Gutxienez 71 dira dagoeneko Indian hildakoak, tren bat deskarrilatu eta beste baten kontra jo ondoren. 200 baino gehiago zauriturik daude, eta horietako batzuk oso larri. Kolkatatik 135 kilometroetara izan da ekintza, Bengalan. Gertatu eta berehala leherketa bat izan dela esan dute, baina gero sabotajearen ideiak indarra hartu du. "Maoistek sabotajea egin dutela gero eta argiago dago. Inguru hau horien gotorlekua da", azaldu du eskualdeko administrazio nazionaleko buru Ardendhu Senek.
Maoistek egin izan dituzte aurretik trenetan deskarrilatzeak, baina ekintza horien artean hildako gehien eragin dituena da hau. Egunotan greba deialdi bat baino gehiago egin dute gerrillariek Indiako armadak iazko urriaz geroztik abian duen operazio bortitza salatzeko, eta gaurtik bertatik astebetean erasoak gehituko dituztela iragarri dute.
Mugimendu maoistak -naxalitak- 1967. urtean ekin zion borroka armatuari nekazal iraultza komunista aldarrikatzeko, eta egun 6.000 eta 8.000 kide artean ditu gerrillak. Urteotan milaka lagun hil dira borroketan -iaz 591 zibil, segurtasun indarretako 317 kide eta 217 ekintzaile hil ziren-. Indiako Gobernuak Ehiza Berdea operazioa jarri zuen abian iazko urrian, maoisten guneetara milaka soldadu bidaliz. Indiarentzat maoisten mugimendua bilakatu da estatuaren arazorik handiena, Kaxmirkoaren aurretik. Armadaren erasoak handitu ahala maoisten erantzuna ere halakoxea izaten ari da. Gainera, maoisten aldera gero eta nekazari gehiago batzen ari dira, Indiako garapen ekonomikoak gehien jo dituen herritarrak.
mundua
Gerrilla maoistari leporatu diote Indian 71 hildako eragin dituen tren sabotajea
Trenbidetik aterarazi eta beste baten kontra talka egin du trenak, Bengalan. Hildakoez gain, 200 baino zauritu gehiago daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu