Gerraren kostu klimatikoak

Gerrak eta operazio militarrak dira gaur egun munduan karbono gehien isurtzen duten jarduerak. Adituen ustez, horren ondorioak aztertzean, ez zaie kalte klimatikoei erreparatzen.

Aire eraso baten ondoren isuritako kutsadura, Khiam herrian, Libanon, iaz.  EFE
Aire eraso baten ondoren isuritako kutsadura, Khiam herrian, Libanon, iaz. EFE
2025eko urriaren 9a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herrialde ugari murgildu dira gatazketan azken urteetan —Israel, Ukraina, Kanbodia, India, Sudan…—, eta kazetari eta eragile askok egunero hitz egiten dute horiek dituzten, edo izan ditzaketen, kostu ekonomiko eta sozialez eta psikologiako kostuez. Hala ere, inor gutxi aritzen da gerrek ingurumenean eragiten dituzten kalteen inguruan. «Guztiz garrantzitsua da ondorio humanitario bortitzak ez gutxiestea eta giza sufrimendua berehala bukatzea. Baina, era berean, ezinbestekoa da gerrek dituzten ondorio guztiak aztertzeko gai izatea, besteak beste, ingurumenaren suntsipena eta kalte klimatikoa». Hala adierazi zuen maiatzean Gatazka eta Ingurune Behategiko koordinatzaile Ellie Kinneyek Covering Climate Now ekimenak gidatutako mahai inguru batean.

Ukrainako gerrak hizpidera ekarri zituen armadek eragiten dituzten «berotegi efektuko gasen isurketa masiboak»; gainera, azken ikerketen arabera, kalteak uste baino okerragoak dira. Azken txostenetan kaleratu dutenez, gerrak eta operazio militarrak dira munduan karbono gehien isurtzen duten jarduerak —tropak garraiatzea, armak probatzea eta baseen mantentze lanak egitea, besteak beste—. Esate baterako, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa Departamentua herrialdeko energia kontsumitzailerik handiena da, baita munduan berotegi efektuko gas gehien igortzen dituen erakundea ere; Afera Publikoetarako eta Nazioarterako Watson Institutuaren arabera. Horiek horrela, Pentagonoak herrialde askok baino gehiago kutsatzen du; hala nola Suediak, Danimarkak edo Portugalek baino gehiago.

Gatazka eta Ingurumen Behategia Erresuma Batuko GKE gobernuz kanpoko erakundeak txosten bat argitaratu zuen iragan maiatzean: Mundu mailako gastu militarra handitzeak nola jartzen duen arriskuan 13. Garapen Jasangarrirako Helburua. Txosten horretan ohartarazi zutenez, gerra hegazkinak, misilak, tankeak, itsasontziak eta ibilgailuak elikatzeko erabiltzen diren petrolioak eta bestelako erregai fosilek karbono dioxidoaren «kantitate harrigarriak» igortzen dituzte, eta horrek ondorioak ditu planeta guztian. Ikerketaren arabera, oraingo gerrek «zerua kaltetzen dute», eta ez gatazka eremuetako zerua bakarrik.

Bonbek eta beste armamentu askok substantzia toxikoak dituzte, hala nola metal astunak, fosforo zuria, uranio pobretua eta dioxinak. Armamentu horiek, lehertutakoan, hildako eta zauritu ugari eragin ez ezik, lurra, ura eta landa eremuak kutsa ditzakete. Hala, gerren ondoren kutsadura maila «ikaragarriak» izaten dira gatazka eremuetan. Gainera, elementu kutsakor horiek airean zabaltzen dira, eta «mundu mailako berotegi efektua azkartzen dute».

Horrenbestez, txosteneko ikertzaileek adierazi zuten bateraezinak direla Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda betetzea eta gerrak eta gastu militarra areagotzea. Txostenean egiaztatu dutenez, gastu militarra handitzeak eragin negatiboa du ingurumenean —bereziki, klimaren bidezko ekintzari buruzko 13. GJH Garapen Jasangarrirako Helburua lortzean—.


Israelen aztarna

Gerrek kliman eragiten dituzten kalteak argi islatzen dira Israel Gazan egiten ari den sarraskian. SSRN Gizarte Zientzien Ikerketa Sareak maiatzean The Guardian egunkariarekin partekatutako ikerketa batean, Gazako setioko lehen hamabost hilabeteetan Israelek eragindako kalte klimatikoen datuak kaleratu zituen. Horien arabera, Israelgo armadak Gazan egindako erasoetan sortutako karbono aztarna ehun herrialderena baino handiagoa izan zen. Bestalde, ikerketak agerian utzi zuen Israel ibaiak eta lurzorua kutsatzen ari dela, eta, beraz, bertako bizi baldintzak guztiz zapuzten dituela. Eragile askok kalte horiei «ekozidioa» deitzen diote. 

Palestinako Ingurumen Kalitatearen Agintaritzako klima aldaketaren bulegoko zuzendari Hadeel Ikhmaisek esandakoaren arabera, Gazako gatazkan, pertsonak hiltzeaz gain, produktu kimiko toxikoak zabaltzen ari dira, azpiegiturak suntsitzen ari dira, lurzorua, airea eta ura kutsatzen ari dira, eta klima eta ingurumen hondamendiak azkartzen ari dira. «Gerrak klimaren egokitzapena ere suntsitzen du, eta ingurumenaren kudeaketa oztopatzen».

Horren harira, Ikerketa Kazetaritzarako Erreportari Arabiarren elkarteko zuzendari Rawan Damenek Climate Now ekimeneko mahai inguruan esan zuen Israelgo tankeak eta tropak Gazara iritsi, eta zuhaitzak, berotegiak eta etxaldeak erauzten dituztela: «Ez gara bakarrik lagunak eta senideak galtzen ari, baita bertako ekosistema osoa ere».

Beraz, krisialdi humanitarioa areagotzeaz gain, Israelek egunero larriagotzen du munduko krisialdi kilimatikoa. Astrid Puentes, NBE Nazio Batuen Erakundeko kontalari bereziak adierazi zuen Gazako setioak eskualdeko eta mundu mailako giza eskubideak ere arriskuan jartzen dituela, klima aldaketa larriagotzen baitu.

Ikertzaileek kaleratu dutenez, Israelek Gazan —eta Yemenen, Iranen eta Libanon— egindako eraso militarren luzera begirako kostu klimatikoa «2.600 milioi telefono kargatzearen edo 84 zentral elektriko urtebetez martxan jartzearen parekoa da». Beraz, Gazako palestinarrak bortizkeriagatik ari dira hiltzen orain, baina Israelgo armada bertako ekosisteman eragiten ari den kalteek denbora luzez oztopatuko dituzte zerrendako bizi baldintzak. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.