Gobernu ahul bat edo ezkerrari agintea ematea, airean Portugalen

Cavaco Silva presidenteak ez du argitu noiz hautatuko duen lehen ministroa

Gobernu ahul bat edo ezkerrari agintea ematea, airean Portugalen.
Xabin Makazaga.
2015eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Ezkerreko indarren elkartze bat Portugal gobernatzeko, aritmetikak bai baina 40 urteko jardun politikoak ezinezko egiten zuen aukera, gauzatu egin dute PS Alderdi Sozialistak, BE Ezkerreko Blokea mugimendu marxistak eta CDU koalizioak, Alderdi Komunistak eta Berdeek osatuak. Gobernu akordio bat ixtera ez dira iritsi, baina komunistek eta marxistek babesa agindu diote Antonio Costa buruzagi sozialistari lehen ministro izateko. Ezkerreko hiru indarren artean 122 parlamentari dituzte 230 eserlekuko ganberan. Gehiengo osoak ez die, baina, gobernatzeko bidea segurtatzen.

Anibal Cavaco Silva presidente kontserbadorearen eskumena da Portugalen gobernua osatzea nori agindu. Bart azken orduan oraindik ez zuen argitua noizko har zezakeen erabakia, eta ezkerreko alderdiek gobernua osatzeko negoziazioekin jarraitzeko asmoa adierazi zuten. Zentro-eskuineko PSD Alderdi Sozialdemokratak eta CDS-PPk osatutako koalizioak irabazi zituen urriaren 4ko hauteskundeak, baina PaF Portugal Aurrerak 107 eserleku baino ez zituen lortu: ezkerrak baino gutxiago, beraz.

Gehiengorik gabe eta babesa emango dion indarrik aurkitu ezinean, PSrekin bigarren bilerarako hautsi baitzituen negoziazioak Passos Coelhok, Portugalgo presidenteak ezkerreko gehiengoaren aukerari muzin egin —ez du batere gustukoa— eta eskuina gutxiengoan gobernatzen jarri dezake, aginteak zenbat iraungo duen batere segurtasunik gabe.

Egonkortasunik eza eragingo luke Passos Coelhori gutxiengoan lehen ministro kargua emateak, presidentearen bermea izanagatik gero parlamentuan gehiengo baten babesa beharko baitu gobernatzen hasteko. Ezkerreko indarrek jada iragarri dute PSD eta CDS-PPren balizko gobernu baten kontrako ezespen botoa, eta, hori gertatuko balitz, bi aukera izango lituzke Cavaco Silvak: PS buru izango duen hiruko gobernu bat onartu, edo Passos Coelho jardunean utzi 2016ko maiatza amaitu arte, orduan berriro hauteskundeetara deitzeko.

Passos Coelho eta Paulo Portas CDS-PPko burua ezustean harrapatu ditu Portugalgo ezkerrak egin duen biratze politikoak, orain arte inoiz ez baitira akordio bat lortzeko gauza izan, eta PS agintera iritsi izan denean bakarrik gobernatu baitu. Hauteskundeak irabazi gabe Antonio Costak ez daukala lehen ministro izateko «zilegitasunik» esan zuen atzo Portasek.

Komunisten babesa

PS Alderdi Sozialista Portugalgo komunistek ez dute indar kontserbadoreak baino askoz gustukoagoa izan, baina, orain, Antonio Costaren hautagaitza babesteko prest agertu dira. Ezkerreko hiru indarren artean akordio baterako «oinarri sendoak» daudela esan zuen herenegun Costak, eta Ezkerreko Blokeko buru Caterina Martinsek ere prestasuna agertu zuen indarrak batzeko: Passos Coelho lehen ministro izendatzea «denbora galtzea» litzatekeela esan zuen.

PSk gidatutako gobernu baterako argia atzo eman zuen Jeronimo de Sousa buruzagi komunistak. Cavaco Silva presidentearekin bildu, eta irtenbide «iraunkor» bakarra ezkerreko gobernu bat dela esan zion: «Gehiengo bat badago gobernua osatzeko moduan, Alderdi Sozialistaren ekimenez».

Komunistak Portugal eurogunetik atera eta Europako Batasunetik ezarritako zorpetze debekua haustearen aldekoak dira, baina eskakizun horiek ez dituela aintzat hartuko hitzeman du PSko buruzagiak. Costarekin hitzartu dute gutxieneko soldata 505 eurotik 600 eurora igotzea eta erretreten eta funtzionarioen soldaten murrizketak amaitzea. Blokeak ere bazter utzi ditu bere aldarrikapen muturrekoenak, onartuta ezin diola PSri bere programa «inposatu», eta zorra berriro negoziatzea eta lana, soldatak eta erretiroko sariak mantentzeko plana martxan jartzea bihurtu ditu gobernu programa bat hitzartzeko helburu.

Ezkerreko alderdi bakoitzak berretsi beharko luke akordio hori, baina, horretarako, Cavaco Silvak hautua egin behar zuen bart: eskuineko gobernu ahul bat, Passos Coelhorekin, edo ezkerrari agintea eman, Costarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.