Ukrainako gerra

George W. Bushek Irakeko inbasioa gaitzetsi du... zera, Ukrainakoa

Lapsus esanguratsua eduki du AEBetako presidente ohiak Vladimir Putin Errusiakoaren jokabidea gaitzesteko eginiko hitzaldian.

Edu Lartzanguren.
2022ko maiatzaren 19a
14:38
Entzun

Sigmund Freud harro egongo litzateke. Haren teoriaren arabera, gizakiek hitz egitean egiten dituen akats batzuk agerian uzten dute benetan buruan darabiltena, baina jendaurrean inoiz onartuko ez luketena. Batzuk sasizientziatzat dute Freudek asmaturiko psikoanalisia, baina George W. Bush AEBetako presidente ohiak lapsus freudiar horien adibide bikain bat eman berri du.

Bere izena duen zentroan hitzaldia eman du bart Bushek. AEBetako hauteskundeen etorkizunaren inguruan mintzatzen ari zen, eta aukera baliatu du Vladimir Putin Errusiako presidentearen aurka jotzeko.

Ikusi gehiago:George W. Bushek Irakeko inbasioa gaitzetsi du... zera, Ukrainakoa

«Errusiako hauteskundeak iruzurra dira. Aurkari politikoak espetxean sartzen dituzte, edo, bestela, galarazten diete bozetan parte hartzea», adierazi du Bushek. Gaineratu du horren ondorioz Errusian ez dagoela boterearen gaineko kontrolik.

«Eta gizon bakar batek erabakitzen du justifikaziorik gabeko inbasio bortitza abiatzea Iraken kontra... Zera... Ukraina esan nahi nahi dut».

Adierazitakoak duen esan nahiaz jabetuta, bere akatsari barre egin nahi izan dio orduan, eta bere adinari egotzi dio bi inbasioak nahastu izanak. 75 urte ditu, 1946 uztailaren 6an jaio baitzen.

Ikusi gehiago:Turkiak oztopatu egin du Finlandia eta Suedia NATOra batzeko lehen pausoa

2003an, Irak inbaditzeko agindua eman zuen Bushek. Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroaren eta Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburuaren sostenguarekin. Herrialdean suntsipen handiko armak zeudela erabili zuten aitzakiatzat. Gero, Nazio Batuen Erakundeak ondorioztatu zuen herrialdean ez zegoela halako armarik.

Ez dago zehazki jakiterik zenbat pertsona hil zituen Iraken inbasioak eta zortzi urteko okupazioak, datu ofizialik ez dagoelako, baina, hainbat erakundek eginiko kalkuluen arabera, litekeena da 100.000-1.200.000 inguru izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.