Meritxell Serret. ANC Biltzar Nazional Katalaneko Intzidentzia Politikorako koordinatzailea

«Geroz eta argiago ikusten dugu honek ez daukala atzera bueltarik»

Uda osoa Diadako mobilizazioa antolatzen aritu ostean, hamar egun barru egitekoak diren bozei begira jarri da ANC Biltzar Nazional Katalana: babes eta presio lana egin beharko du.

Samara Velte.
Bartzelona
2015eko irailaren 17a
00:00
Entzun
ANC Biltzar Nazional Katalanaren Bartzelonako egoitzan ez dute lasaitua ezkutatzen; pozik daude ostiraleko manifestazio jendetsuak helburuak bete zituelako. Sarreran, zintzilik daude oraindik Via Lliure-ko elastikoak; izan ere, ANCren lana ez da inondik inora bukatu. Hamar egun barru iritsiko da independentista guztientzako data erabakigarria, eta erakunde subiranista zibilek ere esku hartu beharko dute, era batera edo bestera. Assembleako Intzidentzia Politikorako koordinatzailea da Meritxell Serret (Vallfogona de Balaguer, Lleida, 1975): «Behar denean babesa eskainiko diegu alderdi independentistei, eta, behar denean, presio egin».

Nola eragin dio kanpainaren hasierak Diadari? Jendea etxean geratuko zela uste zenuten?

Jakinaren gainean geunden horrek arriskua ekar zezakeela: jendeak mobilizazioa soilik hautagaitza batekin edo batzuekin identifika zezakeela, eta horrek galera ekar ziezagukeela. Baina lortu dugu transbertsaltasunari eustea: inork ezin dezake esan soilik batzuen manifestazioa izan zela. Egia da, hala ere, kanpainaurrea dela medio, ez genuela beste urteetan bezainbeste arreta mediatiko jaso aurreko egunetan; eta, beraz, ez genuela hainbeste asti izan mobilizazioa ongi azaltzeko. Horrek zalantza eragin zigun, ez soilik parte hartzearen inguruan, baizik eta mosaikoen kontuak funtzionatuko ote zuen, eta sinbologia ulertuko ote zen: parlamentura begira zeuden geziak, azaroaren 9tik zintzilik zeuden botoak, eta abar.

Manifestazioa babestu ez zuten alderdien eskariz, Hauteskunde Batzordeak haiei arreta gehiago ematera behartu zuen TV3 kate publikoa, Diadari emandako arreta «orekatzeko»; manifestazioa hauteskundeetako ekitalditzat jo izan balu bezala.

Manipulazio bat izan zen hori, eta datozen egunotan publikoki salatuko dugu. Bistan da Diada ez zela hauteskundeetako ekitaldi bat izan; Hauteskunde Batzordeak hala uste izan balu, zuzenean debekatuko zukeen. Gainerakoa manipulazio hutsa da, prozesuari eragiteko eta deialdia egin genuenon irudia lohitzeko, I-11n kalera irten zen jende guztia gutxiesteko eta independentzia defendatzen duten hautagaitzei kalte egiteko.

Diadaren biharamunean, Quim Torra Omniumeko presidenteak iradoki zuen aurtengoa izango dela azkenengo mobilizazio masiboa, Diada egunez ezagutzen ditugun gisan bederen. Formula ahitzen ari al da?

Ez da forma edo neke kontua. Quimek esan nahi zuena zen hau azkena izatea espero dugula, badelako ordua gure etorkizuna erabakitzen utz diezaguten aldarrikatzera irteteko. ANCtik ahaleginduko gara datorren urteko Diada ere ospakizunezkoa izatea, eta baita jendetsua ere hala behar bada, baina beste mezu batekin, beste sentipen batekin eta, posible bada, testuinguru politiko erabat desberdinean. Ordurako ez genuke eduki nahi Espainiako Estatua aurka, eta herri bat, bere ahotsa nola edo hala munduari helarazi nahian; espero dugu ordurako aditua izango dutela gure ahotsa, aitortua, eta estatutik ere jarrera adeikorragoa iritsiko dela; bizilagunak izan nahi dugu.

Kanpainan nola jokatuko du ANCk?

Transbertsaltasunari eutsi beharra daukagu ezinbestean; azken batean, alderdietatik kanpo jarduteko sortu ginen. Horregatik erabaki dugu ez aurkeztea zuzenean hautagaitza batean edo bestean; ia arrazoi juridikoengatik. ANC gisa, ez dugu inorentzako botoa eskatzen, besteei kalterik ez eragiteko. Aldi berean, ahal dugun guztia egiten ari gara I-27ari plebiszitu izaera emango dioten hautagaitzak babesteko. Kanpainan, bi lan nagusi egingo ditugu: batetik, independentziaren aldeko argudioak hedatzea, oraindik zalantzak dituzten auzo eta herrietan saio informatiboak eginez, egunkariak banatuz... Bestetik, erabateko askatasuna eman diegu gure oinarriko militanteei, eta animatu ditugu bozetan ahal duten guztian parte hartzera; azken batean, gure bizitzako hauteskundeak dira.

Alderdi independentistek, gehiengoa eskuratuz gero, 18 hilabeteko trantsizio aldi moduko bat iragarri dute. Ez dizu beldurrik ematen kontua berriz korapilatu eta luzatu daitekeela?

Beldurrak beti daude. Posible da prozesua luzatzea; estatutik eskaintza jakin batzuk iristea iritzi publikoa edo alderdi jakin batzuei zalantza eginarazteko; arazoak egon litezke nazioarteko aitortzarekin... Milaka dira beldurrak. Baina garrantzitsuena da garbi edukitzea zein den gure helburua, eta zein urrats egin behar ditugun hura sendotuz joateko. Orain I-27a da garrantzitsuena, eta gehiengo nahikoa lortzea. Parlamentuak ahalik eta babes handiena behar du aurrera egiteko. Arriskuak beti egongo dira, jakina; prozesua ez dago idatzita, ez dago inolako eskulibururik; beraz, gu geurera: izaera demokratikoari eutsi eta herri bat eraikitzen ari garela gogoratu, erasorik edo gatazkarik sortu gabe. Horrek esan nahi du jendeari segurtasuna ere eman behar diogula: ikus dezaten serio ari garela, eta, gainera, hobera egiteko dela. Gero eta garbiago ikusten ari gara honek ez duela atzera bueltarik, eta hori gure lorpena da. Inork ez daki nolakoa izango den bidea, ez eta zehazki nola amaituko den ere, baina apurka sendotuz doa, eta ezin izango da egun batetik bestera desegin.

Zeintzuk dira derrigorrean eman beharreko pausoak, prozesua atzeraezina izan dadin?

Trantsizio Nazionalerako Aholku Batzordeak egin zituen proposamen batzuk, eta neurri handi batean bat gatoz harekin. Guretzat oso garrantzitsua da parlamentuak hasieran egin behar duen deklarazioa, subiranotasuna aldarrikatzeko borondatea adieraziz; haren bidez iragarriko ditu ofizialki nazioarteko aitortza jasotzeko prozesua eta Kataluniako Estatua sortzeko negoziazio saioa Espainiarekin. Bestalde, beharrezkoa da estatu egiturak sortzen eta indartzen jarraitzea: esate baterako, zerga agentzia eta administrazioaren hainbat atal lotuko dituzten egiturak, hurrengo egunean denak funtzionatzen jarrai dezan bermatzeko, legezko hutsunerik gabe. Horren ostean deskonexioaren une garrantzitsuena etorriko da, parlamentuak Trantsiziorako Legea onartzen duenean; horrek babesa emango dio prozesuari, gaur egungo testuinguru juridiko espainiarraz at.

Subiranismoa alderdietatik kanpo sustatzeko sortu zen ANC. Denetik egitea egokitu zaizue, ordea, baita bitartekari lanak ere. Ezinbestean alderdietara gerturatzea dakar horrek?

Esango nuke, neurri batean, konfiantza irabazi dugula haiekin. Egoerak oso desberdinak izan dira aldi bakoitzean: azaroaren 9aren ostean, zalantzazko epe luze bat egon zen, eta indar politikoak ere urrundu ziren bata bestearengandik. Baina azkenean adiskidetu ziren, herriak ia oihuka eskatzen zuelako; gertatu behar zuen. Azkenean denekin hitz egitea lortu genuen, eta eztabaida zintzoagoa izan genuen. Orduan erabaki genuen hutsetik hastea, helburuak merezi zuelako; aurrera egitea erabaki genuen, alderdi bakoitzaren berezkotasunak eta interes propioak ahalik eta gehiena errespetatuta. Orekan gaude: bakoitzak bere rola dauka, baina errespetuzko puntu batera ailegatu gara. Ziurrenik, baten batek nahiago izango zukeen ANC kanpainan erabat sartu izan balitz, baina guk geure jarrera azaldu genien, eta ulertu zuten. Bakoitza beretik, norabide berean goaz.

Hauteskundeetara aurkezteko formula eztabaidatu zenutenean, aukeretako bat zen politikaririk gabeko zerrenda bat. CUP prest agertu zen, eta erakunde zibilok ere ontzat jo zenuten. Azkenean, Masek nahiago zuena atera da. Zer iruditzen zaizu oraingo formula, CUP bere aldetik aurkeztuta?

Garrantzitsua iruditzen zitzaigun ahalik eta zerrenda kopuru txikiena izatea, eta ez sortzea subiranisten arteko konpetentziarik; plebiszitarioak izan nahi bagenuen, ahalik eta batasun handiena behar genuen bai-aren inguruan. Baina azkenean ikusi genuen ezin genuela egoera bat behartu; lortu behar genuena zen mundu guztiak baietz esatea. Alde guztien helburuak errespetatu behar izan genituen, baita CUPen aukera ere bere aldetik aurkeztea erabaki zuenean; finean, bere karga ideologikoa dauka. Edozein kasutan, ziur naiz onerako izango dela, eta botoak gehitzeko balioko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.