AEB-AK

Giffords kongresistaren aurkako erasoaren ustezko egilea gaur eramango dute epailearengana

Alderdi Demokrataren ekitaldi batean tiroka ekin eta sei lagun hiltzea egozten diote 22 urteko gazteari. Beste susmagarri baten irudiak ere zabaldu zituen AEBetako Poliziak, baina, hura galdekatu ostean, ziurtatu dute ez duela erasoarekin zerikusirik.

2011ko urtarrilaren 10a
18:43
Entzun
Jared Lee Loughner 22 urteko mutil gaztea gaur eramango dute epailearengana, Euskal Herrian gaueko hamarrak inguru direnean. Bost delitu egotziko dizkiote: Kongresuko kide bat hiltzen saiatzea, bi funtzionario federal hiltzea eta beste bi funtzionario federal hiltzen saiatzea.

Joan den ostiralean, Gabrielle Giffords Kongresuko kide demokrataren kontra tiroka ekin zion gizonezko batek Tucsonen (Arizona), demokraten ekitaldi batean. Legebiltzarkidea larri zauritu zuen, eta, horrez gain, sei lagun hil ziren tiroketan.

AEBetako Poliziak Loughner atxilotu zuen erasoaren egile delakoan, eta, esan bezala, gaur iluntzean eramango dute epailearengana. Hasieran, beste susmagarri baten irudiak ere zabaldu zituzten, baina, azkenean, atzera egin dute arrasto horri dagokionez. Polizia iturriek agertu dutenez, susmagarria bere kabuz joan zen poliziengana, eta, galdekatu ostean, ondorioztatu dute ez duela zerikusirik erasoarekin.

Giffords legebiltzarkideak zauri larria du buruan, baina onera egin du azken orduetan, eta agindu sinpleei erantzuteko gai dela agertu dute haren ingurukoek. Barack Obama AEBetako presidenteak, gertatutakoa gaitzetsi, eta gaur iluntzean minutuko isilunea egitera deitu ditu estatubatuarrak.

Giffordsen aurkako erasoak larridura sortu du AEBetan, eta ezbaian jarri du Tea Partyren inguruko muturreko errepublikanoak demokraten aurka egiten ari diren politika oldarkorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.