Wael Dahduh kazetari gazatarra (1970) erreferente handi bihurtu da nazioarteko kazetaritzan, nahiz eta berez hark segur aski nahiago lukeen hala ez balitz. Haren grabazio bat lau haizeetara zabaldu zen mundu osoan: hura izan zen genozidioa dela-eta biral bilakatu diren lehenetako bat. Izan ere, 2023ko urriaren 25ean, zuzeneko bat grabatzen ari zela, kaskoa buruan eta balen kontrako jaka soinean, orduantxe jakin zuen Israelen misil batek etxe bat jo berri zuela, hain justu haren familia zegoen etxea. Biktimak, besteak beste: Dahduhren emazte Amina eta bi seme-alaba, haren biloba Adam, hemezortzi hilabetekoa, eta beste zortzi senide. Al-Jazeera kateak Gazan duen erredakzioko burua izanik, erabaki zuen orduan ezin zuela lana bazter utzi, eta biharamunean kameraren aurrean zegoen berriz, mikrofonoa eskuan. Hurrengo bi urteetan, beste seme bat galdu zuen, eta 240 kide baino gehiago. Duela hilabete batzuk, Dahduh bera izan zen bonben biktima, eta Qatarrera erbesteratu zen. Zauriak ez zaizkio guztiz sendatu oraindik, baina joan den astean Bartzelonan izan zen, Act x Palestine kanpainak antolatutako konferentzia batean hizlari.
Nola dago Gaza oraintxe?
Genozidioa behin-behinean etenda dago, baina gerra aurrera doa bere alderdi guztietan. Batetik, hilketak: ehunka martiri eta zauritu ditugu. Bestetik, jan-edanaren bidezko gerra: izan ere, Israelek ez du bete [Trumpen] akordioan jasotako konpromiso hori, laguntza humanitarioa sartzen uztekoa; eta hor tartean daude baita material medikoa eta sendagaiak ere. Hori dela eta, osasun premien %7ri baino ezin zaie erantzun. Bestalde, etxeak eraitsi eta eraitsi segitzen dute, eta hegazkinen eta droneen bidez bonbardatzen. Lurreko inbasioa ez da bukatu, eta Israelek Gazako lurraldearen %53 du okupatua.
Erasoak alde batera utzita, nolakoa da gazatarren eguneroko bizimodua?
Oso zaila. Iritsi da negua Gazako zerrendara, eta jende askok ez dauka kanpadendarik, nahiz eta berez eskubidea den kanpadenda edukitzea. Eta kanpadenda daukatenei, berriz, urez bete zaizkie [euriarengatik]. Etxerik ere ez dute, etxeen %90 guztiz edo partez suntsituta baitaude, eta jada ezin da inor bertan bizi. Zer jan eta zer edan aurkitzea borroka handia da egunero oraindik. Gainera, ur eta argindar zerbitzuak etenda daude, eta eskura dagoen ur apurra kutsatua dago eta ezin da edan, nazioarteko hainbat erakundek diotenez. Komunikatzeko bideak ez dabiltza, Interneten estaldura adibidez. Bizirik irauteko oinarrizkoen bila dabilenak zera aurkitzen du bidean: odola, mina, arriskua eta umiliazioa.
Israel berariaz ibili da kazetarien kontrako gerran ere...
Bai, eta hala dabil oraindik ere. Orain arte ezin izan da atzerriko kazetaririk zerrendara sartu gertatzen ari denaren testigu izateko. Israel gerran dabil kazetarien kontra: egia ez ezik, mezularia ere erail nahi du.
Beti Gazara begira-begira, eta maiz Zisjordaniaz ahaztu izan da mundua. Nola daude kontuak han?
Arriskutsu, oso. Sekula ez zen izan halako errepresiorik. Gero eta martiri gehiago dago, Israelgo armadak eraginda. Gainera, 1.100 kontrolgune eta altzairuzko ate baino gehiago jarri dituzte, eta hala lurralde osoa zatitu, hiriak eta herriak elkarrengandik bereizi. Edozein joan-etorri egitea oso zaila eta arriskutsua da. Lehen hamabost minutuan egiten zen bidaia egiteko, orain agian egun osoa behar da. Aldi berean, kolonoak gero eta kokaleku gehiago ezartzen ari dira, jabe palestinarrei lurrak kendu eta herriei eraso eginda. Zisjordania iparraldean batez ere, milaka lagunek etxea utzi behar izan dute, eta desplazatuta daude orain. Jerusalem ekialdean ere zaila da egoera; tramite asko egin eta segurtasun kontrol ugari gainditu behar dira, adibidez, Al-Aqsako meskitan errezatzeko, eta maiz, besterik gabe, sartzen ere ez diote uzten jendeari.
«Israel gerran dabil kazetarien kontra: egia ez ezik, mezularia ere erail nahi du»
Gaza berreraikitzea garrantzitsua da, baina, horretaz gainera, zenbateraino da garrantzitsua egindakoak ondorio legalak izatea horren guztiaren erantzule israeldarrentzat?
Oso garrantzitsua da; izan ere, bi urte aritu dira genozidio bat egiten, eta oso garesti ordaindu dugu: odol eta bizitza asko galdu ditugu. Honen guztiaren erantzuleek akusatuen aulkian eseri behar dute, eta zigortu egin behar dituzte, ez dezaten berriz halakorik egin, eta munduko beste leku batzuetan gauza bera egiteko tentatuta dabiltzan buruzagi politikoei ere asmo horiek burutik kentzeko. Horretarako, ezinbestekoa da mundu guztiak, orotariko erakunde eta instituzioek helburu hori betetzeko konpromisoa hartzea. Arindu handia litzateke biktimentzat, eta segurtasun berme bat munduarentzat.
Uste duzu lortuko dela helburu hori?
Orain arte, jendeak izkin egin die bere erantzukizunei, eta eragile politiko batzuek Israel babestu dute, justizia egiteko garai hori sekula irits ez dadin. Baina uste dut gaur egungo mundua ez dela duela bi urteko mundu bera. Aldaketa batzuk izan dira, baina ez behar adinakoak. Munduak batuago jardun behar du, serioago, erabakitasun handiagoz.
Zure ustez, palestinarrek kausak zergatik ditu aldeko hainbeste jende mundu guztian?
Herri bizizalea da palestinarrena, bere libertatearen eta eskubideen alde borrokatzen den herri bat. Balio horien aldeko jendea dago mundu guztian. Nire ustez, askok argi ikusi dute palestinarrez abusatzea onartuz gero etorkizunean agian beraiei gertatuko zaiela gauza bera.