Gerrek eta gatazkek min egiten jarraitzen dute, eta, horretan, minek badute zer esanik. 2020az geroztik gora egin du lehergailu horiek eragindako biktimen kopuruak, eta iaz 1.945 lagun hil eta 4.325 zauritu zituzten, Minak Debekatzeko Nazioarteko Kanpainak gaur txosten batean jakinarazi duenez. Azpimarratu du pertsonen aurkako minek geroz eta biktima gehiago eragiten dituztela; iaz 1.500 baino gehiago izan ziren, 2020ko kopurua halako lau. Dena den, «inprobisatutako bonbek» eragin zituzten biktima gehien, bi mila baino gehiago, eta «gerra hondakin leherkorrek» beste 1.400 gutxienez.
Are, biktimen %85,8 (5.385 pertsona) zibilak ziren, eta hamarretik ia bat, berriz, militarra (593 pertsona); txostena kaleratu duen gobernuz kanpoko erakundeen koalizioak ezin izan ditu zehaztu gainontzeko kasuak. Biktimen %78 gizonezkoak dira, eta %22, emakumezkoak.
Koalizioak 1999tik egin du minen ondorioz hildakoen eta zauritutakoen jarraipena, eta, joan den mende laurdeneko biktima zibilak kontuan hartuta, hamarretik lau adin txikikoak izan dira. Iaz, apur bat emendatu zen datu hori, zibilen %46 adin txikikoak baitziren: 494 hildako erregistratu ditu Minak Debekatzeko Nazioarteko Kanpainak, eta 1.205 zauritu.
Datu horiek guztiak 51 herrialdetan zehar bildu ditu koalizioak, eta bereizi egin behar dira 1997ko Ottawako Ituna sinatu duten herrialdeak eta hura sinatu ez dutenak —pertsonen aurkako minak ekoiztea, gordetzea, erabiltzea eta transferitzea debekatzen duen nazioarteko ituna da. Eta aintzat hartzekoa da itun hori bultzatzeagatik txostena egin duen koalizioak Bakearen Nobel saria jaso zuela 1997an—. Iazko biktima guztien ia herenak Myanmarren (2.029 pertsona) erregistratu dituzte, eta Sirian mila pasatxo; bi herrialde horiek ez dute sinatua Ottawako Ituna.
Minak Debekatzeko Nazioarteko Kanpainak azaldu du, ohar batean, Myanmarko armadak eta gerrillek «masiboki» erabiltzen dituztela minak eta lehergailuak. 2021ean estatu kolpea eman zuten militarrek, eta armadaren eta talde armatuen arteko gatazkak areagotu ziren herrialdean. Urtez urte areagotuz joan dira biktimak: 2022an bostehun biktima pasa eragin zituzten minek, 2023an mila, eta 2024an bi mila.
Bestalde, Sirian, Baxar al-Assad presidentearen gobernua erorarazi zuten matxinoek iazko abenduan, eta, hortaz, «epe labur batean, drastikoki» egin zuten gora minek hildakoek eta zauritutakoek.
Hala eta guztiz ere, biktimen %46 hitzarmen hori sinatu duten 36 herrialdetakoak dira, besteak beste, Afganistangoak, Ukrainakoak, Nigeriakoak, Malikoak, Yemengoak, Burkina Fasokoak, Irakekoak, Kolonbiakoak eta Sudangoak. Horietan, minek gutxienez ehun biktima eragin zituzten iaz.
Hitzarmenetik ospa
Gaur egun, 166 herrialdek dute sinatua 1997ko Ottawako Ituna, baina badira hura uzteko asmoa dutenak. Estoniak, Finlandiak, Letoniak, Lituaniak eta Poloniak udan ekin zioten hitzarmenetik ateratzeko prozesuari, eta datorren urtearen hasieran ateratzekoak dira. Errusiak 2022ko otsailean Ukrainaren kontra abiatutako inbasioa jo zuten ituna uzteko arrazoitzat.
Ukrainak berak ere herrialde horien urratsei jarraitu asmo die, baina zera dio itunaren 20. artikuluak: eskaria egin eta ituna utzi arteko sei hilabeteko epea amaitzean, estatu kidea «gatazka armatu batean baldin badago», eskariak «ez du ondoriorik izango gatazka armatu hori amaitu aurretik». Hots, Ukrainako gerra amaitu arte ezingo luke Ottawako Ituna utzi.
Koalizioak jakinarazi du badagoela Ukrainak pertsonen aurkako minak erabiltzen dituelako «zantzurik», eta Ameriketako Estatu Batuek eman zizkiotela iaz. AEBek ez dute sinatu hitzarmena. Salatu dute ere Errusiak pertsonen kontrako minak erabiltzen dituela, eta halako lehergailuak ekoizteko ahalmena duela.
31Zenbat herrialdek deuseztatu dituzten pertsonen kontrako minak. Minak Debekatzeko Nazioarteko Kanpainaren arabera, 1997ko Ottawako Ituna sinatu duten 31 herrialdek lortu dute norbere lurraldean pertsonen kontrako mina guztiak deuseztatzea. 166k sinatua dute ituna.