mikel rodriguez

Giltza kutxaren sarrailan sartuta

2026ko martxoaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sobietar Batasuneko eliteko ehunka soldadu zeuden esperoan Kabulen, Tajbeg jauregira sartzeko aginduaren zain. 1979ko abenduaren 27a zen, iluntzea. Berrogei minutu inguruan hartu zuten jauregia, eta Hafizullah Amin Afganistango Kontseilu Iraultzaileko burua hil. Hau da, estatu burujabe batek bertze estatu burujabe bateko agintari gorena jo eta bertan hil zuen. Joan den asteburura arte, Aminena zen horrelako hilketa baten azken kasua. Orain, 46 urte pasa geroago, Ali Khamenei Irango lider gorena gehitu da zerrendara. Donald Trump AEBetako presidenteak Pandoraren kutxa ireki ez badu, giltza sarrailan sartu dio, bederen.

NBE Nazio Batuen Erakundea sortu zenetik (1945) orain arte, Aminena zen horrelako hilketa kasu bakarra. Ahalegin anitzen berri ere ez da izan. 1968ko ekainaren 21ean, errate baterako, Ipar Koreako armadako komando bat Seulen infiltratu zen, Park Chung-hee Hego Koreako presidentea hiltzeko, baina ezin izan zuen gainditu Jauregi Urdinetik ehun metrora zegoen kontrol postua. Magnizidioak bai, izan dira mordoxka bat historia hurbilean, baita atzerriko indarren parte hartzea izan dutenak ere. Salvador Allende Txileko presidentearena, adibidez: 1973an hil zuten, AEBen babes osoa izan zuen estatu kolpe batean. 

Historiaren soka hurbilagora ekarrita, bertze bi kasu: Saddam Hussein Irakeko presidentea eta Muammar Gaddafi Libiako buruzagia. Hussein 2003ko abenduan hartu zuten gatibu AEBetako tropek, Irak inbaditu eta bederatzi hilabetera. 2006an exekutatu zuten, Irakeko auzitegi baten aginduz. Gaddafi, berriz, 2011ko urrian hil zuten, ezkutuan eta ihesean zela, haren aurkako matxinada hasi eta zortzi hilabetera. NATOko hegazkinek ihesean zen konboia bonbardatu, eta, ondotik, matxinoek Gaddafi harrapatu zuten, eta han bertan hil. 

Khamenei, ordea, ez dute horrela hil. Ez da Henry Kissinger ibili itzaletan konspiratzen, militarrak konbentzitu nahirik matxinatu daitezen eta barne kolpe bat eman dezaten AEBen laguntzaz baina, munduari begira, AEBen sinadurarik gabe. Ez dute herrialde bat inbaditu eta okupaziopean sistema politikoa aldatu, aitzineko estatuburua sistema berriaren esku utzita hark prozesatu dezan —epaiketa, sententzia eta exekuzioa—; eta ez dute gerra zibil batean airetik esku hartu, lurrean dauden tropa indigenak arduratu daitezen misioa bururaino eramateaz. Pentsa, ez dute ezkutuko hilketa plan bitxi edo burutsuren bat prestatu ere, Fidel Castro Kubako lider iraultzailearen aurka egiteko hamaika aldiz saiatu ziren bezala. Ez, Khamenei egun batetik bertzera hil dute, indar militarrak modu agerian erabilita, mundu osoaren aitzinean. Indar irregularretako buruzagiak hil dituzten bezala hil dute: ez konspiraziorik, ez inbasiorik, ez delegaziozko gerrarik; ekintza zuzen bat baizik. Eta historiak erakusten du estatuek, normalki, ez dutela hori egiten.

Arrazoi batzuk badaude halakorik ez gertatzeko. Estatuetako agintari gorenak dira nazioartean herrialdea ordezkatzen dutenak, erabakiak hartzen dituztenak, bertze agintariekin mahai berean jartzen direnak, edo, jartzen ez badira, mahai horretan negoziatzen dutenen gainean agintzen dutenak. Gerran daudenetan ere, gutxitan jotzen dute zuzenean elkarren kontra, eta zer erranik ez gerran ez badaude, egun batetik bertzera. Hortaz, Trumpek elementu berri bat sartu du nazioarteko jokalekuan —zehazki, Israelek hil du Khamenei, baina nekez eginen zukeen halakorik Etxe Zurian haizea alde izan gabe—: bertze estatuetako agintari gorenak edonoiz paretik kentzea, disimulurik gabe. 

Nicolas Maduro Venezuelako presidentea bahituta ezarri zuen eredua, duela bi hilabete —«agertoki perfektua» deitu dio The New York Times-i emandako elkarrizketa batean—, eta Iranekin bertze pauso bat eman du: agintari gorena hiltzea. Trumpismoaren filosofia betetzen du ekintzak: egin ezin dena egin, eta emaitza berehalakoan erakutsi, ekintza ikusgarria izanik. Eredu bat saldu nahi du, AEBek iraganean egin dituzten konspirazioen, inbasioen eta bertzelakoen aldean eraginkorragoa: buruzagia hilda indar erakustaldia egin, eta herrialde osoa makurrarazi horren bidez. Barren eta izarren banderaz tapatutako hilkutxarik ez horrela —horrek kostu politiko bat izateko arriskua du beti—, eta fisikoki ez ezik ekonomikoki eta politikoki odolusten duen okupaziorik ere ez. Venezuelako «agertoki perfektua».     

Ikusteko dago Iranekin ere lortuko ote duen «agertoki perfektua» izatea berriz ere. Baina  ez du ematen AEBetako presidenteak ezarri nahi duen dikotomiak —agintariak nahieran hiltzea gerra zabalagoen alternatibatzat aurkeztuta— mundua toki seguruagoa bilakatu dezakeenik. Zergatik ez du bihar, adibidez, Etiopiak erabakiko nahikoa pazientzia izan duela Eritreako edo Somaliako agintariekin, eta operazio berezi batean paretik kenduko dituela, kalkulatu duelako horretarako indarra eta abagune politikoa badituela? Edo pentsa halako batean Azerbaijanek erabakitzea Armeniako gobernuburua hil dezakeela, horretarako interesa duelako eta kalkulatzen duelako bizkarra zaindua duela? NBEren Batzar Nagusian ordezkari batek baino gehiagok irribarre urduriz begiratuko liokete elkarri, mahai azpian puntzoi zorrotz banari eutsi bitartean, badaezpada ere.    

Historia ez da lineala izaten, Mendebaldean horrela entenditzen bada ere: Ak ez du beti B ekartzen, eta Bk D. Agian, hemendik 47 urtera estatu batek bertze estatu bateko agintari gorena hilko du, eta Khameneirena oroituko da azken efemeride gisa, orain Aminena oroitu den bezala. Pandoraren kutxa ez da ireki akaso, baina giltzak sarrailan egiten duen soinua aditzen da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA