KATALUNIA

Generalitateko eraikinetatik xingola horiak kentzen hasi dira

Espainiako Hauteskunde Batzordeak egindako ultimatumari jarraiki, Presidentetza Kontseilaritzak eman du politikari presoei eta independentziari erreferentzia egiten dieten ikurrak kentzeko agindua

Generalitateko balkoian oraindik zintzilik dagoen pankarta. ANDREU DALMAU / EFE
Igor Susaeta.
2019ko urriaren 4a
13:33
Entzun

Gaurko 15:00etarako kenduta ez baldin bazeuden, erantzuleek "ondorioei" aurre egin beharko zietela jakinarazi zuen, herenegun, Hauteskunde Batzordeak, auto batean. Kataluniako hedabideen arabera, Nekazaritza Kontseilaritzaren eraikinetik kendu dituzte, baita Ekonomia Kontseilaritzatik ere. Bi kontseilaritza horiek ERC Esquerra Republicanaren esku daude.

Joan den ostiralean, batzordearen aginduari jarraituz, Generalitateko jauregiko balkoian presoei erreferentzia egiten zien pankarta kendu zuten behargin batzuek, baina ordu batzuk geroago beste bat jarri zuten, adierazpen askatasunari erreferentzia eginez. Oraindik hori dago jarrita.

Antzeko auzi batengatik epaituko dute Quim Torra Generalitateko presidentea, datorren azaroaren 18an, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian. Desobedientzia leporatuta, 20 hilabetez inhabilitatua izan dadila eskatzen du fiskaltzak.

Parlamentuko Mahaia

Bestetik, 2017an Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kide zirenen kontrako epaiketa atzeratu dute. Azaroaren 19a eta 22a bitartean zen egitekoa epaiketa, Kataluniako Auzitegi Nagusian. Lluis Corominas, Anna Simo, Ramona Barrufet, Joan Josep Nuet eta Lluis Guino 2017ko irailean Kataluniako Legebiltzarreko Mahaiko kide zirenak epaitu behar zituzten hilabete eta erdi barru, deskonexio legeei buruzko eztabaidak ahalbidetu zituztela eta. Desobedientzia eta antolakuntza kriminala egozten die fiskaltzak. Mireia Boya sasoi hartan CUPeko parlamentaria zena ere epaitu behar zuten, delitu berak leporatuta.

Azaroko egun horietan entzunaldiak egingo dituzte defentsako abokatuekin. Carme Forcadell ere Mahaiko kidea zen; presidentea, hain zuzen. Baina hura Espainiako Auzitegi Gorenean epaituko dute, matxinada leporatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.