IRAKEKO OKUPAZIOA

Gerrarako argudioak auzitan izaki, bere burua defendatu du Bushek

AEBetako ikuskatzaileen txostenaren arabera, Husseinek ez zuen suntsipen handiko armak egiteko modurik

Erredakzioa
2004ko urriaren 7a
00:00
Entzun
GeorgeBush AEBetako presidenteak bere politika zalantzan dagoen une honetan Irakeko gerra defendatu du berriro ere. Atzo eskainitako hitzaldi batean zera esan zuen: «Irailaren 11ko erasoen ondoren sortutako munduan ezin genuen onartu Saddam Husseinen erregimenak zekarren arriskua». Presidenteak adierazi zuenez, 2001eko Washingtongo eta New Yorkeko erasoen ondoren «terroristek» suntsipen handiko armak erabiltzeko arriskua zegoen. Bushek baieztatu zuenez, Husseinek suntsipen handiko armak eduki eta erabili izan ditu.

Adierazpen hauek egin zituen Bushek AEBetako ikuskatzaile taldeak suntsipen handiko armen gaineko txostena argitaratu zuen egunean. AEBetako arma ikuskatzaile buru Charles Duelferrek egindako txosten horretan honakoa baieztatzen da: Husseinek ez zuen suntsipen handiko armarik eta egin nahi zituen arren, ez zuen baliabiderik. Husseinek atxilotua izan ondoren egindako adierazpenak ere biltzen ditu txostenak. Horren arabera, Irakeko presidente ohiak esan du 80ko hamarkadan arma horiek zituelako lortu zuela hainbeste urtetan bizirautea. Finean, Duelferrek, David Kay bere aurreko ikuskatzaile buruk ateratako ondorio berak plazaratu ditu.Txostenaren ondorioekin batera, AEBetako Gobernuko bi goi kargudunek aste honetan egindako adierazpenek auzitan jarri dute Bushek Iraken aurka egindako erasoa eta okupazioa. Donald Rumsfeld Defentsa idazkariak ukatu du Husseinek Al Kaedarekiko lotura zuela gerra justifikatzeko argudio nagusietakoa eta AEBek Iraken ezarri zuten administrazio okupatzaileko buru ohi Paul Bremerrek esan du Pentagonoak ez zituela nahikoa soldadu bidali.

Su eten akordioa

Bitartean eta Sadr Cityn su-etena hitzartzea lortu zuten arren, hogei pertsona hil ziren atzo hainbat erasotan. Moktada al Sadr buruzagi xiitaren ordezkariek su-etena hitzartu zuten Irakeko behin-behineko gobernuarekin. Karim al-Bakatti, Al Sadren taldeko kideak adierazi zuenez, diruaren eta gehiengoaren immunitatearen truke utziko dituzte armak.

Baina beste lekuetan erasoek jarraitzen dute. Ana herrian, hamar pertsona hil ziren eta hogeita hamar zaurituak ziren auto batek eztanda eginda. Ramadin, berriz, bost lagun hil ziren AEBetako konboi militar baten aurkako erasoan. Konboiari granada jaurtigailuekin eraso zioten eta soldaduek tiroka erantzun zieten erasotzaileei. Bost lagun hil zituzten. Basoran, polizia bat hil zen eta bost zauritu ziren lehergailu batek eztanda egitean. Bakuban eta Falujan ere izan ziren atzo hildakoak. Bakuban, mortero bat erori eta zibil bat hil zen, beste batek zauriak izan zituen. Falujan, aldiz, hildakoak hiru izan ziren, astearte gaueko bonbardaketen ondorioz. Faluja ia gauero ari dira bonbardatzen AEBak. Pentagonoak atzo jakinarazi zuenez, joan den asteazkenean matxino irakiarren esku zegoen etxe bat izan zen euren jomuga. Han, AEBen arabera, Abu Musab al Zarkauiren ekintzaile islamikoaren taldeko buruak zeuden bilduta. Okupazio indarrek adierazi zutenez, azken aste honetan Al Zarkauiren 100 jarraitzaile baina gehiago jo dituzte. Falujako biztanleek salatu dutenez, ordea, hildakoak zibilak izaten dira. Atxilotuak ere izan ziren atzo. AEBen arabera, Babelgo eskualdean 160 lagun atxilotu zituzten, erresistentziakoak ziren susmoarekin. Asteartean hasi zen matxinoen aurkako operazioa eta 3.000 soldadu irakiar eta estatubatuar Mahmundiiatik Hilarainoko gunea arakatzen aritu ziren atzo. Hilan, «entrenamendu terroristarako kanpamentuak» aurkitu zituztela azaldu zuten.

Urtarrilean, hauteskundeak

Egunero borrokak izan arren, Nazio Batuen Erakundeko adituen ustez, posible da hauteskundeak egitea. Hiru hilabete falta dira urtarrileko hauteskundeetarako eta herrialdea indarkeria giroan murgilduta egon arren hauteskunde deialdia luzatzea «teknikoki posible» dela uste dute NBEko adituek.

«Lanean jarraitzen dugu eta benetan uste dugu beharrezkoa dela hauteskundeak urtarrilean egitea, nahiz eta azken hitza Irakeko Hauteskunde Batzorde Independentearena izan», esan zuen Carlos Valenzuelak, Nazio Batuen aditu taldeko buruak.Herritarrei zalantza gehien sortzen dizkien gaia erroldarena da. Valenzuelak argitu zuenez, hautesle errolda osatzeko Husseinen agintepean banatutako errazionamendu liburuxken datuak erabiliko dituzte. Badira bozak egiteako aukerarik ikusten ez dutenak. Abdala II.a Jordaniako erregeak ez du uste hauteskunde mahaiak babestu ahal izango direnik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.