Oraindik eta gehiago gaiztotu dira Ipar Korearen eta Hego Korearen arteko harremanak. Martxoaren 26an ustez gertatutako eraso bat da orain bien arteko ezin ikusiaren enegarren atala. Torpedo batek Hego Korearen gerraontzi bat jo zuen, eta hondorarazi. 46 marinel hil ziren. Bi hilabeteko ikerketak egin ditu Seulgo gobernuak, eta ondorioa atera du: Ipar Koreak egin zuen erasoa. Hori baieztatzeko froga «eztabaidaezinak» dituela dio Hego Koreak. Bestelakoa esan du Ipar Koreak: zerikusirik ez zuela izan. Eta oharra ere egin du, erasoagatik zigortzen badute «gerra» hasiko duela esanez.
Hego Korearen Cheonan ontzia iragan martxoaren 26an hondoratu zen, Itsaso Horian. Barruan 104 marinel zihoazen, eta 46 hil ziren gerraontziak hondoa jotzean. Kraskoa lehertu egin zitzaion ontziari, urpera joan aurretik. Ipar Koreako itsas mugatik gertu izan zen erasoa, eta haren errezeloa lehen momentutik egin zuen Seulek. Izatez, aurreko hilabeteetan ere ika-mikak izanak zituzten bi herrialdeek itsasoan. Kostazainen arteko tiroketak izan ziren, heriotzarik eragin ez zutenak.
Bi hilabetean ikerketak eginda, froga «eztabaidaezinak» lortu ditu Seulgo gobernuak. Ontzia hondorarazi zuen torpedoaren zati bat da garrantzitsuena. Hego Koreako Gobernuaren arabera, Ipar Korean egindakoa da lehergailua, herrialde hartako ikurrak ageri dituelako aurkitutako zatiak. Ontzian agertutako lehergai arrastoetan ere atzeman dute Ipar Korearen eskua; Seulek dio lehenago ere erabili izan duela lehergai mota hori Piongiangek. Bi froga horiek eskuan, ondorio argia atera dute Hego Koreako agintariek: Ipar Koreako itsaspeko batek bota zuen torpedoa.
Nazioartearen babesa
Ipar Koreak esku hartu duelakoan, erantzuna iragarri du Lee Myung-Bak Hego Koreako presidenteak. «Nazioartearen lankidetza indartsuarekin, sendo erantzungo diogu probokazio militar honi». Hartuko duen jarrera zehazteko, gaur bilduko da Segurtasun Nazionalerako Batzordea. Ezohiko bilera izango da.
Ikerketak dioena dioela, zerikusirik ez duela izan adierazi du Ipar Koreak. Areago, Seulgo gobernuari «traizioa» egin izana leporatu dio. Salaketa larria da Hego Koreak egindakoa, 1967tik ez delako gisa horretako erasorik izan bi herrialdeen artean. Hartara, beldur da Ipar Korea nazioarteak zigortuko ote duen. Ordea, ez da kikildu: zigorrak ezartzen badizkiete «gerrarekin» erantzungo dutela iragarri dute Piongiango agintariek.
Izatez, zigorren beldur izateko arrazoiak baditu Ipar Koreak, nazioarteak bat egin baitu Hego Korearen salaketekin. AEB Ameriketako Estatu Batuak sutsu agertu dira Seulgo gobernuaren alde, eta jakinarazi diote «babesa» emango diotela gisa horretako erasoren bat berriro gerta ez dadin. Ipar Korea errudun dela, zalantzarik ez du azaldu Etxe Zuriak: «Txostenak zalantzarik gabe dio Ipar Korea izan zela erasoaren arduraduna. Herrialde horren jarrera onartezinaren adierazle garbia da gertakaria».
Japoniak ere bat egin du Hego Korearekin. «Erasoa barkaezina da», adierazi du lehen ministroak, Yukio Hatoyamak. Egoera horretan, Japoniak zail ikusten du Ipar Korearen indar nuklearrari buruzko bilerei berriro ekitea. Orain bi aste, Japonian izan zen Ipar Koreako presidentea, Lee Muyng-bak, eta elkarrizketak hasteko prest azaldu zen. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak eta Europako Batasunak ere salatu dute Ipar Korearen ustezko parte-hartzea.
Txina izan da nazioartean salbuespena. Hego Korearen txostenaz ez du baloraziorik egin Atzerri ministroak, Ma Zhaoxuk. «Aztertzen ari gara oraindik». Ipar Koreari eta Hego Koreari «lasaitasunez» aritzeko eskatu die, eta ezinbesteko jo du Itsaso Horiaren inguruan bakea izatea. Erasoa izan denik ere ez du esan Txinak. «Zorigaiztoko gertakaritzat» jo du gertaturikoa. Ipar Korearekin harremana duen bakanetakoa da Txina.
Gerraontzi bateko 46 marinel hil izana leporatu dio Hego Koreak Piongiangi
Seulen ikerketa batek ebatzi du Ipar Koreak jaurtitako torpedo batek hondoratu zuela ontzia martxoaren 26an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu