Gertuago, baina urrun oraindik

Irango programa nuklearrari buruzko negoziazioak «auzi giltzarrietan» trabatu dira, eta Etxe Zuriak jakinarazi du gaur goizaldera arte luzatu dituztela.Alde biek borondate falta leporatu diote elkarri

John Kerry AEBetako Estatu idazkaria, atzo, atsedenaldi batean, Beau Rivage Palace hoteleko leihotik begira. LAURENT GILLIERON / EFE.
Adrian Garcia.
2015eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Aurrera egin dute, baina «auzi giltzarriak» gainditu ezinik daude oraindik. Behin-behineko akordioa lortzeko epe muga gaindituta, 24 orduko luzapenean desberdintasunetan lokaztu ziren atzo Irango eta 5+1 Taldeko ordezkariak. Edizio hau ixterako, akordiorik ez zuten lortu, baina gutxienez gaur goizera arte negoziatzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuten. «Aurrera goaz, baina ez dugu elkar ulertze politikoa erdietsi», adierazi zien Marie Harf AEBetako Estatu Departamenduko bozeramaileak Suitzako Laussane hirian bildutako kazetariei. Negoziatzen jarraitu zuten atzo gauean.

Laussanen azken bilera sorta hasi aurreko adierazpen baikor oro desagertu zen atzo, eta giroa guztiz ilundu zen bi aldeekborondate falta elkarri leporatu ziotenean. Alemaniako Atzerri ministro Frank-Walter Steinmeierrek ere onartu zuen elkarrizketak hausteko arriskuaz. Etxe Zuriaren arabera, 5+1 Taldea osatzen duten potentziek ez zuten jaso Iranen «beharrezko konpromisorik». Josh Earnest AEBetako Gobernuaren bozeramaileak adierazi zuen prozesua «emankorra» izaten ari dela, baina ohartarazi zuen Washington negoziazio mahaitik altxatuko zela Iranekiko harremana «trabatua» egonez gero.

Irango Atzerri ministro Javad Zarifek «borondate falta» egotzi zion sei potentziek osatutako5+1 Taldeari —AEBak, Frantzia, Erresuma Batua, Errusia, Txina eta Alemania dira talde horretako kideak—. Errepublika islamikoko diplomazia buruak Irna agentziari azaldu zioenez, «bi gai liskartsu» adostu zituzten, baina azken lana malkartsua izaten ari zen, xehetasunei buruzkoa baitzen.

Filtrazioek eta kontraesanezko mezuek giroa nahastu zuten egun osoan, eta hasieratik agerikoak egin ziren zantzu ezkorrak: Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak, Sergei Lavrov Errusiakoak eta Wang Yi Txinakoak bilera utzi zuten herenegun gauean. Frantziako diplomazia burua atzo itzuli zen.

Astearteko bilera goizeko ordu txikitan bukatu ostean, atzo goizean heldu zioten berriro elkarrizketei. John Kerry AEBetako Estatu idazkaria eta Mohammad Javad Zarif Irango Atzerri ministroa zazpigarren egunez jarraian elkartu ziren aurrez aurre. Horiekin batera, Erresuma Batuko eta AlemaniakoAtzerri ministroak ziren maila goreneko ordezkari bakarrak.«Espero dugu akordioa gaur [atzo] lortzea. Elkar ulertzeko testuinguru zabal bat daukagu, baina auzi giltzarri batzuk leundu behar ditugu», adierazi zuen Philip Hammond Erresuma Batuko Atzerri ministroak.

Aldeek ez zituzten alferrik galdu nahi izan azken hamabost hilabeteetan eginiko «aurrerapen nabarmenak», eta, horrenbestez, albiste agentziek filtrazioen bidez jakin ahal izan zutenez, gai sentikorrenak gerorako uzteko aukera zabalik utzi zuten. Alegia, ekainaren 30erako uztea zigorrak altxatzeko abiadura, akordioaren luzera eta uranioa aberasteko prozesuaren inguruko ebazpenak.

Aurreakordioa sinatzeko zailtasunak ikusita, aurrera egiteko eta «fase berri batean» sartzeko, prentsa ohar bateratu bat kaleratzekoak ziren. «Gaigiltzarrietan eginiko aurrerapenen berri emateko»,adierazi zion Abas Araqtxi Irango Atzerri ministrordeak herrialdeko telebistari.

Zenbakiekin bueltaka

Xehetasun tekniko asko kontuan hartu beharrekoak dira auzi nuklearrean, eta horrek zailtzen ditu negoziazioak. Hain zuzen ere, zentrifugatzaileen, instalazioen, akordioaren osteko bermeen eta uranioa aberasteko prozesuen arteko konbinazioa kasik amaigabea da. «Eztabaida zenbakiei buruzkoa da: zenbat zentrifugatzaile, zenbat plutonio atera daitekeen Arak erreaktoretik, zenbat uranio...», esan zion AEBetako diplomazialari batek New York Times egunkariari.

Baina zenbakiena ez ezik, bada beste borroka bat: ideologikoa. Izan ere, Washingtonek eta Teheranek akordioa saldu beharra dute nork bere herrialdean. Kerryk errepublikanoak nagusi diren Kongresuari sinetsarazi behar dio ituna dela Iran bonba nuklearretik desbideratzeko modu eraginkorrena. Bestalde, Zarifen negoziazio taldeak Teherango kontserbadoreak ditu parean, eta nahitaezkoa du bermatzea Iranen ez direla urratzen «eskubide legitimoak».

Horrez gain, zazpi dira negoziazio mahaian dauden herrialdeak, nor bere interes propioekin;5+1 Taldeak ez du beti jarrera bateratua izan. Talde horretako kide diren NBEko Segurtasun Kontseiluko kideek Irani jarritako zigorrei buruzkoa da desadostasun iturri nagusietakoa. NBEk lau zigor sorta ezarri dizkio Iraniazken bederatzi urtean. Mendebaldea tematu da pixkanaka altxatu behar direla. Iranek, berriz, berehalakoan nahi ditu bertan behera. Neurrien eraginean ez, akordioa hautsiko balitz zigorrok berriro ezartzeko zailtasunean datza eztabaida.

Alde bakoitzak muturreraino defendatu nahi ditu bere helburuak, baina, era berean, inork ez du prozesuak huts egitearen erantzule izan nahi. Horregatik, agentziek kontsultaturiko iturri diplomatikoek ez dute baztertu elkarrizketak astea bukatu arte luzatzea.

Zailtasunak zailtasun, Laussanen inork gutxik jartzen du zalantzan akordioa azkenean burutuko zela. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu berak, itunaren etsairik amorratuenak, jarrera leundu eta negoziazioak bertan behera uzteko eskatzeari utzi dio. «Nazioarteak akordio hobe baten alde egin beharra du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.