Ustez kurduak Erresuma Batuan sartzen aritzen ziren 19 pertsona atxilotu zituen atzo Poliziak, Londresen eta Linconshiren. Gizakiekin trafikatzea eta Erresuma Batuan 200.000 etorkin inguru sartzea leporatu zieten. Zeru Urdina izeneko operazioan Europako sei herrialdetako poliziak aritu dira lanean: Erresuma Batukoak, Italiakoak, Herbehereetakoak, Danimarkakoak, Frantziakoak eta Belgikakoak.
Etorkinak hogei bat laguneko taldetan sartzen zituztela uste du Poliziak. Autoetan, furgonetetan, kamioietan eta hegazkinetan eramaten zituzten haraino. Kurdistandik hartzen zituzten eta etorkinek 3.000 eta 5.000 libera esterlina artean ordaindu behar izaten zituzten, hilabeteak irauten zuen bidaia egiteko. Denbora horretan trafikatzaile ugariren eskuetatik igarotzen ziren eta etxeetan ezkutatzen zituzten, Erresuma Batuan sartzeko aukera iristen zen arte. Baldintzak txarrak ziren oso. Immigrazioarekin lotutako delituengatik atxilotu zituzten sei pertsona; bi ikerketa oztopatzeagatik; bi lapurretagatik; zortzi etorkinak ezkutatzen laguntzeagatik; eta bat dirua zuritzeagatik.
«Lan kaskarrak»
Etorkin gehienek gutxi ordaindutako lanak aurkitzen zituzten, Londresko komunitate turkiarraren laguntzarekin. Haien bidez diru mordoa lortzen zuten trafikatzaileek, eta horren zati bat kafetegiak edo antzeko negozioak irekitzeko erabiltzen zuten.
Atxiloketak egin zituen taldeko buru Bill Skellyren esanetan, Erresuma Batuko ikerketa nazioarteko operazio baten zati da. «Polizia Metro- politanoak egin duen mota honetako operaziorik handiena izan da hau». Haren esanetan, azken bi urteetan Europan zehar atxilotutako beste 20 pertsonak emandako informazioari esker atzeman ahal izan zuten trafikatzaile taldea. «Giza trafikoarekin lotutako delituengatik atxilotzen ditugunek bi urte eta hamar urte arteko kartzela zigorra jaso ohi dute».
ERRESUMA BATUA
Giza trafikoan aritzea leporatuta, 19 pertsona atxilotu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu