Georgia, etengabe mobilizazio demokratikoak egiteko saioan

Georgiako Gobernuak ahal duen guztia egin du duela ia bi urte hasitako protestak indargabetzeko. Manifestariek ez dute gogoko agintariak Moskurekin lerrokatuta egotea.

Georgiako Gobernuaren aurkako protesta bat Tbilisin, parlamentuaren aurrean, uztailean. RICARD GONZALEZ
Georgiako Gobernuaren aurkako protesta bat Tbilisin, parlamentuaren aurrean, uztailean. RICARD GONZALEZ
Ricard Gonzalez.
Tbilisi
2026ko irailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbatero bezala, ia mila lagun bildu dira Avlabari plazan 20:00etan, Georgiako hiriburu Tbilisiko metroaren geltokietako baten irteeran. Aldarrikapen giroa dago, bandera nazionalak eta gobernuaren kontrako leloak han eta hemen, eta eskaerek antz handia dute oraingo joera populista globalean autoritarismora jo duten beste herrialde batzuetan egiten diren eskaerekin. Georgiako disidenteek badute berezitasun bat, eta meritua: duela 647 egun hasita, egunero-egunero egin dituzte mobilizazioak. «Ez dakit noiz arte segituko dugun; hauteskunde libreak egin arte, nik uste», komentatu du unibertsitate ikasketak bukatu berri dituen neska aktibista batek, Ketevan-ek.

Mugarri horretaraino iristea ez da batere erraza izan, gobernuak —2012az geroztik, Georgiaren Ametsa alderdiaren esku dago— ahal izan duen guztia egin baitu protestak isilarazteko: maiz, bortizkeriaz sakabanatu ditu; ehunka manifestari atxilotu; haietako batzuk torturatu; edo dirurik gabe geratzeko moduko isun handiak ezarri. «Poliziak 5.000 lariko isuna [1.700 euro] jar dezake zirkulazioa trabatzeagatik edo espaloian geldi egote hutsagatik. Batez besteko soldata baino askoz gehiago da hori. Gazte askok utzi egin diote etortzeari, beldur baitira gurasoei zor handi bat sortuko ote dieten edo lanik gabe geratuko ote diren», gehitu du gazteak. Beldurraren eta frustrazioaren ondorioz, oraingo protestak hasierakoak baino txikixeagoak dira: hasieran, 200.000 lagun baino gehiago mobilizatzen ziren, 3,5 milioi biztanle baino ez dituen herrialde batean.

2024ko urriko hauteskunde orokorren ondoren hasi ziren mobilizazioak ugaltzen. Boz haietan, Georgiaren Alderdiak gehiengo osoa lortu zuen —Bidzina Ivanixvili handikiak kontrolatzen du alderdi hori; Georgiako barne produktu gordinaren %20ren pareko aberastasuna du—. Oposizioko alderdiek, ordea, salatu zuten iruzur orokor bat izan zela, kalera ateratzera deitu zituzten georgiarrak, eta hutsik utzi zituzten parlamentuko aulkiak.

Protestak bizitu egin ziren gobernuak —bozetako garaipenak hauspoturik— martxan jarri zituenean bi neurri polemiko: batetik, eten egin zituen Europako Batasunean sartzeko negoziazioak; bestetik, elkarteen legea onartu zuen, arrunt lege murriztailea, Errusiakoa eredutzat harturik. Lege berriak, besteak beste, atzerriko agente gisa erregistratzera behartzen ditu atzerriarekin harremanak dituzten gobernuz kanpoko erakunde guztiak. Gainera, erakunde horiek nazioarteko donazioak hartu nahi badituzte, gobernuak oniritzia eman behar die aurretik, baina zaila izaten da ematea. Legeak esandako hori zorrotz betetzen ez badute, zigor gogorrak ezartzen dizkiete, sei urteko kartzela zigorrak ere bai.

«Agintariek sortu duten sisteman, elkarte independenteek ezin dute modu seguruan jardun»

HUGH WILLIAMSON HRWen Europa Ekialderako eta Afrika Ekialderako zuzendaria

«Gobernuaren helburua zera zen, ahots kritikoak isilaraztea eta herrialdeko gizarte zibilaren bizitasun eta independentzia desagerraraztea. Eta asko aurreratu du bide horretan, beldurgarri», adierazi du Hugh Williamson-ek, Human Rights Watchek Europa Ekialderako eta Afrika Erdialderako duen zuzendariak. «Agintariek sortu duten sisteman, elkarte independenteek ezin dute modu seguruan jardun, ez finantzabiderik izan, ez eta haien mende dauden komunitateei lagundu ere».

Ahots independenteak

«Georgiako gizarte zibila ez da gai bere burua sostengatzeko. Elkarte txikiak dira, eta hemen ez dago mezenasgorik izateko ohiturarik. Horregatik, atzerriko donazioak behar dituzte irauteko. Elkarte asko itxi egin dituzte, oso handia baita preso sartzeko arriskua», azaldu du gai horretan espezializatutako irakasle georgiar batek —ez du izenik eman nahi, segurtasun kontuengatik—. Ahots independenteak isilarazteko politika ez diete prentsa independenteari eta gobernuz kanpoko erakundeei bakarrik aplikatu: akademia ere jomugan dute. Berriki egindako unibertsitate erreforma batek zaildu egin du nazioarteko trukeak egitea, eta fakultate ugari kendu, efizientziaren izenean. «Independentzia akademikoa bukatzea eta Georgiako unibertsitatea nazioartekotik bereizi eta bakartzea, horixe da erreformaren egiatako helburua», segurtatu du irakasleak. Hain zuzen, erreformak kalte handia egin dio haren erakundeari.

«Herrialdearen demokratizazioak ez zuen lortu gizartearen sektore batzuen bizimodua hobetzea»

TAMTA MIKELADZE Gizarte Justiziaren Zentroa GKEko zuzendaria

Manifestari askok eta askok adierazi zuten gobernuak Errusiaren alde duen jarrera dela arrazoirik sendoenetako bat kalera ateratzeko, askatasuna ahuldu izanarekin batera. Protestetan, beti daude Kieven aldeko leloak eta Ukrainako banderak, hiriburuko grafitietan ugari dauden bezala. Batzuetan, Kremlinentzako mezu bat ere izaten da: Fuck Russia (Izorra dadila Errusia). «Manifestarien artean ez da garrantzizkoa zein den eskuinekoa eta zein ezkerrekoa, baina denok arbuiatzen dugu Errusia», azpimarratu du Ketevanek. Bistan da, beraz, patriotismoa dela protesten pizgarri nagusietako bat.

Izan ere, nazionalista georgiarrentzat traumatikoa da Errusiako tropek segurtatzea Abkhaziaren eta Hego Osetiaren de facto-ko independentzia —herrialdearen %20 dira bi lurralde horiek—. «Zentzugabekeria da pentsatzea Tbilisiren sostengu geopolitikoaren ondorioz Moskuk Abkhazia eta Hego Osetia itzuliko dizkigula. Errusiak sekula ez du inondik alde egin bere borondatez. Inperioa izateko asmoa du oraindik ere», uste du Kakha Gogolaxvili analistak. Nolanahi ere, Georgiaren Ametsaren jarraitzaileen ustez, gobernua elkarlanean ari da Moskurekin, 2008ko inbasioaren gisakorik izan ez dadin: orduan, errusiarren tropek handitu egin zituzten Abkhaziak eta Hego Osetiak 1993az geroztik kontrolatzen dituzten lurrak.

Tamta Mikeladze eskubide zibilen aldeko gobernuz kanpoko erakunde baten zuzendaria da, Gizarte Justiziaren Zentroarena, eta, haren ustez, %35 inguru da gobernuak egiatan duen babesa. «Herrialdearen demokratizazioak ez zuen lortu gizartearen sektore batzuen bizimodua hobetzea. Hain zuzen, horiexek osatzen dute, klientelismoaren bidez, Georgiaren Ametsaren hautesle multzoaren oinarria, funtzionarioekin batera», sakondu du Mikeladzek, eta erantsi funtzionarioak langileen %40 direla Georgian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA