Politikari polemikoa zen Giulio Andreotti demokristaua. Italiako politika markatu zuen Bigarren Mundu Gerraz gero. Gerra amaitu zenean Italiako Konstituzioa idatzi zutenen artean gazteena izan zen. Hilabeteak zeramatzan erretiratuta, eta presidentearen hautagaitzara ere ez zen joan. Bizi osorako senataria zen, eta zazpi aldiz lehen ministro izateaz gainera, hainbat karteratako ministro ere izan zen.
Hamarkada askoan Demokrazia Kristauaren erreferentea izan zen, garai errepublikanoan nagusi zen alderdiarena, Tangentopoli ustelkeria auzia lehertu zen arte. Cosa Nostra mafia taldearekin zerikusia izateagatik epaitu zuten, 2004an; prozesu luzea izan zen, baina, azkenean, absolbitu egin zuten. Lekuko batek ziurtatu zuenez, Salvatore Toto Rina Costa Nostrako buruzagiari masailean musu eman zion, mafiaren ezaugarri den keinua.
Estatu sekretuak hilobira eramango zituela esan zuen, La Repubblica egunkarian egin zioten elkarrizketan: «Paradisura eramango ditut nirekin. Inoiz ez zait gustatu politika ikuskizun izatea».