Gerrak baldintzatutako bozak Errusian

2022an Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik lehen aldiz egingo dituzte Errusiako behe ganbararako hauteskundeak. Jakina da Putinen Errusia Batua alderdiak irabaziko duela, baina bereziki erreparatu beharko zaio jasoko duen babesari.

Gizon bat Moskun, asteon, behe ganberarako hauteskundeak iragartzen dituzten afixei begira. MAXIM XIPENKOV / EFE
Gizon bat Moskun, asteon, behe ganberarako hauteskundeak iragartzen dituzten afixei begira. MAXIM XIPENKOV / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko irailaren 18a
04:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur hasi eta igandera bitartean egingo dituzte Errusiako behe ganberarako hauteskundeak. Errusiako presidente Vladimir Putinen Errusia Batua alderdiak kontrolpean du instituzio hori —450 eserlekuetatik 314 dauzka—, eta kontu jakina da kontrolari eutsiko diola. Dena den, hauteskundeak nork irabaziko dituen jakina izanagatik, prozesuak badu interesik, inkestetan herritarrek adierazi baitute ez dutela gerrarekin jarraitu nahi, eta inoiz baino txikiagoa baita Putinen onarpen maila.

Hauteskundeen emaitza aurreikusteko modukoa bada ere, Aleksandr Koktxarov Bloomberg Economics ikerketa taldeko analista geoekonomikoak azaldu du hauteskunde «faltsutu» horiek erresistentzia proba bat direla administrazioak «leialtasun instituzionala eta fabrikatutako gehiengo kualifikatuen bidezko kontrola» erakuts ditzan. Alegia, hauteskundeek ez dutela erabakiko nork aginduko duen Errusian —hori jakina baita—, baizik eta nola berrantolatuko den sistema gerra garai honetan iraun dezan —Vtsiom etxearen azken inkestak aurreikusten du Putinek %51 eta %53 inguruko babesa izango duela—.

Horrez gain, analistak adierazi du hauteskundeek erabateko barne adostasunaren irudia proiektatzeko ere balio dutela, eta, horrela, eliteak eta publikoak jasotzen duten mezua zera dela, erresistentzia «alferrikakoa» dela. «Bide ematen diote elitean txandakatze bat egiteari, eta Errusiako Gobernuak hautatutako ‘odol berria’ gehitzen diote aparatu politikoari», gaineratu du.

Aurtengo bozek, gainera, berebiziko garrantzia daukate. Izan ere, aurrenekoz egingo dituzte 2022ko otsailaren 24an Errusiak Ukrainaren aurkako inbasioa hasi zuenetik. Esaterako, hauteskundeak egingo dituzte Errusiak Ukrainan okupatu dituen lurraldeetan —11 hauteskunde barruti sortu ditu Moskuk lurralde horietan—. Horrela, Putinen helburua zera da: lurralde horiek Errusiako prozesu politikoan formalki integratzea. 2022an, Luhansk, Donetsk, Kherson eta Zaporizhia eskualdeak anexionatu zituen, eta kontrolpean ditu ia erabat —guztira, Ukrainaren azaleraren bostena dauka kontrolpean Moskuk—.

Horregatik, emaitzari berari baino gehiago, partaidetzari eta Putinek jasoko duen babesari erreparatu dio Koktxarovek. Izan ere, batak eta besteak informazioa emango dute herritarren asetasun mailaren inguruan. Azaldu duenez, Kremlinen helburua da parte hartze handia lortzea, horrek «benetan hedatutako agintea aldarrikatzeko beharrezko legitimitatea» ematen duelako.

Baina kontrolatutako hauteskunde sistema batek arriskuak ere baditu. Alde batetik, agintarien esposizioa handitu egiten da, eta Koktxarovek ohartarazi du «atsekabe soziala» zabaldu eta eta «mobilizazioak» pitz daitezkeela. Eta, beste alde batetik, parte hartzea txikia izatearen arriskua dago. «Parte hartze txiki batek agerian utziko luke administrazioaren ahultasuna, boto emaileen apatia edo erresistentzia isila, eta horrek erregimenak erakutsi nahi duen erabateko kontrolaren irudia ahultzen du», esan du Koktxarovek. Eta halakorik ez gertatzeko, horrelako hauteskunde batzuetan orain arte inoiz egin ez duena egin du Putinek: hauteskunde kanpainan parte hartu.

Hauteskunde kanpainan, gainera, gorabehera ugari izan dira gainerako alderdiekin. Izan ere, Jablokok, Ukrainako Gerraren aurka agertu den Errusiako alderdi politiko bakarrak, mota guztietako presioak salatu ditu azken asteetan —Errusiako Auzitegi Gorenak hauteskundeetatik kanpo utzi zuen abuztuan gerraren aurkako mezuak zabaltzeagatik—. Horrez gain, beste hainbat hautagaik euren hautagaitza utzi behar izan dute, «estremismoa» edota estatu indarren «izen ona zikindu izana» leporatuta —gutxienez 36 hautagai deskalifikatu dituzte, Errusiako Verstka hedabideak hil hasieran kaleratu zuenez—. Koktxarovek azaldu du oposizio politikoa «guztiz deuseztatu» dutela «legezko debeku sistemikoen» bidez, eta, horren ondorioz, «oso atomizatutako eta arrisku txikiko ekintzen bitartez» aurkezten du bere burua oposizioak, lege eskaera sinbolikoak eginez edo gerraren aurkako sabotaje klandestinoetan parte hartuz. Hala ere, nabarmendu du jarduera horiek «arrisku handia» dakartela inplikatutakoentzat.

«Oso atomizatutako eta arrisku txikiko ekintzen bidez aurkezten du bere burua oposizioak; lege eskaera sinbolikoak eginez edo gerraren aurkako sabotaje klandestinoetan parte hartuz»

ALEKSANDR KOKTXAROV Bloomberg Economics ikerketa taldeko analista geoekonomikoa

Alternatiba posibleen gainean galdetuta, Koktxarovek dio litekeena dela alternatiba bideragarri bat sortzea «gobernuko elitearen barruan dauden hausturetatik». Esaterako, konforme ez dauden segurtasun funtzionarioak —Errusian Siloviki izenez ezagunak direnak—, teknokratak edota ekonomiaren geldialdiaren ondorioz asaldatutako eskualdeko gobernadoreak. Hala ere, oposizio horrek ez luke zertan liberala izan, edo mendebaldearen aldekoa», ohartarazi du.

Gazteengan ere jarri du begirada: «Errusian, zentsura handia dago Interneten, baina gazteek berek jarduten dute zentsurarik gabeko informazio kanal nagusi gisa eta mobilizazio deszentralizatuko kanal gisa».

Horrekin lotuta, Koktxarovek gogorarazi du krisi ekonomiko larriek edota errebolta militarrek azkar batean alda dezaketela estatu baten egoera, nahiz eta egoera horri luzaroan eutsi, eta istilu masiboak ere eragin ditzaketela. Ukrainako Gerrak, esaterako, higadura sortu du Errusiako herritarren artean, eta Jabloko alderdia nabarmen egiten ari zen hobera inkestetan, bozetara aurkezteko aukera galarazi dioten arte. Hala ere, ez du uste Errusian halako krisirik egongo denik; edo ez epe motzean, behintzat.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA