Gehiengo osoari begira

Frantziako sozialistek gehiengo osoa lortzeko aukera dute gaur Asanblea Nazionaleko bozetan, inkesten araberaSegolene Royalen balizko porrotak UMPren gainbehera estali du kanpainan

Jon Fernandez.
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
François Hollande presidenteak estuxeago edo erabateko lasaitasunez gobernatu ahal izango du datozen bost urteetan, gaurko hauteskundeen emaitzen arabera. Frantziako Asanblea Nazionalean «aldaketaren aldeko gehiengo zabala» izatea eskatu die herritarrei, eta aurreikuspenek hala gertatuko dela diote: legebiltzarrean gehiengoa izango dute ezkerreko alderdiek, eta baliteke sozialistek bakarrik gehiengo osoa eskuratzea ere, Ifop inkesta etxearen arabera. Baina dena alde eduki arren, etxe barruko arazoetan katramilatu da PS Alderdi Sozialista. Bozen kanpainaren arreta gunea UMPren nora ezean jarri ordez, Segolene Royalek eserlekua lortzeko izan ditzakeen zailtasunen inguruan zentratu da eztabaida politikoa.

Ifopen arabera, 284 eta 313 eserleku artean lortuko ditu PSk, eta gehiengo osoaren muga —289— erraz gainditzeko aukera du. Horrela, ez luke ez berdeen ez Ezkerreko Frontearen babesik beharko. Baina inkesta beraren arabera, diputatu sozialisten artean ez litzateke Royal egongo, eta PSk bera nahi zuen parlamentuaren presidentetzan. 2007an Frantziako presidentetzarako PSren hautagai izan zenak Olivier Falorni sozialista ohiari irabazi beharko dio La Rochellen Parisen aulkia lortzeko. Lehen itzulian botoen %32 lortu zituen Royalek, eta %29 Falornik. Bigarrenerako, aldiz, %58ko babesa aurreikusten diote sozialista ohiari, eta %42koa Hollanderen emazte ohiari.

Sozialisten arteko polemikaren sua presidentearen egungo bikote Valerie Trierwilerrek piztu zuen joan den eguenean: Falorni babestu zuen Twitterren idatzitako mezu batean. Erreakzio kate luzea ekarri zuen berehala. Martine Aubry PSko idazkari nagusiak, Jean-Marc Ayrault lehen ministroak eta Hollandek bera Royalen alde atera ziren, eta hautagaitza atzera botatzeko eskatu diote Faloniri. Alferrik ordea.

Royalek, dena dela, esan du ez duela amore eman, eta errespetua eskatu du, «emakume eta politiko bezala». Gainera, eskuinaren hautagai bihurtu izana leporatu dio Farloniri. «Eskuinak erabili egingo du, nire porrota nahi duelako garaikur gisa. Eskuinaren jarraitzaile gehienek berari emango diote botoa». Alderdikide batzuei ere «errebantxa jarrera» izatea egotzi die.

Nolanahi ere, Royalen geroak baino gehiago beldurtzen du PS abstentzioak. Lehen itzulian %42koa izan zen, orain arteko altuena. Herritar askok sozialisten garaipena ziurtzat jotzea eta gaur hauteslekuetara ez joatea da PSren beldur nagusia. Dena dela, inkesten arabera, sozialistek euren kabuz gehiengo absoluturik ez lortzea izango litzateke PSrentzat jokalekurik txarrena; eta hala ere, ez lukete arazorik izango gobernatzeko, berdeen eta Ezkerreko Frontearen laguntzarekin. 13-20 diputatu aurreikusten dizkiote berdeei, eta 8-10 ezkertiarrei.

Hollanderen egiaren unea bihartik aurrera hasiko dela uste dute Frantziako analista politikoek. «Baina gehiago eragingo diote Greziako bozek etxekoek baino», Dominique Reynie Fondapol berrikuntza politikoaren fundazioko zuzendariaren arabera. Orain arte ahotan hazkundea erabili badu ere, bozen ostean, halabeharrez, murrizketen garaia etorriko dela uste dute analista gehienek.

UMP, FNri eskua luzatuta

Bitartean, Nicolas Sarkozyren porrotaz geroztik, nora ezean jarraitzen du UMPk. Bigarren itzulian hautagai sozialista baten eta FNko baten artean hautatu behar duten barrutietan boto askatasuna eman die jarraitzaileei, orain arteko jarrera aldatuz.

Sozialistek zein kontserbadoreek Errepublikaren Frontea delakoa erabili izan dute, eskuin muturra alboratzeko. Dena den, kontserbadoreen eta FNren artean harremana ez da inoiz erabat eten. 1988an Jacques Chirac François Miterrand sozialistarekin lehiatu zenean, Chiracek ez zion jendaurrean eskurik luzatu eskuin muturrari, baina Charles Pasqua bere barne ministroak zera esan zuen publikoki: «[FNk] funtsean, gure kezka berberak ditu, gehiengoaren balio berberak. Eta ez gara lotsatzen, gure nahia Frantzia indartsu bat dela esatean». Frantzia indartsu bat izan da, hain zuzen, Sarkozyren leloa azken hauteskundeetan. Haren porrotak, baina, gidari indartsu barik eta norabide jakin barik laga du alderdia, eta eskuin muturrari eskua luzatzea erabaki du, besterik ezean, sozialisten gehiengo zabalari kalte egiteko.

Lehen itzulian hiru milioi boto galdu ditu UMPk, eta inkestek diote 210-247 diputatu lortuko dituela orain —317 zituen lehen—. Kontserbadoreek eskuin muturraren kontra ez egiteak Asanblea Nazionalera eraman lezake FN, lehenengo aldiz 1988az geroztik. 61 hautagai ditu gaur lehian, baina inkestek zero eta lau diputatu artean aurreikusten dizkiote. Marine Le Penen alderdia legebiltzarrera sartzea kontserbadoreen errua dela iritzita, UMP «noraez erdeinagarri eta arriskutsuan» murgildu dela salatu du Harlem Desir PSko bigarrenak.

UMPk bezala, zentroak ere behera egingo du: diputatu bi edo bakarra lor ditzake, inkesten arabera. MoDem alderdiko buruak du errua, Jean-Pierre Raffarin lehen ministro ohi kontserbadorearen ustez: «François Bayrouk ezkerrarekin hartutako konpromisoa zorigaiztoko keinua izan da zentristentzat. Horrek eraman ditu desegite prozesura». Raffarinen iritziz Bayrouk huts egin du Hollanderi babesa emanda. «Zentroa ez da eskuinera eta ezkerrera egin dezakeen espaziontzia. Zentroa eskuinarena da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.