Giza laguntzaren banaketa eten dute Gazan

Gaza Humanitarian Foundationen arabera, «eguneraketak» egin behar dituzte, «eraginkortasuna» hobetzeko. Israelek beste 26 pertsona hil ditu zerrendan.

Palestinar batzuk gorpu bat eramaten, atzo, Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE
Palestinar batzuk gorpu bat eramaten, atzo, Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE
Igor Susaeta.
2025eko ekainaren 4a
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gazatarrek ez dute giza laguntza jasotzeko modurik edukiko gaur. Izan ere, hori banatzeaz arduratzen den elkarteak, GHF Gaza Humanitarian Foundationek, jakinarazi du banaketa etengo duela, argudiatuta «eguneraketak» egin behar dituztela, «eraginkortasuna» hobetzeko asmoz. Sare sozialen bidez adierazi duenez, bihar dira berriro laguntza humanitarioa banatzen hastekoak.

Banaketa guneetako batean Israelgo armadak 27 palestinar hil eta ordu batzuetara iritsi da iragarpena; besteak beste, Gurutze Gorriak ere baieztatu zuen kopuru hori. Atzo tiroz egindako eraso hori justifikatu zuen armadak, baina, eta esan zenbait palestinar «modu susmagarrian» hurbiltzen hasi zirela soldaduengana, eta «mehatxu» horren aurrean erantzun zutela.

Ia hiru hilabeteko blokeoaren ondoren, Israelek joan den astearen hasieran baimendu zuen laguntza humanitarioa berriro zerrendan sartu ahal izatea, eta lau gune ezarri ditu zerrendaren luze-zabalean. Horrek milaka pertsona desplazatzera behartzen ditu, janaria lortzeko. Banaketaz, ordea, ez dira NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziaz edo horretan espezializatutako GKE gobernuz kanpoko erakundeak arduratzen, baizik eta AEBen eta Israelen babesa duen talde bat, zeina, besteak beste, AEBetako militar ohiz eta mertzenarioz osatua dagoen. Atzo iragarri zuten Johnnie Moore dela erakunde horren presidente berria; Donald Trump AEBetako presidentearen gertuko enpresari bat da.

Soberakinak jaten

NBEren idazkari nagusi Antonio Guterresek, hain justu, atzo banaketa guneetako batean gertatutako hilketari buruzko «ikerketa independente bat» eskatu zuen. Joan den astean banaketari ekin ziotenetik, Israelgo armadak 102 palestinar hil ditu guneen bueltan. Datu hori eman zuen atzo Hamasek; armadaren arabera, ordea, talde islamista «esajeratzen» ari da. Bien bitartean, MEP Munduko Elikadura Programak salatu du elikagai eskasiaren ondorioz zaborretan topatutako janari soberakinak eta produktu iraungiak ari direla jaten gazatarrak. «Familiek ez dute beste baliabiderik, eta [kontsumo] horrek gaixotasun larriak eragin ditzake», salatu du NBEren agentzia horrek gaur, sare sozialetan.

Eta hori guztia gutxi balitz bezala, Israelek zerrenda gupidarik gabe bonbardatzen segitzen du. Al-Jazeera hedabideak zerrendako osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez, Israelek gutxienez 26 pertsona hil ditu gaur Khan Yunisen, Jabalian eta Gaza hirian egindako aire erasoetan. 2023ko urriaren 7an Gazako setioa hasi zuenetik, 54.000 palestinar pasa hil ditu.

2023ko urritik, 71 preso palestinar hil dira israelgo kartzeletan

Israelek atxilo zuen 70 urteko preso palestinar bat hil da gaur, Palestinako Presoen Elkarteak jakinarazi duenez. Hala, 71 dira 2023ko urriaren 7tik Israelgo espetxeetan hil diren palestinarrak; horietatik 45, Gazan atxilo hartutakoak. Wafa Palestinako berri agentziaren arabera, 1967tik preso gehien hil diren denbora tartea izan da azken urte eta erdi pasa hau. Kontuan hartu behar da azken 30 urteetan 308 palestinar hil direla Israelgo ziegetan; horien ia laurdenak, azken 21 hilabeteetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.