokian geratu da Alderdi Sozialdemokrata botoen %27,90 eta 77 diputatu lortuta. Jarraian leudeke sozialisten gobernukide posibleak, Ezkerreko Blokea (%9,7 ) eta Alderdi Komunista (%6,7). Ondo bidean, sozialistek nahikoa lukete bi alderdi horietako bakarraren sostengua gobernua osatzeko. Baina Alderdi Komunistak, zeinak bost eserleku galdu dituen aurreko bozekin alderatuta, dagoeneko iragarria du ez duela Costaren gobernua babestuko, baldin eta bere baldintzak onartzen ez badizkio.

Soldatak hileko 90 euro igotzea, gutxieneko soldatak 850 euro izatea eta Europako Banku Zentralak, Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Batzordeak bultzatutako lan erreforma bertan behera uztea dira komunisten baldintzetako hiru. Antzekoak dira Ezkerreko Blokearen eskaerak ere. Hark 800 euroan ezartzen du gutxieneko soldata, eta osasun zerbitzu publikoetarako kontratazioak ugaritzeko ere galdegin die sozialistei.

Ezkerrak ez du irabazi nahi adina, baina eskuinean handiagoa izan da porrota. Ohiko eskuineko alderdiek ez dute lortu espero zuten arrakasta, baina, lehen aldiz, eskuin muturrak ordezkaritza eskuratu du Parlamentuan, botoen %1,3 eskuratuta. Chegak —Nahikoa da portugesez— eserleku bat izango du Parlamentuan, Andre Ventura diputatuarena. Hark lasaitasuna eskatu du, eta nabarmendu "alderdi demokratikoa" dela berea eta ez dagoela "urduri jartzeko arrazoirik".

Eskuin muturraren gorakada bat dator sozialdemokraten gainbeherarekin. Sozialdemokratek emaitzarik okerrenak lortu ditu 1983tik; ondorioz, alderdiak dagoeneko iragarria du Assunçao Cristas alderdiburuak kargua utziko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.